Maiz gauez itzartzen zen erranez «Hitz hau aurkitu behar dut, zeren entzun baitut eta erabili behar dut»

Gabriel Arestiren aipamen hauek bukatzean, bere samurtasunaz hitz egin da. Zer diozu horretaz? 

Nahiz gizon bortitz eta gogorraren omena egin zioten umore gaitza bazuen. Etxean euskarak zernahi denbora hartzen zion eta ez zen gutaz nahi zuen bezainbat arduratzen ahal. Lanetik itzuli orduko idazten hasten zen. Orduan, larunbatak eta igandeak ezik, guretzat dedikatuak zirenak, besterik ez zen. Lana bukatzean maiz haurrak ohean ziren eta joaten zelarik oraindik lo ziren, orduan… Dudan oroitzapena da, hala ere, aita normal batena, ez beste mundukoa baina aita on batena. 

Sortu ziren gatazkekin edo euskararen inguruko arazoekin gizon kezkatua, angustiaz betea zitekeela pentsa daiteke. 

Gizon guztiz tormentuz betea zen. Zinez euskara berarentzat bere bizia zen. Maiz gauez itzartzen zen erranez «Hitz hau aurkitu behar dut, zeren entzun baitut eta erabili behar dut»… Euskaldun berria izanagatik bizitzaren bukaeran guztiz jakintsua zen.

Nola jasaten zuen bere aurkako gorrotoa? 

Garai guztiz gogorra ukan zuen. Frankismoaren garaia zen eta bere burua ezin zuen defenditu. Hori egin bazuen preso sartuko zuten. Espainolista akusazioa fama zeukan, baina ezin zen defenditu… 

Etorkizunaz mintzo zen bere testu batzuetan. Euskal Herriarentzat zer iragartzen zuen? 

Etorkizuna beretzat zen Euskal Herrian euskaraz mintza zedila. Hori zen gehienik espero zuena: jendeak gure hizkuntza uler zezan.

Meli Esteban

Luzien Etxezarretaren elkarrizketa, Euskaldunon Egunkaria, 1993ko urriaren 10ean

Gabriel Arestiren gaztetako erretratua