Deabruaren eskolari buruz
Testu ederrak irakurtzeko leku bat. Literaturaren itsaso zabalean topatzen dugun edertasuna konpartitzeko proiektu bat. Gustatzen zaizkigun testuak hautatu ditugu, ederrak eta edertasunaren aldekoak, humanoak eta humanitatearen aldekoak, ezagutzaz beteak eta ezagutzaren aldekoak. Batzuk osorik daude eta beste batzuetan amua baino baino ez dugu bota, baina denetan seinalatu dugu testuaren jatorria. Gizalegeak agintzen duelako eta irakurri nahi duenak, irakurtzen jarrai dezan nahiko genukeelako. Gure asmoa ez da besterik ez bada irakurzaletasuna sustatzea eta literaturaren ezagutza zabaltzea.
Hautatu ditugun testuak iraganekoak dira askotan, baina ez beti. Elkarrizketak batzuetan, baina ez soilik. Fikziozkoak sarritan, baina ez halabeharrez. Gure ustez denak dira ederrak eta denak dira edertasunaren aldekoak. Ondo esanda dauden testuak gustatzen zaizkigu, ondo idatzita daudenak, gauza onak esaten dituztenak eta ondo dagoenaren aldekoak.
Edertasunaren jauregi infernaletan denok gara libreak. Sartu zeure borondatez, irakurle, literaturaren suak pizten dituzten labeen erreinura.
Zure testu edo irudi bat ikusten baduzu eta nahiago bazenu Deabruaren Eskolan argitaratuta ez balego, idatziguzu, mesedez, eta berehala kenduko dugu. Beste edozer nahiko bazenu ere, idatzi.
Si ves algún texto o imagen tuya que preferirías que no estuviera publicado aquí, no dudes en escribir a Deabruaren Eskola y lo despublicaremos inmediatamente. No dudes en escribirnos para lo que necesites.
Si vous trouvez un contenu qui vous appartient et que vous ne souhaitez pas qu’il soit publié sur Deabruaren Eskola, écrivez-nous et nous le supprimerons immédiatement. N’hésitez pas à nous contacter en cas de besoin.
If you see any text or image of yours that you would prefer not to be published here, do not hesitate to write to Deabruaren Eskola and we will unpublish it immediately. Do not hesitate to write us for what you need.
Axular eta Deabrua
Sarako herritar zaharrenek Jose Migel Barandiaran etnologoari kontatu ziotenez, Axularrek jakituria guztia Deabruari zor zion. Deabruak Salamankako leize batean zuen unibertsitatean, Axular mota guztietako zientzia ilunetan lizentziatu zen. Harixe esker lortu zuen halako erudizioa eta oratoriarako etorria; hainbesterainokoa, non Sarako eliztarren oroimenean mendez mende bizirik iraun baitzuen. Ordain gisa, Deabrua haren itzalaren jabe egin zen, eta hil zen egunera arte, itzalik gabe bizi beharra sufritu behar izan zuen Axularrek
Zubia non, legenda han
Euskal Herrian hainbat dira bertako zubiaren bati deabruarena deitzen dioten herriak. Durango eta Kaxtrexana, Bizkaian. Bidarrain eta Irunberriko arroilan, Nafarroan. Jose Migel Barandiaranek eta Resurreccion Maria Azkuek bildutako kontakizunak antzekoak dira leku guztietan. Beti agertzen da ibaia zeharkatzearren deabruari arimaren truke apustu egiteko prest dagoen euskaldun deabru bat, eta beti apustua galtzen duen deabru lar euskaldun bat, goizaldearen lehen argiarekin ihes egiten duena, zubiaren azken harria eskuan duela. Ez dela lan erraza zubiak egitea, akaso hori da legendetan esaten zaiguna. Baina ez da esaten zaigun bakarra. Deabrua gure alde badugu, deabrukeria dirudien ingeniaritza lan hori egin daitekeela ere esaten zaigu, egunero zeharkatzen ditugun zubi bukatugabeak dira mirari horren lekuko. Edo hori da, behintzat, eskolakideok pentsatu nahi duguna. Deabruaren Eskolaren helburu nagusia deabruaren zubiak eraikitzea da. Ahal diren guztiak. Zenbat eta gehiago, hobe. Denboraren korronteetan zehar, belaunaldiz belaunaldi, irakurleen eta sortzaileen arteko harremanei zor die literaturak bere sua eta bere ura. Haientzat eraikiko dugu gauero zubia, deabruak bezala, hel daitezen denak zugana eta hel zaitezen zu zeu ere gugana. Egin dezagun elkarrekin Deabruaren Eskola. Eta bere obra ez bada, bai bere lana.