Non dago literaturaren emozioa? Nola eramaten gaituzte narrazio batzuk negarraren bidertzeraino? Zergatik urdailean pisu hori edo zirrara bat esaldi jakin batekin? Askotan, gakoa ez dago argumentuan, pertsonaietan edo narrazioaren egituran, nahiz eta komeni den horiek guztiak ahalik eta hobekien pentsatuta egotea. Sarritan, ostera, sekretua hizkuntzarekin lortu den taupadan dago. Idazle batzuk ez dira idazle soilik, musikariak ere badira.
Anekdota polita kontatzen du Julio Cortazarrek —nork, bestela— Clases de literatura, Berkeley 1980 (Alfaguara) liburu argigarri eta hordigarrian. Bertan kontatzen du bere idazlanak Espainian zuzentzen zituztenean hainbat koma jartzen zizkiotela. Arau ortografikoei begira, koma horiek ongi jarrita zeuden, baina gaizki Cortazarrek lortu nahi zuen efektuari erreparatuta. Errekorra, behin orrialde bakarrean hogeita hamazazpi koma proposatu zizkion zuzentzaileak dauka. Pentsa, 37. Ia bere ipuina merezi du, ezta? Gaztelaniak izan duen idazle gorenetako bat komaz-koma ito nahi zuen zuzentzaile ausartak. «Ez da ez dakidala komak non joan behar diren» dio Cortazarrek azalpena ematen duenean, «gertatzen dena da koma kendu egin nezakeela hala-nolako barne erritmo batek aginduta, badelako taupada bat idazten dudan bitartean eta taupada horri zor natzaio».
Nekez azaldu liteke hobeto. Bada taupada bat, bai, eta badira taupada hori besteok baino hobeto entzuten eta jarraitzen dakiten idazleak. Begiradarentzako eta adimenarentzako idazteaz gain, belarrirako idazten dakitenak, munduko irratsaiorik literarioena osatzen baleude bezala, geuretzako bakarrik. Lortzen dutenean, testuak partitura bihurtzeaz gain, irakurleok besoetan hartzen gaituzte eta narrazioa bizitzeko beste bide batzuk zabaltzen dizkigute. Cortazarren beraren itzulpenean Marguerite Yourcenarren Memorias de Adriano (Edhasa, 1959) irakurri duenak badaki zertaz ari naizen. Galdetu beharko genioke Jon Alonsori nola lortu zuen berak Cortazarren argentinatasun jazzistikoa euskarara ekartzea, Antologia apetatsua egin zuenean (Txalaparta, 2005).
Ez da erraza norbera musika horren esanetara jartzeko trebatzea. Baina lortzen denean emaitzak ezinbestean garamatza emoziora. Izan ere, usain batzuk oroimena pizten duten bezala, musikak emozioa mugitzen du. Edo, hobeto esanda, emozioarekin mugitzen gaitu, gugan fisiologikoak eta kontzientzia baino sakonagoak diren teklak jotzen ditu. Horregatik hunkitzen gaituzte horrenbeste hitza eta hitzaren sakoneko erritmoa biak uztartzen asmatu duten idazleak. Gaztelaniaz, Cortazarren moduko idazle hegoamerikar asko izan ziren espainolari hegoak eman zizkiotenak. Joan den mendeko loraldi fantastikoa ez zen literarioa soilik izan, musikala ere izan zen. Gaztelania kontzertuan entzun nahi duenak, musikaz mozkor, aurten 50 urte bete dituen Cien años de soledad irakurtzea besterik ez du. Edo irakur dezala Juan Rulfo, titulutik bertatik abesten entzungo ditu Pedro Páramo eleberri haluzinatua eta El llano en llamas narrazio sorta ikaragarria.
E.E. Cummings poetaren esanetan maite gaituenak edo akaso maitasunak berak badu gugan eragin berezia, zerbait ukitzen duelako eta horrekin zabaldu egiten gaituelako, «hostoz hostoz, udaberriak zabaltzen gaituen bezala». Horixe egiten du musikariaren belarriarekin eta idazlearen eskuarekin idatzitako literaturak. Zabaldu egiten gaitu, hostoz hosto, udaberriak bezala. Pentsamendua baino lehen eta huraren azpitik dauden hari ikusezinak jotzen ditu, gu geu emozioaren esanetara geunden musika tresnak bagina bezala.
Irati Jimenez
«Literaturak kantatzen ikasi dezake, musikarik gabe», Elkar aldizkaria, 51. zenbakian, 2018ko udaberrian