«Euskal literaturaren historia sobrenatural bat», Deabruaren Eskolaren lehen ikus-entzunezkoa
Abadeen eta sorginen herria, Elizaren eta Akelarrearen botereak konbinatzen dituen literatura sobrenatural bat
Jimenezek prestatutako gidoi literarioaren gainean Mikel Sotok atondutako irudi eta soinuen muntaiak denbora eta itsasoetatik bidaia egitera gonbidatzen gaitu, ordu betez, butakatik mugitu gabe. Mendeetan zehar, gure literaturaren irudi desitxuratua jaso dugu. Behin eta berriz esan zaigu, ezagutzarik gabe baina mespretxu handiz, abadeek idatzitako literatura pobre bat izan dugula, hainbestetan, gerorrek ere sinetsi eta horixe errepikatzen amaitu dugula. Baina Euskal literaturaren historia sobrenatural bat proiektuak gure literatura hori baino gauza askoz interesgarriagoa dela erakustera dator: «Euskal literaturaren botereaz jabetu gaitezen, eta orain arte ezezagunak zitzaizkigun lurraldeak deskubritzerakoan, bere edertasun hordigarriak liluratu gaitzan».
«Euskal literaturaren historia bat kontatu digute» –dio Jimenezek–: «Gure literatura apaizen literatura bat dela esan digute, pobrea, urria, zaila, atzerakoia eta aspergarria, eta historia hori ez dut esango gezurra denik, baina ez dut uste historia hori egia denik». Errealitatea askoz interesgarriagoa dela erakusteko bidaia bat egitera gonbidatzen gaitu Deabruaren Eskolak, euskal literaturaren historia ezagutu dezagun eta bere edertasunaren aurrean errenditu gaitezen. Izan ere, «liburu boteretsuetatik gatoz, oso literatura magikoa daukagu eta horrek esan nahi du badagoela gugan ezkutuko botere bat, eta badaukagula gure baitan ikusten ez dugun magia asko». Botere hori eta magia hori errebelatu nahi ditu Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizunak literaturaren bidez. «Abadeen eta sorginen herria izan garelako daukagu oso literatura berezi bat, Elizaren eta Akelarrearen botereak konbinatzen dituen literatura sobrenatural bat».
«Begiak zabalduko zaizkizue» oinarri
«Begiak zabalduko zaizkizue», esan zion sugeak Evari bere aitak debekatutako sagarra hartzeko esan zionean, eta Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) deitzen da Irati Jimenezen azken liburua, literaturaren botereez konbentziturik idatzitako saiakera literario pasionatua. Prosa literario bizidun lan mardul honetan, euskal literaturaren azterketa sakona egin du mundakarrak, eta literaturaren zeremonian parte hartzen duten guztiei ariketa literarioa hobeto ulertzeko, baloratzeko eta egiteko tresnak eskaintzen dizkie. Urteetako ikerkuntza lana biltzen duen obra hori oinarri hartuta osatu dute Sotok eta Jimenezek Euskal literaturaren historia sobrenatural bat.
Ikuskizun historikoa eta historiarako argazkia
2021eko azaroan Literaktumen estreinatu zuen Deabruaren Eskolak bere lehen ikuskizuna, eta euskal literaturaren historia mirari txikiek osatzen dutela frogatu zuten bertara hurbildu ziren gure literaturaren belaunaldi ezberdinetako idazleek. Izan ere, oroitzapen goxoaz gain, gurean hain urriak diren historiarako argazki horietariko bat utzi ziguten bertaratu ziren Joxe Austin Arrietak, Mikel Hernandez Abaituak, Harkaitz Canok, Xabier Mendigurenek, Mikel Lasak eta Irati Jimenezek.
Hurrengo saioak: Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Azkoitia…
Donostiaren ondotik, Hego Euskal Herriko hiriburuetan emango da ikuskizuna eta, ondoren hainbat herritan:
-
Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean, otsailaren 20an
-
Bilbon, Itsasmuseumen, Loraldiak antolatuta, martxoaren 17an
-
Iruñean, Condestable Jauregian, apirilaren 5ean
Ikuskizunaren teaserra
Azpian duzu ikuskizunaren teaserra den bideoa, gure literaturaren ahalak igartzen eta gozatzen has zaitezen.
Informazio gehiago nahi baduzu edo ikuskizuna zure herrian eman nahi baduzu…
Idatzi deabruareneskola@gmail.com helbidera.