Hau Hamlet da. Shakespearerena.
Ausardia litzateke, euskal itzultzailearen aldetik, zerbait berria erantsi nahi izatea autoreari edo obrari buruz. Bestek esanaren sintesi bat saiatzea ere eginbide zaila da: elemenia gauza esan eta idatzi da, eta askotariko, gehiegitarikoak apika. Hitzak, hitzak, hitzak: hori ere Shakespeareren beraren testuan dago, Hamletek berak esana.
Ez baita, haatik, bakarra Hamleteko Hamlet hori: askatu egin zen pertsonaia aspaldi testuaren mugetatik, eta mito unibertsalen errepertorioan du geroztik bizileku. Hori ere zabalegia zaio hitzaurre honi. Hala, bete-betean ezinezkoa dela jakinik ere, testu hutseko Hamlet zehatzagora gonbidatu nahi luke irakurlea. Pertsonaiaren mitifikazioa, haren interpretazioak eta are ospea bera, ahantzirik ez bada, alde batera utzirik bederen apur batez.
Izan ere, pertsonaia dramatiko oro bezala, bere hitz eta ekintzen batura baino ez da Hamlet. Haren pentsamenduak, hitz-ekintzotatik atera behar ditugu. Eta ezin gaitezke ziur egon zuzena ote den gure interpretazioa. Ezta pertsonaia bere buruarekin bakarka ari denean ere: nork berma diezaguke ez duela bere burua engainatzen halako bakarrizketa sarrietan? Izan ala ez izan (eta are izan eta ez izan, batera): ez da zer harriturik, gero, zatietatik osotasunera, guztia edo gehiena gertatzen bazaigu interpretazio bakar segurura ekarri ezina. Eta are pertsonaiak ez badirudi –edo ez bada– beti pertsona bera. Hamlet, bereziki. Besteak beste, eta aldaketak aldaketa, ez baita erraza bereizten noiz hala den, izan, eta noiz itxura egiten ari den soilik. Eta ez zoroarena egiten duenean bakarrik. Kasurako: antzerki egiten ari deneantxe ez ote da ari serioen? Eta, horretaz gero, nork esan du antzerkia, tragedia zein komedia, serioa ez denik, bestela ere?
Ez fidatu, ez: pertsonaien hitz eta ekintzak baino ez dituzu. Eta zer nahi zenuen, bada: zer duzu, antzerkian bezala, bizitzan ere? Fikzio fikziozkoagoek baino ez dizute emango pertsonaiaren erretratu fidagarriagorik: beste norbaiten interpretaziotik iraganik, noski, eta, funtsean, autorearenetik. Autorearengan sinetsiz gero, egiazkotzat jo dezakegu hark dioskuna (gezur ez bada artifizioa), baina autorearen berri ematen digu horrek (pertsonaiaren pentsamenduez pentsatzen duena, nolabait esateko), eta ez du fidelago biltzen pertsonaia bera: hura, berriro esan dezagun, bere hitzak eta ekintzak da. Bere aktuazioa da, hain zuzen, pertsona(ia).
Pertsonaia, berriz, patu tragiko eta guzti, marroka jolasten ari ote den pentsa liteke; beste pertsonaiekin, eta gurekin ere bai. Esanez bezala: ez nauzue harrapatuko; atzeman nauzuela uste duzuenean, beste nonbaitetik irtengo naiz. Are: aldakortasun atzemangaitz hori izango naiz (zu bezala). Hamlet.
Kontuak kontu, antzerkian eta bizitzan, pertsonaia interesgarria ez da pieza batekoa. Hamlet ere, eta berdin Hamlet, pieza askoren puzzlea da (ohikoagoa da hori bizitzan antzerkian baino, antzerkiaren kalterako). Genero eta erregistro guztien bildumatzat jo izan da beti obra hau, summa dramatikotzat. Pertsonaia, berriz, patu tragiko eta guzti, marroka jolasten ari ote den pentsa liteke; beste pertsonaiekin, eta gurekin ere bai. Esanez bezala: ez nauzue harrapatuko; atzeman nauzuela uste duzuenean, beste nonbaitetik irtengo naiz. Are: aldakortasun atzemangaitz hori izango naiz (zu bezala). Hamlet.
Beste ikuspegi batetik, baina aldakortasun horrekin zeharo loturik, esan liteke kontzientziaren zalantza dela Hamleten drama. Eta kontzientzia hitza bietara hartu behar da hor: oharmena, batetik (objektiboaren eta subjektiboaren arteko lotura), eta zentzu morala, bestetik (norberaren jokabidearen barne-epailea).
Gauzak konplikatzeko –eta ez antzerkian bakarrik–, inoren jokabide moralak moralki epaitzeko, haietaz ohartu behar genuke aurretiaz, eta hor ezin aurkitu objektibotasunaren sostengurik.
Lehenbiziko zalantza, beraz, jokabidea erabakitzeko kinkan, ez da erabakiari berari buruzkoa, datuei buruzkoa baizik. Halaxe Hamletena.
Bigarrena, berriz, gure barne-ahotsa (gure mamu zein ispiluko irudiena, alegia) fidagarri ote zaigun.
Hala, Hamletek ere, bere buruarekiko ispilu jokoetan galtzea gora-behera, mamua bederen –kanpotikoa izaki objektiboagoa irudi– zinezkoa ote den jakin nahi du, eta dirudien hura ote den (parte txarrekoa ala onekoa; hots, Hamletentzat, beraren aitaren izpiritua denentz benetan).
Jakina, kontzientziaren zalantza horrek ez du jotzen tragediaren hari nagusia soilik, guzti-guztia baino. Hamletek maite zuen eta ez zuen maite Ofelia; eta maite izan hori, objektibatzeko orduan, hitz bat baino ez da, berritsu zein mutu.
Hala, ez da harritzekoa Hamlet izatea bere buruarekin gehien hitz egiten duen pertsonaia (kontzientziarik zabalena, tradizio kritikoak azpimarratzen duenez) eta, aldi berean, ondorio baliagarri gutxien ateratzen duena. Kontzientziarik blokeatuena, alegia, bere inertziaz, ekintzarako bederen. Azkenean zerbait egiten duenean ere, pasiboa da jokabidea: patuak berarengan obratzea onartzen du, berak deliberatuki zirt edo zart ekitea baino. Kontzientziak ekintzarako desbaliatzen gaituela ere atera daiteke noski hortik, eta ez dabil hortik urruti modernitatearen pathosa: ekintzarik gabeko kontzientzia ala kontzientziarik gabeko ekintza, horra auzia.
Halako paraderoan, ulergaitz gerta liteke azken-azkenean Hamletek ageri duen kezka bakarra bere izen onari buruzkoa izatea. Hori ere, ordea, antzinako heroi tragikoen legea bezain, bizitza taigabe literaturizatzera garamatzan bulkada betierekoaren isla da noski: galduak galdu eta etsiak etsi, gure bertsioak iraun dezala (Fortinbras da kontrafigura, eta hark ere berea du: gudari-ohoreak emango dizkio Hamleti).
Libre da, hala ere, Hamleten irakurlea –edo ikus-entzulea, antzezte konkretuak uzten dion neurrian– garaien gainetiko hausnarbide sotilotan barrentzeko, hala nahi izatera, edo eta Shakespearerentzat ere primitibo, arkaikoa zen garai bateko odol-kondaira ikaragarrian laketzeko, besterik gabe. Bi hartzaile mota horientzako zein guztientzako, bada bazka, orduan eta orain, eta mekanismo dramatikoak ederki funtzionatzen du edonola ere.
Aurki liteke inkoherentziaren bat, objektiboa kasu batzuetan, testuan (ganadua dira eruditoak, gero, horretarako!), baina horrek ez dio kalterik egiten emozio-kateari, eta bai mesede, kasuren batean: ikusleek, sinple zein sofistikatuek, badakite zeren bila doazen antzerkira, eta ia edozer barkatzen dute horren truke. Eta aktoreek ere beti jakin dute noski zer nahi duten eta zergatik (zeinek bere arrazoia duela): galdetu, bestela, eta Hamlet esango dizute guztiek: Hamlet bana.
Eta itzulpena? Halako testu sakratuaren itzulpena? Hor ere, kontzientzia hutsak behar zukeen ekintza eragotzi: zenbat eta buelta gehiago eman, orduan eta itzultzetik urrunago. Baina hori, aldez edo moldez, gauza guztiekin gertatzen zaigu. Horixe izan, nonbait, gizakion patua: pentsatuagatik, egin egitea hala ere beti zerbait.
Egina bera dezadan, bada, desenkusa, eta ez egin izana.
Juan Garzia Garmendia
Hamlet (Elkar, Urrezko Biblioteka, 2012), hitzaurrea