Julio Cortazarren liburutegirako donazioa egin du Deabruaren Eskolak Juan March Fundazioan, euskal idazleen eta itzultzaileen izenean

Joan den abenduaren 9an, March Fundazioaren esku utzi zituen Deabruaren Eskolak azken hilabeteotan bildutako lanak, Julio Cortazarrek euskal literaturan izan duen eragina erakusteaz gain, Cortazarri zor zaion mirespena aitortzen dutenak; itzulpenak, artikuluak lan akademikoak, saiakerak eta narratibaren arlokoak, euskal egileen artean bildutakoak eta egileek beraiek Cortazarri eskainitakoak. March Fundazioaren izenean bertan egon ziren liburutegiaren zuzendari Luis Martinez Uribe eta Cortazarren literaturan aditu den Celia Martinezek, eta gonbidatu berezi batek ere hartu zuen parte Alejandra Bernardezek, liburutegiaren donazioa egiteaz gain, Julio Cortazarren lehen emaztea izan zen Aurora Bernardezen ilobak.
Hala, bada, liburutegiko arduradunek Cortazarren liburutegi pertsonalaren hainbat lan hautatu zituzten lagin erakusgarri gisa: Edgar Allan Poeren ipuinak itzultzeko erabili zituen ingelesezko liburuak; Cortazarren La vuelta al día en ochenta mundos lanaren lehen edizioaren ale bat; Luis Cernudaren La realidad y el deseo poemategi kuttuna, Parisera bizitzera joan zenean berarekin eraman zuena; Cortazarrek itzulitako Robinson Crusoeren lehen edizioaren alea; Marguerite Yourcenarren Mémoires d’Hadrien, Cortazarrek frantsesezko itzulpena egiteko erabili zuena, eta beste hainbat eta hainbat liburu, idazlearen inpresio intimoak ezagutzeko aukera ematen duten oharrekin eta azpimarrekin, eta beste hainbat idazlek egindako eskaintzekin. Besteak beste, Jose Lezama Limak 1966an Cortazarri bidalitako Paradisoren alea, idazle kubatarraren eskaintza honekin:
«Nire lagun Julio Cortazarrentzat, zure Rayuela zoragarria jaso dudan egun berean, nire Paradiso bidaltzen dizut. Ia elkar tratatu ez badugu ere, zure eta nire artean maitasun handi bat dago; batzuetan euskal arbaso komunari egozten diot, baina beste batzuetan biok ikastetxe berean ikasi izan bagenu bezala iruditzen zait, edo auzo berean bizi izan bagina bezala, edo gutako batek lo egiten duenean, besteak beilatzen eta izar onean irakurtzen duela».
Mikel Sotok hitza hartu zuen Deabruaren Eskola eta ekimena aurkezteko, ondoren, Irati Jimenezek ekimenaren helburua azaldu zien bertaratutako lagunei eta eramandako euskal liburuetan Cortazarren eragina azaldu zuen, «idatzizko ahozkotasun berri bat zor dio gaztelaniak, iraultzaile izan zen, malgutasuna ekarri zuen, torlojuak kendu zizkion literaturari eta bide bat erakutsi zion baita euskal literaturari ere, eta horrenbeste torloju askatu beharrean gauden euskaldunoi». Cortazarri idatzitako gutuna irakurri zuen gero Harkaitz Canok, behin baino gehiagotan bertaratutakoen barreak eragin zituena. Madrilerako trenean, eskuz idatzitako zerrenda baten bidez, Cortazarren literaturarekin zorra aitortu zuen Canok, eta Cortazarren estiloan egin zion omen, beste ezeren aurretik «zerrendak egitearen plazera» eskertuz. Jon Alonsok, berriz, March Fundazioko liburutegiko aleetan egindako eskaintzetatik abiatuz, Cortazarren eraginari buruz hitz egin zuen, bere eta beste hainbeste euskal idazle eta itzultzaileen izenean esker ona adieraziz.
Liburutegiko arduradunek eskerrak eman zizkieten euskal idazle eta itzultzaileei beren keinuagatik. Ondoren, Julioren lanari eta bizitzari buruzko elkarrizketa bizia izan zen denon artean, Celia Martinezek, hizketagaiaren arabera, liburu ezberdinak erakusten zituen bitartean. Azkenik, Alejandra Bernardezek Cortazarren «Nocturno» poema irakurri zuen ekitaldiari amaiera emanez.

Itzela da Cortazarren itzala euskal literaturan

Idazle gutxik izan dute Julio Cortazarrek izan duen eraginaren parekorik XX. mendeko nazioarteko literaturan, gaztelaniazko literaturaren historian eta fikzio laburraren historian. Argentinarrak formatu, hizkuntza eta teknika narratiboen berritzaile gisa egindako ekarpena berdingabea da, eta garrantzi erabakigarria izan zuen Latinoamerikako literatura nazioarteko literatur narratibaren abangoardian jarri zuen sormen eztanda harrigarrian. Cortazarrek leihoak kalera zabalik idazten jakin zuen, gaztelera bizi-bizi batean, eta honela lortu zuen gaztelaniazko ipuin-bildumarik garrantzitsuenetariko bat idaztea. Bere burua analisi intelektualerako gaitasun gutxikotzat eta, batez ere, intuitibotzat jotzen zuen beti, baina funtsaren eta formaren, errealismoaren eta fantasiaren, poesiaren eta prosaren, edo konpromisoaren eta artearen arteko aurkakotasun binarioak gainditzen dituen pentsamendu literario bat zor diogu, sormen literarioaren kale itsu bihurtzen diren eztabaida antzuetatik askatu zuena.
Euskal literaturari dagokionez, itzela da Cortazarrek gure artean izan duen itzala. Hainbat dira argentinarraren maisugintza aitortu duten idazleak eta bere euskal sustraietatik eta abizenetik haratago, leku berezia dauka gure idazleen obran eta gure arbasoen gelan.
Hori dela eta, 2021eko otsailaren 12an, Julio Cortazarren heriotzaren urtemugan, Deabruaren Eskola Kultur Elkarteak dei egin zien idazlearen eraginaren bat zituzten lanen egileei, haren itzultzaileei, hari buruz idatzi duten idazleei eta era horretako lanak argitaratu dituzten editore eta argitaletxeei eskolarekin harremanetan jartzera, liburu zerrenda ahalik eta zabalena osatu ahal izateko. Orain arte, liburutegi horretan euskarazko bi liburu zeuden: 1992an Gerardo Markuletak itzulitako eta Ibaizabalek argitaratutako Oktaedroa eta 1994an Markuletak berak itzulitako eta Ereinek argitaratutako Hegoaldeko autobidea, Cortazarren Octaedro eta La autopista del Sur lanen itzulpenak.
Ekimenaren helburua, lehenik, Cortazarrekin zerikusia duten euskarazko lanen eta euskal egileen lanen ahalik eta zerrenda luzeena osatzea zen eta, bigarrenik, zerrenda horretako liburuak bildu eta fundazioaren eskuetan jartzea. Euskal idazleen, itzultzaileen eta editoreen erantzuna zirraragarria izan da, eta euskal literaturazaleen hainbat belaunaldiren liburuak eta lanak bildu ditugu eta horietako askok Julio Cortazarri eskaini dizkiote beren lanak. Dokumentu honen amaieran, Deabruaren Eskolak liburutegiari emandako lanen zerrenda dago.
Modu honetan, euskal literaturak publikoki aitortu du Cortazarrekin duen zorra eta kitaezina den zor hori apaltasunez ordaintzeko pausu bat eman du, sortzaile ezberdinen eta kultura ezberdinen arteko zubiak eraikiz. Egindako donazioaz harago, Deabruaren Eskolak konpromisoa hartu du Cortazar Liburutegiko arduradunen eta euskal idazleen aurrean euskal literaturan Cortazarren eraginez edo itzalpean argitaratzen jarraitzen diren liburuen aleak helarazteko, iraganean hain eskuzabala eta oparoa izan den zubi literarioa bizirik mantentzeko.

Julio Cortazar liburutegia

Deabruaren Eskola Kultur Elkarteak 2021. urtearen hastapenetan abiatu zuen euskarara ekarritako Julio Cortazarren testuak edo bere lanek inspiratuta euskaraz idatzitako eta argitaratutako lanak biltzeko kanpaina, Juan March Fundazioan dagoen Julio Cortazar liburutegia osatzeko helburuarekin.
Izan ere, Juan March Fundazioaren liburutegian daude Cortazarrek gaztetatik ondoan izan zituen liburu asko, idazle argentinarrak Buenos Airesetik ekarritakoak, Parisko liburu-dendetan erositakoak, eta horiekin batera Octavio Paz, Pablo Neruda, Jose Lezama Lima edo Carlos Fuentes moduko lagunek Cortazarri oparitutakoak eta eskainitakoak.
Gehienak 1993an eman zizkion fundazioari Aurora Bernardezek, Cortazarren alargunak, baina ordutik hona hainbat lan jaso ditu fundazioak donazioen bidez. Momentu honetan online kontsultatu daitekeen katalogoak 3.786 liburu ditu, 26 hizkuntzatan; horietatik 855ek Cortazarren sinadura dute, 515 liburu egile eta lagunek eskainiak dira, 48 liburuk markatzaileak eta «traspapelak» gordetzen dituzte, 397k oharrak dituzte eta beste 17 objektu bereziak dira.

Hona hemen liburutegiari buruzko informazioa eta online katalogoa.

Julio Cortazar Liburutegiari emandako euskarazko liburuen eta lanen zerrenda

Izartxoa duten liburuak egileak edo itzultzaileak Julio Cortazarri eskainitakoak dira.

Julio Cortazarren liburuak euskarari ekarriak

Jon Alonso (itzultzailea), Julio Cortazarren ipuin bilduma: Antologia apetatsua (Txalaparta, 2004).*
Ibon Sarasola (itzultzailea), Julio Cortazarren Kronopioen eta famen istorioak (Armiarma, 2014).*
Jon Muñoz (itzultzailea), Julio Cortazarren Pertsegitzailea (Zaldiarri-10, 2019).

Julio Cortazarri buruzko saiakera literarioak

Mikel Lasa, Novela berria Hego Amerikan (Etor, 1972).*
Jose Mari Esparza, Cien razones por las que dejé de ser español (Txalaparta, 2006).
Jon Alonso, Astrolabioa (Pamiela, 2007).*
Jon Kortazar eta Pedro Lopepe, El abuelo de Julio Cortazar (Cuadernos Hispanoamericanos, 718 zka., 2010).*
Jose Mari Esparza, Apología: Memorias de un editor rojo-separatista (Txalaparta, 2018).
Irati Jimenez, Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021).*
Irati Jimenez, Ogia eta zirkua (Erein, 2021).*
ZZAA, Queremos tanto a Julio (Gakoa, 1994) (Bernardo Atxagaren «Como un cohete» ipuina du, besteak beste).

Julio Cortazarrek inspiratutako lanak

Bertol Arrieta, Alter Ero (Susa, 2012).*
Harkaitz Cano, Beluna Jazz (Susa, 1996).*
Harkaitz Cano, Neguko zirkua (Susa, 2005).*
Harkaitz Cano, Mecanografiak (Txalaparta, 2018), Irati Jimenezek apailatutako Harkaitz Canoren ipuinen antologia.*
Unai Elorriaga, SPrako tranbia (Elkar, 2001).*
Lander Garro, Orain galdera berriak ditut (Txalaparta, 2004).*
Lander Garro, Faith (Elkar, 2021).*
Asier Sarasola, Poems, everybody, poems! (Batbada, 2010).
Joseba Sarrionandia, Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk (Milabidai-Erein, 1995).*
Mikel Soto, Suak pizten direnean (Elkar, 2020).*

Julio Cortazarren lan ilustratua

Julio Cortazar eta Elena Odriozola (ilustratzailea), Aplastamiento de las gotas (Nórdica 2016).*

Julio Cortazarri buruzko lanak formatu digitalean

Halaber, Deabruaren Eskolak formatu digitalean bildu eta Liburutegiari eman dizkio Anjel Lertxundi, Joseba Gabilondo, Bego Montorio, Edorta Jimenez, Felipe Juaristi, Jon Kortazar, eta beste hainbat euskal idazle, itzultzaile, kazetari eta kritikariren artikulu, ipuin eta saiakerak, hala nola euskal idazleek publikoki egindako Julio Cortazarren eragin edo miresmen aitortzak edo euskal prentsan agertutako Julio Cortazarri buruzko berriak (besteak beste, 1993ko apirilaren 13an «Julio Cortazar liburutegia Juan March Fundazioaren esku» albistea ematen duen Euskaldunon Egunkariaren berria).

 

Julio Cortazar Liburutegiari emandako euskarazko liburuen eta lanen zerrenda

Pertsegitzailea
Itzul.: Jon Muñoz
Zaldiarri-10, 2019

Kronopioen eta famen istorioak
Itzul.: Ibon Sarasola
Web: armiarma.eus, 2014

Eako marinelaren iloba
Itzul.: Xabier Boveda
Aldizkaria Idatz & Mintz, 55, 2014

Antologia apetatsua
Itzul.: Jon Alonso
Txalaparta, 2005

Elkarren segidan dira parkeak
Itzul.: Gerardo Markuleta
Istorio hiperlaburrak, 1995
Milabidai – Erein

Istorioa
Itzul.: Gerardo Markuleta
Istorio hiperlaburrak, 1995
Milabidai – Erein

Benetako istorioa
Itzul.: Gerardo Markuleta
Istorio hiperlaburrak, 1995
Milabidai – Erein

Dortokak eta Kronopioak
Itzul.: Gerardo Markuleta
Istorio hiperlaburrak, 1995
Milabidai – Erein

Rayuela – 7. atala
Itzul.: Gerardo Markuleta
Istorio hiperlaburrak, 1995
Milabidai – Erein

Azalpenen jomuga
Itzul.: Gerardo Markuleta
Istorio hiperlaburrak, 1995
Milabidai – Erein

Maitasuna 77
Itzul.: Gerardo Markuleta
Istorio hiperlaburrak, 1995
Milabidai – Erein

Hegoaldeko autopista
Itzul.: Gerardo Markuleta
Milabidai – Erein, 1994

Oktaedroa
Itzul.: Gerardo Markuleta
Ibaizabal, 1992
Literatura Unibertsala 24

Itzulpenei buruzko itzulpen bat
Aldizkaria Zintzhilik, 1986

Parkeen jarraipena
Itzul.: Jon Andoni Saiago
Aldizkaria Txistu y Tamboliñ, 1985

Bidaiarentzako albistea
Itzul.: Bego Montorio
Aldizkaria Aizu – 25, 1984

Hartzaren diskurtsoa
Itzul.: Bego Montorio
Aldizkaria Aizu – 58, 1986
(Estekarik gabe, PDFan emana)

Hainbeste maite dugu Glenda!
Itzul.: Xabier Etxaniz
Aldizkaria Kandela-10, 1984

Eskuaren aroa
Itzul.: Xabier Etxaniz
Aldizkaria Kandela-1, 1983

Ez utzi
Itzul.: Gerardo Markuleta
Mugalari Gararen literatura gehigarria
(Estekarik gabe, PDFan emana)
Argitaragabea

Ipuinaren hainbat alderdi
Itzul.: Mikel Soto
Web: Deabruaren Eskola, 2021
Pasartea

Bazkalondoa
Itzul.: Mikel Soto
Web: Deabruaren Eskola, 2021
Poema