Zer da Leizeko Eskola?

Deabruak bere kabuz ikasi behar izan du dakien guztia baina eskolabideok ez daukagu Infernuko Printzearen jeinurik eta, tarteka, leizezuloren batean bildu behar izaten dugu, ikasi duguna elkarri kontatzeko, Axularrek berak Salamancako kobazulo batean egin zuen bezala.

Testuak ahal bezain ondo egiteko, ulertzeko eta aztertzeko zabalduko dugu, tarteka, Leizeko Eskola. Non eta noiz batzen den jakin nahi baduzu, norentzat eta nola, eman izena Deabruaren Eskolaren email zerrendan eta jarraitu gure nobedadeak webgunean. Ez daukagu programazio jarraiturik. Eskolak emateko jende egokia daukagunean deituko ditugu eta denboraz jakinarazi dugu non eta noiz batuko diren eskolakideak eta eskolakideekin batera Deabruak baino gehiago dakitenak.

«Euskal literaturaren historia sobrenatural bat», Deabruaren Eskolaren lehen ikus-entzunezkoa

  • Deabruaren Eskolak bere lehen ikuskizuna sortu du, Irati Jimenezek gidatutako saioa, abadeen literatura pobre baten ordez, akelarrearen literatura boteretsu bat deskubritzera animatzen gaituena
  • Emanaldiaren oinarrian, Jimenezek idatzitako Begiak zabalduko zaizkizue saiakera literariorako egindako lana dago, Mikel Sotoren laguntzarekin ikus-entzunezko emankizun bihurtu dutena. Ohi bezala, Esteban Montorio Montirena da espektakuluaren kartela
  • Donostian estreinatu zen 2021eko azaroan, Literaktum jaialdiaren baitan, eta datozen hilabeteotan Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Azkoitian ikusi ahal izango da

Julio Cortazarren liburutegirako donazioa egin du Deabruaren Eskolak Juan March Fundazioan, euskal idazleen eta itzultzaileen izenean

  • Deabruaren Eskolako Irati Jimenez, Mikel Soto eta Esteban Montorio izan ziren donazioa egin dutenak eta ondoan izan zituzten Harkaitz Cano eta Jon Alonso idazleak, Julio Cortazarren irakurle, itzultzaile eta jarraitzaile sutsuak
  • Juan March Fundazioaren liburutegiak duen «La Biblioteca invita» programaren baitan egin zen ekitaldia, Etxepare Institutuak euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko jarduerak bultzatzeko duen diru-laguntzen bidez lagundua.