Ez nintzen «erretratua» azalean paratzen ausartu

Garai hartantsu irakurri nuen Albert Memmiren Portrait du colonisé liburua; Sartreren hitzaurreaz hornitua.

Oso gustatu zitzaidan; eta segituan, euskaratzea erabaki nuen, eta ahalean argitaratzea (ikus Kolonizatuaren ezagugarria. Jakin argit, 1974. Aitor bat egingo dut: ez nintzen «erretratua» azalean paratzen ausartu…).

Euskal Herrian modan ez zegoen «un autre son de cloche» bazegoela erakatsi nahi nien neure herrikideei.

Eta nire itzulpen horrek, Memmi bera Parisen ezagutzeko aukera eskaini zidan.

Bere etxegaineko lan gelatxo misteriotsuan errezibitu ninduen («c’est ici que je me cache pur travailler» azaldu zidan), eta luzaz hitz egin genuen: bai euskaratu berria nuen liburuaz, jakina; bai juduei buruz («je suis sioniste de gauche» aitortu zidan); baita, jakina, Europako ezkerraren egoeraz eta marxismoarenaz.

Marxek «kondaira liburuetako letra handia» azaldu duela esan zidan; gertakari nagusien ildoa, alegia.

Baina «letra txikia» ez du azaldu, ekin zuen. Eta horixe da koxka. Herri zapalduen arazoak, nazio askapenerako mugimenduak, eta antzekoak, «letra txiki hori» osatzen baitute…

Txillardegi

Euskal Herria helburu, Txalaparta, 1994

Irudia: Albert Memmiren erretratua, 1982ko abendua. Claude Truong Ngocen irudia