Fikzioa egiten dut baina ez dut simulakrorik egiten

Aitortu behar dut Legez kanpo lan frustratu bat dela, bete ez nauen lan bakarra, hain zuzen ere, landu ditudan gai guztietatik, barrutik bizitzea lortu ez dudan bakarra izan delako. Ez nuen tortura barrutik bizitzea lortu. Esango nuke, beste lanekin baino ia gehiago dokumentatu nintzela, baina ez nuen lortu torturatzaile baten larruan sartzea. Beraz, kanpotik idatzi nuen eta horrexegatik ez zuen funtzionatu.

Beste nobela guztiak barru-barrutik bizi izan ditut, eta horietatik ez dut koma bat ere kentzen, nahiz eta ofizioan gauza gehiago jakin. Obra bat zintzo idazten baduzu, betirako da baliagarria. Nik fikzioa egiten dut baina ez dut simulakrorik egiten. Hau da, asmatu egiten ditut gertakizunak, baina ez dut gezurrik esaten. Egia esaten dut. Asmatutakoa bada ere, egia da. Ez dut engainatzen, ez nire burua, ez irakurlea. Eta Legez kanpo nobelan ez nuen egia esan, ez nuelako topatu.

Laura Mintegi
Ana Urkizaren elkarrizketa, Zortzi unibertso, zortzi idazle, Alberdania, 2006

Irudia: Ana Urkiza jarrita, bere libururako elkarrizketaturiko zortzi idazletatik bostekin, Yolanda Arrieta, Mariasun Landa, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaia. Donostia, 2006ko abenduan