Zurrupatu, lamikatu, zupatu, miaztu, txupatu, miazkatu, mizkatu, milikatu, zurgatu, hurrupatu, edoski, murduskatu, xurrup egin behar didazue

2020-11-08

Puntu horretan B-12 oso garbi mintzatu zen. Eta, jakina, oso-oso garbi gelditu zen, baita ere, euskararen auzia konpontzen lagunduko zigula; ohartarazi zigun, ordea, eman beharreko urratsak zeintzuk ziren esango zigula, baina berak ez zuela lanik egingo, lana guk egin beharko genuela, horixe zela ordaindu beharko genuen prezioa.

Esan genion baietz, ez zegoela arazorik, gu lanerako prest geundela, gogotik ekingo geniola. Konforme, esan zuen, orduan, behar duzuen lehenbiziko gauza, hasteko, kanon literario bat da. Ez, ez, ez —moztu zigun, gutariko batzuek zer edo zer esan nahi genuela iruditu zuenean—, bigarren, hirugarren edo are laugarren mailan baizik ez naiz ari linguistikaz edo gramatikaz. Kanon literario-literarioa. Obrak. Liburuak. Eta orduan, B-12k kanon bat behar genuela esan zuenean, hain zuzen, hasi ginen Kolko Mitxoletarekin gogoratzen, bera baitzen, gure artean, soziolinguistika, filatelia, matematika, sumo, eraikuntza, filologia, apikultura, psikologia, zinema, latina, enologia, zientzia, literatura, numismatika eta abar, hau da, zer edo zer, kanon bat zer izango zen ere barne, esaterako, eta gauzak, orokorrean, zekizkiena. Earrainyú, esan genuen, Kolko Mitxoletak jakinen du kanon bat zer den eta zertarako balio duen, baina Amazonian galdurik dago, eliteko andereño batzuek zainduta, eta «alua, paripé, alua» baizik ez du esaten. Earrainyú. Baina B-12 ez zen gutaz errukitu; kanona bilatzetik hasi eta gero mintzatuko gara, horiexek izan ziren bere hitzak.

Bestetik, aise ulertzen da B-12ren agerpenak eta bere errebelazioek sortu zituzten poza eta ilusioa itzelak izan zirela; eta, hori ulerturik, are aiseago ulertzen da denok —B-12 ere barne, noski— sagardotegira afaltzera eta gero parranda egitera joan ginela. Eta parranda ikaragarria egin genuen, sekula ez bezalakoa, kanona bilatzen hastearena hurrengo egunerako, geroko, bai, geroko utzirik; eta edan ere, luze, ikaragarri luze edan genuen, batez ere B-12ren botika probatuko genuelakoan eta bestondorik edukiko ez genuelakoan (zeren, gure artean esan dezadan, bestondoa baita edateak sortzen duen arazorik txarrena). Eta horrela, hurrengo goizean, porru eginda geundenean, elkartu eta B-12ren bila joan ginen, orduan argituko zelakoan bestondoa kentzeko botikaren misterioa. Beharra ere bagenuen, eta ez nolanahikoa.

Ray Bradburyren Martian Chronicles liburuaren azalerako Michael Whelanek egindako Descent ilustrazioa, 1989. urtea

Baina, gutxien espero genuenean, B-12 bainaka eta aitzakiaka hasi zitzaigun. Agian ez zitzaigula botika gustatuko, bigarren mailako ondorioak eduki zitzakeela, norberaren aldetik prestazio gogortxoak eskatzen zituela… Ez genuen deus ulertzen, eta, aldiz, B-12 udaberriko lilia bezain fresko zegoela ikusten genuen. Tira, B, esaten zioten gutariko batzuek —zeren, aurreko gaueko parrandaren ondorioz, B-12 kide berri bat bezala ikusten hasiak ginenez, batzuek «B» deitzea erabaki baitzuten, izena laburtzeko eta nolabaiteko familiartekotasuna erdiesteko, eta munduan zehar ezizenak jartzen famatu gaituen omenari omenaldia egiteko (B-12 zenez B deitu, ulertzen?)—, eta halaxe esaten zioten, B, zuk ez duzu bestondorik, beraz edabea hartu duzu, ezta? (Edabea esaten genuen, zergatik ez dakidala denok edabea zela uste genuelako). B-12k zalantzati erantzuten zuen, bai…, esaten zuen aurrena, eta gero berriz, ez…, eta gero, bai baino ez…, zeren…, agian ez zaizue gustatuko…, oso pertsonala da… Baina gure sabai idortuak, ura ere metabolizatzeko ez ziren gure gibelak, gure buru lodiak, gure puxika hanpatuak, ez zeuden B-12ren atzera-aurrerak, duda-mudak eta planta herabetiak jasateko moduan, eta orduan orro batean hasi gintzaizkion edabe eske, gure neurona matxuratu eta zulatuei gelditzen zitzaien kemen guztia —asko ez bazen ere— bilduz.

Orduan B-12k, erabakia harturik, nonbait, jarreraz aldaturik, isilarazi eta argi hitz egin zigun. Ongi da, esan zuen, hala nahi baduzue… Baina garbi gera dadila eskatu egin didazuela. Edabea neure barruan dago, esan zuen. Edabea neu naiz. Hemendik atera behar duzue, eta hau esaten zuelarik, bere gorputz berdearen hanka arteko konkortxo bat seinalatzen zuen, ordura arte oharkabean pasatu zitzaiguna.

Labanaz mozten ahalko zen isiltasun erabatekoa pausatu zen gure gainean aldarrikapen hau entzun zenean.

Garbiago esanda: Zurrupatu egin behar didazue, esan zuen, ozen eta klaru.

Gure artean inork ez zuen txintik ateratzen.

Zurrupatu, lamikatu, zupatu, miaztu, txupatu, miazkatu, mizkatu, milikatu, zurgatu, hurrupatu, edoski, murduskatu, xurrup egin behar didazue, ekin zion ostera ere B-12k, denok ongi konprenitzea nahi zuela argi ikus genezan.

Baina gure artean inork apurtzen ez zuen isiltasunak garbi erakusten zuen arazoak ez zuela zerikusirik euskararen aldaera diatopiko edo diakronikoekin, ez erdararen presioak eragindako isoglosa-ezabatze tamalgarri batekin, ez euskal bokalismoaren galerarekin, ez autogorrotozko agerpen batekin, ezta mintzagaiaren auzi ia-metafisiko eta hainbeste eta hainbeste aldiz eztabaidatuarekin ere.

Jon Alonso

Euskal Karma rapsodia, Susa, 2001

Irudia: Daniel Craig eta Mads Mikkelsen Casino Royal filmean

Garbiñe Ubedak Euskal karmarako egindako azala