Thatcher anderea orain konturatuko da Britainia Handiak ezin duela gure herria okupatu, gure presoak torturatu eta gure jendea beren kaleetan tirokatu eta ihes egin. Gaur zorte txarra izan dugu, baina gogoratu behin bakarrik izan behar dugula ona. Zuk zorte ona izan beharko duzu beti. Eman Irlandari bakea eta ez da gerrarik izango.
Irish Republican Army
Margaret Thatcherren kontrako Brightongo erasoa bere gain hartzeko komunikatua, 1984ko iraila
Brightongo Grand Hoteleko bonba
1984ko urriaren 12an, gaueko hirurak baino minutu batzuk lehenago, bonba bat lehertu zen Ingalaterrako hego kostaldeko Brighton herriko Grand Hotelean; berton Konferentzia Nazionala burutzen ari zen Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen buru zen Margaret Thatcher lehen ministroa zen ekintzaren jopuntu.
Irlandako Armada Errepublikanoak (IRA) hartu zuen bere gain ekintza; ordurako ezaguna zen Thatcher IRAren lehentasunezko helburua zela, batez ere 1981ean gose greban zeuden Bobby Sands eta beste bederatzi preso irlandar hiltzen utzi zituenetik. Hala, bada, 1984ko irailaren 14ko asteburuan, ekintza baino ia hilabete lehenago, IRAko kide batek, Roy Walsh goitizena erabiliz, Thatcherrek erabiliko zuen suitea baino bost solairu goragoko 629. gelako komunean gelignitaz egindako lehergaia jarri zuen. Bonba arreta handiz zegoen bilduta poliziaren txakurrek usaindu ez zezaten eta bost asteko iraupena zuen tenporizadore bat zeukan, bideo grabagailu baten piezekin eta arrautzak egosteko erloju batekin eginda.
Leherketak hoteleko aurrealdearen parte handi bat eraitsi zuen, fatxadan zulo erraldoi bat utziz eta Margaret Thatcherren gelako komuna zartatu zuen ere. Lehen ministroa eta bere senarra onik atera ziren arren, leherkariak beste bost pertsona hil zituen –alderdi kontserbadoreko kide eta parlamentariak, eta haietako biren emazteak– eta hainbat zauritu eragin zituen.
«Pena bakarra»
Atentatua izan eta ordubetera Margaret Thatcherrek Alderdi Kontserbadorearen bilera normaltasunez egingo zutela esan zuen, Erresuma Batuan bertan zein nazioartean miresmen handia sortu zuen lasaitasun eta sendotasunaz. Ingalaterrako iritzi publikoaren parte batek, ordea, bestera hartu zuen gertatutakoa: meatzari ingelesek sei hilabete zeramatzaten greban –aurreko hilabetean legez kanpoko izendatua izan zen–, eta gobernua, Thatcher buru, greba indar handiz borrokatzen ari zen sindikatu ingelesen boterea ahultzeko asmoz. Hala, bada, egunkari eta aldizkari askotan IRAren ekintzaren aldeko iritziak eta txisteak argitaratu ziren; South Yorkshireko langileen elkarte batek serioski pentsatu zuen diru bilketa herritar bat burutzea «atentatugileek beste aukera bat izan dezaten»; The Smiths taldeko kantariak, Morrisseyk, zera esan zuen ekintzari buruz, «Brightongo atentatuaren pena bakarra da Thatcher osorik atera zela» eta, bi urte geroago, 1986an, Angelic Upstarts punk talde ingelesak izen bereko diskoan joango zen Brighton Bomb singlea grabatu zuen ekintza ospatzeko.
Madarikazio bibliko bat
Zer dela eta erabaki dugu literaturaren edertasunari eskainitako Deabruaren Eskolan IRAk Thatcherren kontrako atentatua bere gain hartzeko egindako idazkia euskaratzea? Irlandarrek beren min eta atsekabeak kontatzeko, irudikatzeko eta garaitzeko duten jeinu literarioaren adibide harrigarria delakoan. Izan ere, testuak ez dirudi komunikatu politiko edo militar bat, ezta gaizkile edo mafioso talde baten mehatxua ere; «Gaur zorte txarra izan dugu, baina gogoratu behin bakarrik izan behar dugula ona. Zuk zorte ona izan beharko duzu beti» idazki politiko edo gerra-deklarazio bat baino askoz ahaltsuagoa den beste zerbait dirudi: goiaingeru matxino baten madarikazio bibliko bat, Ekialde Urruneko ipuin bateko demonio batek botatako balbe agintza, elezahar bateko ijito baten maldizioa edo Europa iparraldeko antzinako legenda bateko belagile baten keinadura. Hala, bada, testuaren idazketa ekarri zuten gertakizunen atzean dagoen min, atsekabe eta izugarrikerietatik irlandarren jeinu literario amaiezina altxatzen da; sei milioi exkax dituen irla txikia munduko superpotentzia literarioa izatea ahalbidetu duen jeinu hori berori.
Irati Jimenezek fenomeno bitxi horri buruz zera idatzi zuen Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) liburuan: «Lagun irlandar bati galdetu nion behin zergatik ziren, bere ustez, hain garaiak Irlandako musika eta literatura eta ea antzeko zerbait ote zuten beste alor artistikoren batean. Ezetz esan zidan, ez zeukatela antzeko beste fenomenorik ez pinturan ez arkitekturan ez beste inon, besteak beste, ez dituztelako izan era horretako loraldiak garatzeko behar izaten diren baldintza sozialak, dela burgesiaren garapena, dela eskola artistikoen tradizioa, eta abar. Literaturak eta musikak, ostera, jendartearen bultzada herrikoia izan zuten, apenas bakerik ezagutu duten kaleetan sortu ziren, tabernetako lagunarte hordituetan eta elkarrekin dantza egiten zuten andre-gizonen artean. Akademietan eta hiztegietan zurrundu egiten dira idazleak, lehortu egiten dira sistema linbikoak, herdoildu egiten dira literaturari bere odola eman behar dioten bihotzak, Irlandak bizirik mantentzen jakin dituenak. Ongarritutako lurrean ernaltzen da anekdotikoa ez den edozein literatura, eta hori gertatu zaio Irlandakoari. Musikaren eskutik maisutu du ahozkotasunaren estilo literarioa, umorearen mekanismo askatzaileak erabili ditu, eta menderakuntzaren kontra etsi ez duen herri batean bere erregai humanoa aurkitu du».
Mikel Soto