Jende asko zegoen, zalantza gabe, zain-zain, deskonfiantza apur batez apika, poesian eta narratiba laburrean hain esku dotorea erakutsi duen Sarrik, zer tamaina emango zuen testu luzean, nobel an. Ez du inor desengainatuko. Nobela altua, ederra eskainiko dizue Durangon.
Egitasmoa bera bitxia, guztiz originala. Eta hori, Sarrionandiaren kasuan gaiak a priori batere originala ematen ez duenean: exilio politikoa. Baina gero gaiak –edo gaiarengatik gertatzen denak– apenas duen inportantziarik. Exilioa ideia da, gaia baino gehiago. Izenburua Lagun izoztua da: datozen gauzak behar diren bezala hartzeko giltza. Exiliatua izoztu bat da. Are exiliatuak bere tankerako izoztua bihurtzen du inguruan mundu guztia. Nobelan hotz egiten du. Bizitza arrunteko hainbat dimentsio endurtu egiten da. Ez ekintza nobela bat da, ez psikologikoa. Garrantzia unean-unean ikusten, pentsatzen, esaten edo isiltzen denak dauka.
Pertsonaiak ez datoz inondik, ez dute memoriarik, ez etorkizun, sentimentuen jarraitasun, ez barne mundurik (agergarririk, alegia). Jela puskak Antartidako itsasoan. Bat-batean eszenan agertu egiten dira, kito. Etorri bezalaxe desagertu. Klandestinitateko ager-ezkutaketak.
Horrela momentuak izugarrizko balioa hartzen du nobelan. Istantea protagonista bihurtzen da. Autentikoa, istanteko zirrara higigabeak besterik ez dago. Istanteko pentsamendua. Pertsonaiaren istanteko izaera. Denbora, eta kontadizoaren erritmoa bera, izoztua. Nobela unean unekoaren deskribapen zehatz laburraz osatzen da: keinu bat, elkarrizketa bat, hunkimenaren higidura errefreinatua, ohartxo banal zientifiko edo teknikoa’ izpi labur bat, paisaia. Eszenatxoka, diz-diz. Momentu irrealak. Pinguinoak bezala dira lagun izoztuak, beren nortasun anonimoak Antartidako larrujantzien pean ezkutaturik. Lagun izoztuak iraganik ez du; edo izan, bai, baina ezabatua, bera hura gabe bizi da (beste batek gordetzen du). Etorkizuna, ate itxi bat untzian. Beti beha bezala, hurrengo momentuan zein zirritutatik ihes egin. Istantea baino ez, bizitzeko. Jende irreal guztiz erreala. Iragan etengabekoa dutenak dira azkenean pertsona irrealenak: 36ko abertzale exiliatuaren haurrak, memoriak munduan tokigabetuak. Memorian izoztuak.
Nobela «politiko» bat da noski. Eta Sarrionandiak berriro erakusten du –dibertituko balu bezala– militantzia eta literaturaren arazoan sinplekeriek ez dutela ezer balio. Liburu errealista da, ez ideologikoa.
Denborak ere (elaberriak denbora diferenteak dauzka) jela puskak dira itsasoan. Denbora berdin eta diferenteak batera, galduak, lotura gabekoak, ez nondik ez nora. Garapenik edo, ez dago; teinkapen eta desenlazerik. Goioren, Josu-Armandoren, Maribelen denborak. Andoniren, Imanolen, Goioren iragan zati sakabanatuak. (Orain berriro presente egiten direnak, memoria guztiz ezabatu denean). Orainaldi puska han-hemendik arrapaladan bilduak. Bakoitzak bere istante iragangabea, bakoitzak bere memoria ezabatuaren min eta zauria bizi du. Egia da beren barne historia ezkutu batek antzekotzen dituela denak. Baina ez ditu lotzen. Mina istantekoa da, bakoitzarena da: bakoitzaren denbora, bere istante isila. Istante diferenteak, elkarren ondoan, bata besteari arrotz azken finean. Izoztuak.
Proiektu honekin Sarrionandiak apustu oso zaila jarri dio bere buruari, baina irabazi egin du. Izoztuaren ideiak ezartzen zituen esijentzietara, berak bakarrik dakien malgutasun horrekin plegatu ditu estiloa, pertsonaien agerpena, erritmoa, planteamendu guztia eta elementu denak. Ezer ez da gertatzen eta nobela bixi-bixi bat da. Exiliatuaren mundua dena diz-dizka etengabe aldatzen ari da axalean; barnagoan ezer ez dago. Barnea apropos hutsa dago. Ez psikologia sakonik, ez tesi, ez mezurik. Mundu hau ez da mundu hauxe besterik. Axala da. Baina bai axal multikolorea, nabarra, dizdiraz eta begiz betea, konplexua, irakurlea faszinatuta daukana! Konplexutasun horri erantzuteko –mailaz maila–, nobelak atal ezberdinak ditu; atal bakoitzak bere autorea, bakoitza bere denboraldiarekin: oraina, iragana, etorkizuna, elkar gurutzatuak; autore ezberdinon autore bat, gero, eta autorearen autorea, Sarrionandia. Honek, ikuspuntu eta istante bakoitzaren autonomia gordez, haiek bateratzeko, autoretza anizkoiaren soluzio subtil oso fin bat asmatu baitu, ugaritasun eta ezberdintasun sare guztia handik zintzilik hedatzen dela. Irakurle arretatsu, pixka bat irudimentsuak, gozatu egingo du josturari antzemanez.
Eta fondoan, urrungo beste kontinente izoztu bat legez, haurtzaro eta nerabezaro luze baten filma ari da etengabe igarotzen, istorioaren horizontean. Bigarren (agian hobe: hirugarren) exilioaren nerabezaro unibertsalaren kontinentea.
Nobela «politiko» bat da noski. Eta Sarrionandiak berriro erakusten du –dibertituko balu bezala– militantzia eta literaturaren arazoan sinplekeriek ez dutela ezer balio. Liburu errealista da, ez ideologikoa. Irakurleak ez daki nora doan, baina grinaturik segitzen dio exilio bideari, orriak utzi ezinda. Lerroz lerro labanduz, sentsibilitate eskisito bat doa dastatzen, ezustekoz ezusteko, esaeran, bat-bateko ateraldian, gogoeta dejadatxoan hor, deskribapen doi-doian, azkeneko detaileraino dena landu-landuan. Koloreak, hotsak. Mila paisaia modu, handi eta txiki, batzuk monumentalak. Antartida guztia, adibidez. Zaila egiten da sinestea, ez duela bere begiekin ikusi.
Nobela handi bat, prosa gozatsuan: literatura bikaina. Sarrionandiak su hotza asmatu du.
Joxe Azurmendi
«Sarrionandiak su hotza asmatu du», Euskaldunon Egunkarian, 2001eko abenduaren 1ean