Literatura norberaren bizipenarekin nahasten zen toki bizi bat

2020-08-30

Urte asko direla, bizpahiru idazleren lanarekin topo egiteak egin ninduela literaturzale esan dezaket. Horietako bat Cortazar zen, noski. Horretan ez nintzen izan bakarra, gainera. Inoiz idatzi dut, guretzat —eta hemen plurala ez da baliabide erretorikoa, ertzak ongi definiturik ez dituen multzo zehaztugabea baina guztiz egiazkoa baizik—, Cortazar eta beste batzuk zirela medio, literatura norberaren bizipenarekin nahasten zen toki bizi bat izan zela, zeinean bildu baitziren norbera hobea izateko esperantza eta mundua aldatzekoa, elkarren ondoan, elkarren osagarri. Urte mordo bat geroago, justua zen testu batzuk nostalgiari ebastea, bere balio literarioaren argi hutsez dir-dir egin dezaten. Cortazar bizardun edo bizarrik gabeko baten erreibindikazioa (norberak ikusiko du), beste baterako utzirik. Cortazar idazle izugarri abila zen, beste gauza askoren artean, eta asko dago berari ikasteko eta berarekin gozatzeko. Eta hori da dena.

Jon Alonso

Sarrera hitzak, Antologia apetatsua, Julio Cortazar, Txalaparta, 2004