D. Luis Mitxelena estimatua:
Adiskidea:
Zeruko Argiaren azken irakurketak zenbait estakulu eman deraut gogoetarako eta entretenigarrirako. Gutun honen bidez komentatzen baderauzkizut, enekin sobrea asarratuko ez zarela esperantzan nago. Zeren estakuluok, aldez edo moldez, zure lumatik edo ahotik datozkit.
Gezurra badirudi, eta ez dakit hau zu konturatu zaren gauza den, monedek (diru-sosek, diru piezek), beti dute bi enbers (bi kara buelta, erraten da Bizkaian). Errate baterako, nik inon entzuten deraukadanean ezen kafea hartzen duenean ezin lorik zidikeela, nik beti erran behar deraukat (eta zer eginen deraukat, ene mania bat da) niri aldrebes gertatzen zaidala, lo egiten dudanean ezin kaferik har dezakedala. (Askok tontotzat hartzen naute, eta seguru aski arrazoia dute). Modu berean zuk Amatiñori (ai Apoloren eskuz ereinotzez koroatuak!) baldin zinatzen baderaukazu zure liburu bat egitazko promesapean, nik, moneda horren ostean, kara bat ikusi behar dut, buelta bat, bestekalde bat. Zein da? Dudan geratuko naiz betiko betirako, agian. Zuk euskal-eskritoreei promesa bat egin etzeneraukula egin? Ala egin zeneraukun promesa gezurrezkoa izan zela?
Tubo bati punta ateratzea gauza zaila omen da. Hala ere, ahaleginduko naiz: Zuri (hala dira gure Amatiñorik Amatiñoenaren azken amatiñadak) Bergaran galdetu zitzaizun, ea zergatik ez duen Euskaltzaindiak bere ardura pean hartzen, Arestik laster argitaratzeko den (sic) Hiztegia? Zuk ezpidezenuen barrerik egin. Aitzitik ere, guztiz seriotan hartu zenuen, zure erantzun argia eman baitzenuen. Nik beste proposamendu bi eginen neraukezu: 1°) Zergatik ez du Euskaltzaindiak bere ardura-pean Arestiren emaztea hartzen eta, bide nabar, beraren umeak ere, eta, posible baldin bada, oraindik pagatu gabe dituen etsearen eta kotxearen zorrak?. 2°) Zergatik ez du Euskaltzaindiak bere ardurapean hartzen Margola-katea, handik probetxu handiagoa etorriko baitzaika?
Nik inon entzuten deraukadanean ezen kafea hartzen duenean ezin lorik zidikeela, nik beti erran behar deraukat (eta zer eginen deraukat, ene mania bat da) niri aldrebes gertatzen zaidala, lo egiten dudanean ezin kaferik har dezakedala.
Orain zuk erantzun omen zenuena: Amatiño beldurgarriaren hitzak kopiatzen ditut: «Oraingoz, hobe duela» (hemen koma bat falta bide da) «Arestik bere izen soilez ateratzea». Eskritore onek (zuk edo nik, errate baterako) ez dute honela aktiborik eliditzen; intentzio bihurri batekin eliditzen ditugu aktiboak (ala ergatiboak?). Zeinek du hobe? Arestik? Arestik ez du uste. Euskaltzaindiak? Baina hobe al du Euskaltzaindiak ezer, bere bake santua baino? Orduan Mitxelenak? (Hau baita hirugarren alternatiba bakarra). Eta zergatik Mitxelenak? Ezin burutik atera.
Buengizon Mitxelenari, gainera, oraingo moda berriko gaztetxoak (ai! gaztezaro bihurria!) ez omen zaitza gustatzen. Egia da Malgizon Arestiarrak baino liskarrak eta ahakarrak dituela maiteago. Denbora zaharren berri dakigunok ongi gogoratzen gara zenbait jesuitaren liburu itzulioi egindako kritika zorrotzak, Txirritaren bertsoak bezala gupidarik gabe eginak.
Gaur egunean zu, Mitxelena, intseuntsuaren urrinetera ohitzen hasi zara, eta ez zara konturatzen zeintzuk konstruitu genuen Mitxelenaren mitoa. Zeruko Argiaren editorialista Mitxelenaren euskeraren gainean mintzatzen da, eta zu isildu egiten zara, zeure maiestatikotasunari zor izandako tributu bat balitz bezala, eta etzara oroitu nahi Mitxelenak baino hamabi urte lehenago, Mitxelenaren euskaraz eskribitzen nuen mutiko bihurri haretaz, Eganen argitarazteko bere (neure) lehen lanetik H bat ere ez kentzeko erregutu edo exijitu zerautzun honetaz. O! Tempora!, O! Mores!, O! Gure izeba Eloisaren eskizofrenia paranoikoa!
Eta jainkotzen sentitu zaren neurrian, eztuzu izan nahi ukan aita barkatzaile, herejeen mazo baizik. Amorratuki tratatu zenuen Quintanatxo, eta isilik geratzeko kobardatu nintzen, honen prudente baita gizona batzutan. Orain Haranburu-Altuna torturatzen duzu. Hau barkatzen baderatzut, hurrengoan enadei aterako derauzkezu begiak.
Zergatik gure katedratiko haltuak, bere ejida gorenetik, (O! Zeus!), galdu behar ditu bere ordu preziatuak (eta zein probetxuzko izanen lirateke berbo batuaren eztabaidan!) mutil gazte errebelatuen anateman? Ume jaio-berrien fontanelak dibertsio hutsez zabaltzen dituenaren konduta dirudi. Eta konduta hori kendu behar dut.
Egoera oso behere batera ailegatu gara euskaldunak. Eta zu, Mitxelena, etzara libratzen. Sasoiez, baju zaude. Ni bezala. Obispoa bezala.
Oteitzak gorrotatu egiten zinduen. Zuk Oteitza maitatu eta pizka bat bromatu egiten zenuen. Ados. Enekin ados. Hurrengoan bentaja. Eta Krutwigen alde eztuzu lantzarik apurtu. Populu bat omen gara. Triste bizi zara eta hilen bazina… hobe!
Horregatik dakite Saizarrek eta Haranburuk nobelak egiten eta eztaki Álvarezek. Horregatik daki Arestik koplak egiten, eta ez Letek ez Azurmendik eztakite.
Etzaitut sinesten. Zuk ezer duzu Haranbururen kontra. Pertsonal den zerbait… Edo ezkait. Seguru aski zure desarrazoi sakonagoa da. Eta beldurtzen nau. Filosofiaz asko bide dakizu. Fama filolojian ezagutzen nerautzun. Hau ere ezagutu beharko derautzut. Filosofikoki kondenatzen duzu Haranburu. Baina zure atakearekin luma trebe bat galtzera arriskatu zara. Baina eztuzu lortu. Zeren guztion zorionez, uste baino lehen umatu da. Eta honekin batera doakizu, umatasun horren lehen frutua. Itsasoak ez du esperantzarik.
Zure gaizki eginaren ordainez, pena honetara kondenatzen zaitut. Haranbururen anatema deklaratu zenuen lekuan bertan, hain maite zaituen Zeruko Argian, gure bigarren nobela inportantearen kritika prestua eginen duzu. (Lehena Saizarbitoriarena izan zen).
Zu Txillardegi-zalea zara. Baina jainkoak zeruko grazia Doloresi eman zeraukan. Angustiasi ez, Angustias ipurdi lodi, begi-ezkel eta bular-gabe egin zuen. Horregatik dakite Saizarrek eta Haranburuk nobelak egiten eta eztaki Álvarezek. Horregatik daki Arestik koplak egiten, eta ez Letek ez Azurmendik eztakite.
Eta hau aitortu behar duzu. Desafiatzen zaitut. Horren eskatzen natzaizu. Euskal-Herriarren. Lotsarren.
Gabriel Aresti
Koldo Mitxelenari gutuna, Bilbon, 1973ko irailaren 15ean , Aresti eta Mitxelenaren arteko posta harremanak, Jose Maria Satrustegik apailatuak, Fontes Linguae Vasconum, 67. zenbakia, 1994. urtean.
Irudia: Koldo Mitxelena 1968ko udan Erronkaribarren, erronkariera ikertzen, Joan Coromines eta artzain batekin
Gutunean aipatzen diren hainbat gai edo polemiketan sakontzeko:
MITXELENA, Luis: «Triste bizi naiz eta hilko banintz hobe», Zeruko Argia, 1973/10/11
HARANBURU ALTUNA, Luis: «Mitxelenaren tristura», Anaitasuna, 1973/10/21
MITXELENA, Luis: «Iparragirre abilla dela askori diot aditzen», Anaitasuna, 1973/10/31
ARESTI, Gabriel: «Peru abarkaren alienazioa», Anaitasuna, 1973/05715
MITXELENA, Luis: «Liburu berriak», Anaitasuna, 1975/10/21