Maryk bere idazle-lana betez gero nik neure irakurle-lana beteko nuela erabakita, orria pasatu, eta zera irakurri nuen… Barkatuko didazue eten zakar hau. Ez da ba gizonik egongo aretoan? Zin egiten didazue gortina gorri horren atzean ez dagoela sir Charles Bironen irudia ezkutatuta? Ziurtatzen al didazue hemen bildutako denak emakumeak garela? Hala bada, hona hemen irakurri nituen hurrengo hitzak: «Chloek gogoko zuen Olivia…». Ez zaitezte ikaratu. Ez zaitezte lotsagorritu. Hementxe, geure artean gaudela, onar dezagun halakoak gertatzen direla tarteka, batzuetan emakumeek gogoko izaten dituztela beste emakume batzuk.
Ia salbuespenik gabe gizonekiko erlazioan gizonekiko erlazioan agertzen dira emakumeak beti. Bitxia da jabetzea nola, Jane Austenen garaira arte, literaturako emakume gailen guztiak gizonen begietan ez ezik, haiekiko erlazioan baino ez diren agertzen
«Chloek gogoko zuen Olivia», irakurri nuen, eta sekulako aldaketa iruditu zitzaidan. Chloek Olivia gogoko zuen Iehenbiziko aldiz literaturaren historian, beharbada. Kleopatrak ez zuen Oktavia gogoko, eta Antony and Cleopatra guztiz bestelakoa izango zen hala gertatu balitz! Hala izanik, pentsatu nuen, gogoa Life’s Adventuretik zertxobait urrunduz, soildu egiten da kontu guztia, eta zentzugabeki konbentzionala bihurtzen dela esatera ere ausartuko nintzateke. Kleopatrak Oktaviarekiko zuen sentipen bakarra jelosia zen. Ni baino altuagoa ote da? Nola orrazten du ilea? Antzezlanak ez zuen noski askoz gehiagorik beharko. Baina askoz interesgarriagoa izango zen bi emakumeen arteko erlazioa korapilatsuagoa izan balitz. Emakumeen arteko erlazioak, pentsatu nuen, literaturako emakumeen galeria oparoa gogora ekarriz, sinpleegiak izaten dira: alde batera uzten dira gauza asko eta asko, azaltzen saiatu ere egin gabe. Eta han hasi nintzen nire irakurraldietan bi emakumezko elkarren laguntzat aurkezturik datozen kasuen bila. Bada horretarako saio bat Diana of the Crosswaysen. Racineren liburuetan eta greziar tragedietan ere lagun minak agertzen dira, noski. Ama-alabak ere aurkitzen ditugu tarteka. Baina ia salbuespenik gabe gizonekiko erlazioan gizonekiko erlazioan agertzen dira emakumeak beti. Bitxia da jabetzea nola, Jane Austenen garaira arte, literaturako emakume gailen guztiak gizonen begietan ez ezik, haiekiko erlazioan baino ez diren agertzen, ikusirik halakoek puska txiki-txiki bat baino ez dutela hartzen emakumeen bizitzan eta gizon batek ezer gutxi jakin dezakeela horri buruz, sexuak sudur gainean jartzen dizkion betaurreko beltz edo arrosen atzetik begiratzen duelarik. Horri zor zaio beharbada literaturako emakumeen izaera berezia: ederretan ederrenak eta zatarretan zatarrenak dira, jainkosa zerutiarrak edo deabruaren pareko izaki doilorrak… Halaxe ikusten dituzte haien maitaleek, beren maitasunaren neurriaren, beren zorion edo zoritxarraren arabera. Gauzak ez dira horrela XIX. mendeko eleberrietan, jakina. Testu horietan askoz toles eta ñabardura gehiago dituzte emakumeek, eta konplexuagoak dira. Emakumeei buruz idazteko nahia izan zen gizonak drama poetikoak baztertzera bultzatu zituena, beren bortitzean ez baitziren batere egokiak emakumeentzat, eta, hala, eleberria asmatu zuten, ontzi egokiagoa zelakoan. Hala eta guztiz ere, oraindik ere nabarmen-nabarmena da, Prousten testuetan bertan ere, zeinen ezagutza mugatu eta partziala duten gizonek emakumeei buruz, eta emakumeek gizonei buruz.
Virginia Woolf
Gela bat norberarena (Consonni, 2013), Maria Colera Intxaustik euskaratua
