Oroimena: «Ihes egiten zuen armadaren atzeko aldean jaio nintzen, airea eta ura maileguan eskatu nizkizuen sobran zenituzten auzoetan». Manuel Vázquez Montalbán 39an jaio zen, auzo hori El Raval da. «Izena ere aldatu diote –azaldu digu Beserrek–, demokraziarekin ezarritakoa da. Gu haurrak ginenean Distrito quinto zen». Gerra galdu zutenen auzoa, lumpena bizi zen auzoa, txinoa. Bertan bizi ziren Manuel Vázquez Montalbán, Beser, Joaquim Marco, hau ere poeta eta adiskidea. «Manolok ez zuen sekula ahaztu bere jatorri apala. Horrek betiko markatu zuen», dio Beserrek. Baina norberaren zoriontasun beteko unea, norberaren «Rosebud»a —Wellesen Kane hartan bezala—, haurtzaroan dago, kale horietan —Cera, Hospital, Tigre, Padró plaza…— dago. Manuel Vázquez Montalbánek berak hola kontatu zuen: «Goiz eguzkitsu batean da, Bartzelonan, berrogei urteetako hamarkadan. Ez dago kotxerik, mundu guztia kalean dabil. Botella kalean, nire etxearen aurrean, okindegi bat zegoen. Ogi normala nahiko txarra zen, jendeak «ogi beltza» esaten ziona, irin-nahaste batez eginda zelako, baina ogi bero hura… Gogoan dut nire amak kalea zeharkatu zuela ogi batez eta oliba beltzezko kukurutxo batez, ogi beroaren zati bat moztu eta olibekin eman zidan. Zorion beteko une bat aurkitzen saiatu naizen bakoitzean, une hori etortzen zait burura…». Toki bat, nondik ez den itzuli nahi, alegia; bere poesiaren beste ideia errepikakor bat. Karrika horietatik osteratxoa egitea ezinbestekoa da Manuel Vázquez Montalbánen Bartzelonatik geratzen dena ezagutu nahi bada. Padró plaza, Cera kalea, Botella kalea, El Pianista nobelako gertalekuak, egun Afrikatik eta Asiatik etorritako jendez mukuru daude. Haiek dira gaurko jaun eta jabeak, paisaia linguistikoak ere nabarmen uzten duenez. Baina auzoaren aldaketa lehenagotik dator, 92tik, Olinpiadak zirela eta Udalak hondeamakina martxan jarri zuenetik, «hiriaren iztondoak» zirenak ezabatzeko. Ez dakit nik gauza askorik «bokazio posmodernoa duten hirietako auzo historikoen berreskuratzeari buruz», baina beharbada ironia hobeki ulertzen da norberak, metro koadro gutxiko azaleran, prostitutak, junkieak, teherandarrak, orube hutsak eta eliza eraberrituak aurkitzen dituenean, denak nahasian. Eta auzoan Can Lluis, eta nola ez, Casa Leopoldo, non Manuel Vázquez Montalbánen iniziazio gastronomiko erabakigarria gertatu baitzen, bere aitak —«jatetxeak zikinkeriak emateagatik jendeari lapurtu egiten zioten tokiak zirela» uste omen zuenak—, behin, umea zela, bazkaltzera eraman zuelako. Oroimena: kale horietan, batek suma dezake, bere poemetako «nik bakarrik gogoratzen ditudan hildakoak» daude. Kale horietan konplituko zen maxima erabatekoa: zorrak ordaintzea eta norberaren hildakoak lurperatzea. Zeren, «bizitza ez da ibaia, ezta estolda ere, frustrazioen, ahanzturaren eta hilketen gorpuen gaineko borondateen segida dialektikoa baizik».
Armada derrotatuaren atzealdean jaio zen, aita kartzelan eduki zuen, fededuna ez zen
Desioa: desio maitasunezkoa, desio erotikoa, neskatxa urdinak, neskatxa urrezkoak, anbarezko damak, «betikoa dela agintzen duen bidaia, beti itzultzen den arren». Jakiteko desioa, mugaraino jakiteko desioa: «Inguratzen duen guztiaren izena, egin duten guztiaren asmoa, absolutuaren ahutzetan uzten duten amildegiak ikasten saiatu diren gizakien egoera perfektua ihesa baita», edo bestela esanda, «gauez berandu arte irakurri, eta neguan hegora bidaiatzea». Hegoa, ihes perfektuaren metafora. Historikoa izateari uzteko desioa, berriz errugabea izan ahal izateko. Sintesi erabatekoa egiteko desioa. Nola ulertu, bestela, T.S. Eliot poeta angloamerikarra bereganatzeko modua, haren eragina, bere poesigintzan txertatzeko modua? Armada derrotatuaren atzealdean jaio zen, aita kartzelan eduki zuen, fededuna ez zen, herrialde azpigaratu baten diktaduran hezitako langile etorkinen semeak bat egiten du, lehen aipatutako bizi-zirkunstantzia guztiei dagokienez, antipodetan zegoen poetarekin, «irudi hautsien multzo bat, zeinen gainera eguzkia abailtzen baita» baizik ez delako geratzen, agian. Eliotekikoak tesi bat prestatzeko eman behar du, koartada paradoxiko, edo ironikoa, izan litekeelakoa erabat baztertu gabe.
Oroimena eta desioa, baina baita nolabaiteko zantzu profetikoak ere; hasteko, 2003ko urrian, Bangkokeko aireportuan gertatuko zen bere heriotzaren igarlea: «Postariak Bangkok Post ekarri du … Asiako bazter batean inoreztatua, bizia edo herioa zain daukan atzerritarra», idatzi zuen 1990ean; edo, Sergio Beserrek ohartarazi zidan bezala, Pero el viajero que huye 90eko poema-liburuan dagoen beste hau: «(…) Zorionekoa, XXI. mendea /bost mila milioik posatuko duzue/Historia Bukaerako/videotype kolektiboan (…) baina makinaren jabeak/erretinan edukiko zaituzte/faktura pasatuko du/ eta ezin izango diozue ordaindu (…) eta mendearen gaua iritsi baino lehen/askatasunaren eta klase-borrokaren profetak/beharko dituzue (…)». Sant Cugateko hilean behineko bilera horietako batean, poema hauxe aukeratu omen zuten oraingo krisi ekonomikoaren gaia jorratzen ari zirela, eztabaida abiatzeko.
Rambla ondoko Boadasen dry martini pare bat hartu eta topa egin dugu, dena arrastaka, errukirik gabe, aurretik eramaten duen denborari desafio eginez, galaxia txarrenen ateetan abandonatuko gaituzten egunaren zain.
Jon Alonso
«Carvalho baino askoz gehiago», Argian, 2008ko abenduaren 28an