Kritika atzetik dator eta literatur kreazioa aurretik

Beste auzi batetara jo dezagun: kritika. Beharrezkoa al da? Ba al dago kritikarik? Nolakoa behar luke?

Beno, dudarik ez dago beharrezkoa dela, eta kritikaz idazteko gogoa badaukat ez dakit noiz. Behin eta berriro agertzen ari da kritikarik ez dago roilo hori. Eta hau aurretik esan beharra dago. Euskal Herrian kritikarik badago, eta proportzioan, ez lehenago baino gutxiago eta ezta tokatzen zaiguna baino askoz gutxiago, nahiz eta hau oso zaila izan neurtzeko. Eta gainera, kritika modu askotakoa dago. Beste gauza bat esan nahi nuke: kritikak ez du, beharbada, lehenago batetan izan duen pisu edo argitasun hori hartzen. Bainan lehen egiten zen kritika nolakoa zen? Konpromisozko edo situaziozko kritika pilo baten artean, kritika inportante batzu agertzen dira, baten batzu. Baina kritika horien inportantzia ez dago balio literarioan, linguistiko edo sozialean baizik. Kontutan izan orduan zegoela batasunaren auzia, garbi-mordoilo, kaleratu beharra, etabar. Kuriosoa da garai hartan linguista on bat —Mitxelena alegia— izatea kritikorik onena. Bainan kritika modu hura gaur egun aplikaziorik gabeko kritika izango litzateke ehuneko larogeitamarretan.

Eta gaurko literatur kritika?

Gaur egiten den kritika modua —erabat ezberdina— ez dago pentsatzerik hango moduarekin edo orduko estiloarekin bete litekeenik. Gaur egiten den kritika raso beste gauza bat da, eta estrikto izan nahi badugu, gaur egiten da literatur kritika eta ez orduan.

Baldin eta balego krisirik literaturan eta kritikan, zein erlazio legoke bion artean?

Hor, badirudi gaur egun honakoa sujeritu nahi dela. Lehen literatura ongi zebilen kritika on bat zegoelako, eta gaur literatura gaizki dabil kritikarik ez dagoelako, eta badirudi hor lotura kausal bat jarri nahi dela batetatik bestera. Eta hori bai iruditzen zaidala orga behiaren aurretik jartzea. Kritika ez da inoiz literaturaren gidari, eta ez da izango sekula santan. Kritika atzetik dator eta literatur kreazioa aurretik.

Joxe Azurmendi

«Joxe Azurmendi solasean», Susa, 4. zenbakia, 1982ko uztailean