Martinen erakusketa zabaltzen dutenean kritiko batek «ederra» idatziko du, «baina tranpaz josia» eta beste batek «teknika gabea» baina «sentimenduz betea». Sentibera batek, sentimentala beste batek, sentipetrala ere bai eta «tira» hirugarren batek, «egin du eta ez du gaizki egin, baina zergatik egin ote duen ere ez dakigu». Hamabost egun barru, hori. Momentuz, galeriako hormak zuri daude. Martinen pentsamendua bezain itsu eta leun. Kritikoek bazkalduko dituzten argazkiak aurrean ditu, kutxetatik atera berri, oraindik eskegi gabe eta berak atera zituen baina ez dirudite bereak. Hamabost urtetako lana. Denetan sinistu zuen atera zituenean baina gaur goizean ez ditu ulertzen, ez die esanahirik ematen. Egiaren bat, edertasunen bat bilatzen zebilelako egin zituen, bat Berlinen, bat Kopenhagen, bat Erroman, baina orain irudiak baino ez dira, hildako momentuak. Etxe bat, aurpegi bat, paisaiak, eskelak, argiaren tranpak. Zertarako.
Irati Jimenez
Nora ez dakizun hori, Elkar, 2008