Galdakaon, 2005eko irailaren 12an
Aspaldiko, I.:
Berba hori, «aspaldiko» hori, hamalau urte airean eramateko gai izango balitz bezala, berba bakarra bizitza erdia laburtzeko gai izango balitz bezala. «Aupa» beroago batekin hasteko tentazioa ere izan dut, baina, hobeto pentsatuta, hurrengo gutuna hasiko dut horrela, ze ezin dut apurtu hamalau urteko espazioa ezer gertatu ez balitz bezala. Ez zait batere kostatzen zuri idaztea; kostatzen zaidana da egunero berba egiten duten lagun bi bagina bezala hastea eskutitz hau. Horregatik «aspaldiko» hori, ze, izan nadin zintzoa: ez dizut kartarik egin hamalau urteotan, eta oraintxe nator horretara, zer eta argitaletxe honek eskatuta. Zintzoa diot, neure buruarekin jokatu nahi dudalako zintzo: barruan dagoenak, beharbada, kontzientzia belztuta botoa ematerakoan. Ulertuko duzu, beraz, tipo normal bihurtu nautela hamalau urte hauek.
Argitaletxetik eskatu zidatenean preso bati idazteko, zurekin gogoratzeaz aparte burura etorri zitzaidan lehenengo irudia Herriko Tabernako barraren atzeko argazkiak izan ziren. Arin-arin pasatu ziren denak nire burutik, eta pentsatu nuen banuela euretako bakoitzari zer esatekorik, esate baterako, baten gaztetako abenturak maiz entzun ditudalako edo besteak mesederen bat egin zidalako aspaldi, eta horrela denekin; baina zu izan zaitut beti guztietan hurbilena, eta, oraindik ere, kalean Euskal Herriko preso guztien argazkitxoak dituen kartel handi horietako bat ikusi eta argazkiei begira geratzen naizenean, zure aurpegia bilatzen dut. Eta duela hamalau urte bezala aurkitzen zaitut beti: bihurrikeria bat egin berri duen mutikoaren aurpegiarekin. Bai, mutiko aurpegia duzu argazki horretan, ez neskatoarena. Txapelarekin zaude, irribarretsu. Eta niri gustatu egiten zait argazkia. Egongo dira albumetan zure argazki hobeak ere, jakina, baina garai bat gogorarazten dit aurpegi horrek. Ez dakit zelako itxura duzun gaur egun. Seguruenik hobetuta egongo zara, denborak ondo tratatuta eta hobetuta. Kontuak kontu, kartel horretako argazkiaren kontuarekin jarraituz, behin, neska-lagunari erakutsi nion zu nor zaren, eta esan nion zurekin maiteminduta egon nintzela garai batean. Bai, egon nintzen, bai. Bada, esan nion nor zinen, eta erantzun zidan zure ahizpa politagoa dela, eta ea zelan gustatzen zitzaidan mutil aurpegiko neska hura. Seguruenik arrazoi du ahizparen kontu horretan, eta, egia esan, nik ere ez dut gogoratzen zergatik egon nintzen maiteminduta, memoria txarra dudalako eta, gainera, maiteminaren arrazoiak ez direlako lar arrazoizkoak izaten. Gogoratzen dudana da irribarretsua zinela, eta bizia.
Baina hamalau urte dira ez zaitudala ikusi. Zuk ere ez ni, baina horrek ez du ardura, ni nintzelako maitemindua eta ez zu. Izan ere, platonikoa zen hura, eskuraezina. Zinemako izar batekin (Charlotte Gainsbourgekin, esate baterako) gustatuta egotea bezala zen: zu hortxe zeuden eta nik begiratu baino ez nuen egiten. Esate baterako, institutuko norbaitekin maitemintzen banintzen diferentea zen, ze neska horiekin zerbait gertatzea errazagotzat neukan (inuzentea ni), eta, ondorioz, urduriago jartzen nintzen eurekin. Baina zurekiko maitasunean lasai nengoen, ezinezkoa zelako.
Ez dakit noiz egin ginen lagun, baina 1991n atxilotu zintuztela ondo gogoratzen dut. Nik orduan 18 urte nituen: begiratzen diet gaur eguneko 18 urteko mutilei eta umemokoak iruditzen zaizkit. Antzekoa izango nintzen ni ere, edo okerragoa igual. Saiatzen naiz 18 urte nitueneko garaia gogoratzen, eta badakizu zer etortzen zaidan burura? Bada, lagunekin futbolinean aritzen ginela, udan Pirinioetara joan ginela, selektibitatea egin genuela eta hortzetako aparatua neukala. Tipo eskasa nintzen, bai, eta haginetako aparatua zen guztiaren erruduna: denborarekin, haginak ondo geratu zaizkit, baina amorrua ematen dit garai hark, urte bi pasatu nituelako traste zaharrarekin ahoan eta, besteak beste, zuk burdin horiekin gogoratuko nauzulako seguruenik. Hori da kartzelak daukana: oroitzapenak izoztu egiten dituela. Badira hamahiru urte inguru aparatua kendu zidatenetik, baina zu, ordurako, barruan zeunden. Zin egiten dizut orain guapoagoa naizela, ez askoz ere gehiago hala ere.
Herri Urrats baten osteko astelehenean, esan zenidala «atzo ikusi zintudan», eta nik, urduri, erantzun nizula «a, ikusi zenidan?», eta gogoratzen dut segituan konturatu nintzela egindako akats galantaz, baina ez nizula ezertxo ere esan, ez zinelakoan konturatuko (lehen ere esan dut inuzentea nintzela, ezta?).
Herria ere nabarmen aldatu da hamalau urteotan. Gu ez gara konturatzen, baina zu konturatuko zara bueltan zatozenean. Gogoratzen zara kale nagusiaren beheko aldean, Plazakoetxerantz ezkerreko espaloitik zoazela, zelan zegoen etxe handi bat, medikuren batena, bere lorategi eta guzti? Horren partez pisuak daude orain. Espaloia zabaldu egin zuten eta orain ez dago lorategirik. Ez dakidana da 1991 baino lehenago ala geroago bota zuten etxe hori, hain arin doa dena. Beste espaloian ere, J.tarren etxea bota egin zuten duela urte pare bat, etxe gehiago egiteko. Kalean gorago, berriz, zutik dirau Inuntziaga etxeak; eta gorago oraindik, udaletxea pasatu eta elizarantz zoazela, I.tarren etxea ere hortxe dago, baina frontoia ere ez da lehengoa, eta Elexaldera bidean aberatsentzako etxeak egin dituzte. Dena dago aldatuta, baina ez gara konturatzen.
Kontua da, aspaldiko garai haietara atzera joanda, ingeleseko eskola partikularrean ibili ginela biok, gogoratzen? Tira, gu biok eta zure ahizpa, eta J.S., eta B.P.U., eta A.A., eta J.H. eta beste zenbait. Irakaslea Shane zen, hori ere ez dizut gogorarazi beharko. Batzuetan batera joaten ginen, eta batera bueltatu. Ez beti biok bakarrik. Edozelan ere, bakarrik joaten ginenean, lehen aipatu dizudan lasaitasuna apurtu egiten zen apur bat, eta urdurixeago egoten nintzen. Gogoan daukat, egun batean, Herri Urrats baten osteko astelehenean, esan zenidala «atzo ikusi zintudan», eta nik, urduri, erantzun nizula «a, ikusi zenidan?», eta gogoratzen dut segituan konturatu nintzela egindako akats galantaz, baina ez nizula ezertxo ere esan, ez zinelakoan konturatuko (lehen ere esan dut inuzentea nintzela, ezta?).
Ingeleseko eskola haietan gaztelaniaz egiten genuen ingelesez baino gehiago. Batez ere mintza praktika izaten zen hura, eta hasi, ingelesez hasten ginen berbetan, baina aurrera jarraitu eta eztabaidan berotu ahala, bestera jotzen genuen, eta badakizu zein den partikular haietatik ondoen gogoratzen dudan pasartea? Badaude ondo gogoratzen ditudan zenbait pasarte, baina ondoen gogoratzen dudana da (eta profetikoa dirudi, gaur egunetik begiratuta) askatasunari buruz berbetan hasi ginenean, Shane irakasleak horretara behartuta. Askatasuna zer den galdetu zigun, ze baldintza behar den askatasuna egoteko. B.P.U.k, gaztetxoena baitzen artean, esan zuen askatasuna dela bidaiatu ahal izatea, mugak zeharkatu ahal izatea. Sinplekeriak inoiz ez zaizkit gustatu, eta, erantzun horrek eman zidan amorruarekin, esan nion ez esateko txorradarik, eta askatasuna zela, esate baterako, berba egiteko mugarik ez izatea, «eta hori da herri honetan falta duguna». Nerabea nintzen, badakizu. Eta hori amorruagatik esan nuen, barru-barrutik, ahaztuta gelako beste ikaskide guztiak, ahaztuta eztabaidan parte hartzeko txandak. Eta gogoratzen dudana da zuk segituan esan zenuela «hori da» edo horrelako zerbait, eta orduan bueltatu nintzen errealitatera, eta gogoratu nintzen gelako beste ikaskideekin, eztabaidako txandekin eta guztiarekin. Hori izan zen, beharbada, maitasun platoniko horretan izan nuen garaipenik handiena: nik diskurtsoa bota eta zuk nire hitzak babestea. Beste garaipen bat ere sentitu nuen, behin zure bizitza pertsonalari buruzko gauza bat kontatu zenidanean. Ez zen ezer izan, baina niri hain gauza pertsonala iruditu zitzaidan, konfiantzari egindako garaipena iruditu baitzitzaidan. Seguruenik ez duzu gogoratuko, baina berdin dio.
Edozelan ere, 1991 hura ere etorri zen. Eta abuztuaren hondarretan, hilaren 29a, Bilboko Etxebarri parkearen inguruan, ETAko kide bat eta ertzain bat hil egin ziren tiroz, eta egun horretan bertan atxilotu zintuzten, oso oker ez banago. Albistea bolbora bezala zabaldu zen herrian, ezin genuen sinetsi. Irailaren 3an sartu zintuzten kartzelara, eta geroztik. Geroztik hamalau urte, eta geroztik ez dizut kartarik idatzi.
Ez pentsa egun horiek guztiak, datu horiek guztiak zehatz-mehatz gogoratzen ditudanik. Lehen ere esan dizut memoria txarrekoa naizela. Kontua da, handik urte batzuetara, Zurt! deitzen zen musika-talde batek maketa atera zuela, sei abestirekin. Gaur uste dut Zurt deitzen den talde bat dagoela (harridura ikurrik gabe), baina ez nago seguru. Gaztetan oso hurbiletik jarraitu izan dut euskal musika, eta maketa guztiak erosten nituen. Gero galdu egin nuen ohitura hori, eta orain ezagutzen ditut talde gehienak eta jarraitzen dut musika, baina apur bat urrunagotik. Bada, Zurt! taldearen maketako abesti horietako bat «Etxebarria 91-8-29» deitzen zen, eta niretzat erreferentea izan da: ez abesti ona iruditzen zaidalako, baizik eta berari esker gogoratzen nuelako atxilotu zintuzten eguna.
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, maketa hori jarri dut musika-aparatuan. Urteak dira ez nuela entzuten. Taldeak Delirium Tremensen sekulako antza dauka, gitarretan, erritmoan eta, batez ere, abeslariaren kantatzeko eran. Antz handiegia, gauza onerako. Letretan zeukaten desberdintasunik handiena, Zurt! politikaren betiko letra topikoetan galtzen baitzen. Baina hori normala zen garai hartan. «Ostiral gauean eta barrikaden artean jakin izan genuen zer den lagunak galtzea». Ez da Garcia Lorca, baina, seguruenik, ez dago urrun nik egun hartan sentitu nuenetik.
Hasierako sorpresatik geroko beldurrera pasatu ginen, irailaren 3an kartzelan sartu zintuztenean. Handik egun bira, irailaren 5ean, herriko jaiak hastear genituela, hotzikara sentitu genuen egunkaria irakurtzean. Torturak. Egun horretan, lagunartean, Bueren epailearen aurrean egin zenituen deklarazioak aipatu ziren. Gutxitan entzun genituen horrelako izugarrikeriak, eta oraindik ere (aitor dezadan hemerotekara jo behar izan dudala hori gogoratzeko) hunkitu egiten naiz.
Kanpoan horrelaxe doa denbora, pozetik pozera, tristuratik pasatuta. Kanpoan hori da bizitza, edo hori dela sinetsi nahi dut: poz-tontor txikiz osatutako harana. Nik, denborarekin, ikasi dut nolabaiteko poza aurkitzen egiten ditudan gauzetan, eta, modan ez dagoen arren, esan dezaket zoriontsua naizela.
Eta bien bitartean, gu jaietan. Begiratu dut 1991ko egutegia, eta konturatu naiz irailaren 5a osteguna zela, eta, beraz, hurrengo egunean hasiko ziren jaiak, seguruenik. Geroztik hamalau urte joan dira, hamaika gertakari eta hamaika gorabehera gure herri honetan, garai okerragoak eta garai hobeak bizi izan ditugu, baina denak ahazten dira, eta berriro heltzen dira herriko jaiak, eta berriro eta berriro hamalau aldiz. Eta, aurten, herriko jaiak baino egun bat lehenago, egunkariak ez digu tortura salaketarik jarri begien aurrean; horren ordez, beste albiste bat heldu zaigu, ez egunkaritik ezpada telefonotik: zure ahizpak semetxoa izan duela, izeko egin zaituztela.
Kanpoan horrelaxe doa denbora, pozetik pozera, tristuratik pasatuta. Kanpoan hori da bizitza, edo hori dela sinetsi nahi dut: poz-tontor txikiz osatutako harana. Nik, denborarekin, ikasi dut nolabaiteko poza aurkitzen egiten ditudan gauzetan, eta, modan ez dagoen arren, esan dezaket zoriontsua naizela. Kuriosoa da modan ez egotea bizitzeko beharrezkoa den zerbait. Kuriosoa da, era berean, jende gehienari lotsa ematea zoriontsua dela esateak. Beharbada izango da ez direlako zoriontsuak, edo ez dakitelako zoriontsuak direla. Eta, esan bezala, kanpoko egunak horrela doaz. Barruan ez dakit zelan doazen, barruan beldurra ematen dit imajinatzeak ere. Zu ere ez zaitut imajinatu nahi barruan, eta, hau idazterakoan, imajinatzen zaitut Karibeko hondartza batean edo Suediako baso batean, ez ziegan. Imajinatu nahi zaitut herrian, kalean, txapelarekin eta mutiko bihurriaren aurpegiarekin. Eta ikusi nahi zaitut egunerokotasun arrunt honetan, poz-tontorren batean, terraza batean rabak jaten edo supermerkatuan. Eta ikusiko zaitut.
Besarkada handi bat, I.
Julen Gabiria
Adiskide maitea:, Txalaparta, 2005
*Julen Gabiriak Mikel Sotori 2019ko ekainaren 10ean «Mezu zoriontsu bat astelehen goiz baterako» emailari emandako erantzunaren pasartea