Zerualdean pozezko irrintziaren antzeko zerbait sumatzen nuen, loreen, belardien eta itsasoaren batbateko berpiztea gertu balego bezala

2022-07-28

Jaione oso pozik zegoen, gero, edategian elkartu ginenean. 

Hartaz eta horretaz mintzatu ginen. Mundu berriaren bila dabilenak eransten dion graziarekin hitzegin zuen.

Elkarrengandik alde egin baino lehen, zorrotz esan nion: 

—Jaione, arren, nik esan arte, ez zaitez Plentziara joan. Nik neskatxa hori han dagoen jakiteko modua egingo dut. Bitartean egon lasai. Zu arriskutan sartzea ez nuke nahi. 

—Ez dut nik hor arriskurik ikusten. Plentzian ere neure etxean nago. Eta arriskurik balego, ba dakit nik ongi pistola non dagoen han gordea.

—Nik ere hogei urterekin ez nuen inon arriskurik ikusten. Zinez eskatzen dizut, ordea. Ez joatea. Eta utzi pistola baketan.

—Ez naiz joango.

Garagardoa edan genuen eta zigarroak erre. 

Jaioneren kenuek duintasuna, eztia, amoremate, lilura, askatasuna erakusten zituzten. Aristokraziak ematen duen oldartu ezinezko nagusitasuna. 

Nahiko harriturik nengoen. Ezagutu aurretik, diru gehiegi eta burua arinegi duten horietakoa izango ote zen susmoa neukan. 

Ordu bi lehenago irudi ezinezko konfidantza sortua zen bion artean, adiskide giroa. 

Agur egitean, so egin nion lehenbiziko aldiz. Emozioz nahasturiko begiradaz, esan nahi dut. Ordurarte ez nuen harengan emakumea ikusi, ederra eta dotoretasuna baizik. 

Keinu bikain eta itxurazkoen atzetik zegoenarekin ez ote nintzen maitemindu galdetu nion geroago neure buruari. 

Gotzon Garate

Alaba, Elkar, 1984

Irudia: Kaethe Butcherren C’mon margoaren detailea