Balea, balea!

Balea!

«Balea, balea! –aldarrika ziharduen talaieruak…». Suposatzen dut nekez imajinatuko zuela Edorta Jimenezek 1994 urte inguruan, gaixo zegoen Irati alabarentzat «Talaierua» izenburua edukiko zuen ipuinaren lehen hitz horiek idazterakoan hamarkadatik gorako abenturan sartuko zela, sartuko zuela talaieruaren aldarriak entzun zituen Sebastian Zubiletakoa eta sartuko gintuela euskal irakurleak. 

Talaieruak balea bistaratu zuen uren ertzean, Lekeitioko Karraspio hondartzan, Baleen berbaroa irakurtzen amaitu nuen 2000. urteko abuztuan. Nekez imajina nezakeen ia hamarkada bat geroago Sebastian gaztearen jornadaren azkenekoak kontatzen lagunduko nuela. Baina urteak ez dira alferrik pasa eta itsasoak apurka-apurka denok irentsi gaitu.

Liburua amaitzen nengoela Joseba Agirreazkuenaga historialariari hitzaldi batean entzundakoak etorri zitzaizkidan gogora. Gutxi gora behera hauxe esaten zuen Agirreazkuenagak: lurraldetasuna gora, lurraldetasuna behera, euskaldunok historian zehar eduki izan duguna itsasotasuna izan da. Alegia, munduarekin harremanetan jartzeko gure bidea itsasoa izan da, gure barne historia eraikitzeko ezinbesteko ardatza itsasoa izan da eta, are, euskaldunon arteko harremanen giltza ere itsasoa izan da.

Gogora etorritako bestea zera izan zen: ordura arte euskaraz ez nuela honelakorik irakurri. Ikasketengatik Historiatik Literaturatik baino gertuago nengoen garai horietan miragarria iruditzen zitzaidan Edortaren ahalegina gure historiografiak hamarkadetan zehar baztertutako gaiak literaturara hain dotore ekartzeko: inkisizioa, esklabotza, euskaldunen eta Koroaren arteko harremanak, protestantismoa… Ikerketa handi baten seme iruditu zitzaidan liburua.

Talaieruak balea bistaratu zuen uren ertzean, Lekeitioko Karraspio hondartzan, Baleen berbaroa irakurtzen amaitu nuen 2000. urteko abuztuan. Nekez imajina nezakeen ia hamarkada bat geroago Sebastian gaztearen jornadaren azkenekoak kontatzen lagunduko nuela

Ur ertzetik ikusi ez arren, ordurako letren itsasoan libre eta haizea alde zebilen Baleen berbaroa. Besteak beste, argitaratu eta hurrengo urtean Espainiako sari nazionalean finalista izateko izendatua izan zen (hara, euskal literaturaren historiaurrea: Edorta Jimenezen liburu hau zein Koldo Izagirreren Balizko erroten erresuma plaza nazionalera ateratzen zirela gure edizioetan ospatzen genuenean!). Ez nekiena zera zen, urtebete exkax hartan egindako ibilaldia nazioarteko ateak irekiko zizkiola. Izan ere, euskaldun batenak ez ziren begi batzuk jo zuten liburua; Roberta Gozzi italiarrarenak. Hari liburua egokia iruditu zitzaion italierara itzultzeko hainbat ezaugarri zirela medio: goi mailako kalitate literarioa eta, nagusiki, Euskal Herrian kokaturiko istorio bat, lokala izanik –edo zelako- unibertsala zena. Horrek Le voce delle ballene (Tranchida, 2003) ekarri zuen eta, gerora jakin nuenez, kemena ere ekarri zion Edortari Sebastian Zubiletakoaren abenturekin jarraitzeko. 

Argiaren azken pausalekua

«Argiaren azken pausalekua da Lisboa…» dioskute Sukar ustelaren urtearen lehen hitzek. Batean argia dena itzala da bestetan; trilogiaren bigarren liburuak argia ikusi zuenean itzalean nengoen ni. Baina, itzalpean egindako irakurketa horrek lehenaren susmo eta baieztapen guztiak berretsi zituen. Akaso ezagutza faltagatik ikusi ez nituen beste jostura batzuk ikusi nituen ordukoan. Nagusiena, hizkuntza. Ausazkoa ez zirudien erabilera sumatu uste izan nuen… bai eta asmatu ere. Ez nituen nik hartu Edortak Ibon Sarasolaren hiztegian aurrera eta atzera ibiltzerakoan hartu zituen sorpresak. Honela, idazle den Edortak ikusi eta ikasi zuen idaztea berria dela gure hizkuntzan, ez ordea izkiriatzea. Eta izkiriatzea zaharra den arren, irakurtzea berria dela. Gerora, nik Edortarekin batera lanean ikusi eta ikasi dudana zera izan da: ez dagoela Piztien itsasoan osoan kasualitatez paratu den hitz bat bera ere.

Sukar ustelaren urtea irakurritakoan aurreko liburuan pasatu egin zitzaidan beste zerbait kausitu nuen ere. Liburuaren –trilogiaren- hezurdura ideologikoa. Gaiak aipatu ditut arestian, baina, orritik orrira salto egin ahala irakurlea protagonistaren bilakaera ideologikoaz jabetzen doa. Fedea, ateismoa, inperialismoa, aberri ttipiarekiko maitasuna, nazioen arteko harremana, klaseen artekoa… Erdi aroaz geroztik euskaldunek eduki dituzten kezkak dira aipatutako hezurdura ideologiko horren parte. Erantzun argirik gabe, gehienetan, Sebastianek gehienetan galderak dauzkalako erantzunak baino. Ilunpetik argi bila doa eta, errainuak ikusi ahala, haien xerka abiatzen da irakurlea harekin eramanik, bizitzan eta munduan haren pausalekua bilatu nahirik.

Piztien itsaso handira joateko deia

Azkenean, ibiliaren ibiliaz eta irakurleon fideltasunari esker, bide egin zuen Edortaren proposamen literarioak. Iritzi horretakoak izango ziren Joseba Jaka Literatur Bekako epaimahaikideak Piztien itsasoa trilogiaren azken maila igotzeko Edortari laguntza ematea erabaki zutenean beka horren V. deialdian. Ez da harritzekoa, honelako erronka bota eta horri eustea ez baita lan erraza. Izan ere, ez da ohiko ariketa literarioa trilogiarena edo liburu sortarena eta, ohikoa ez izateaz gain, ez da ariketa erraza; Pio Baroja ez bazara, behintzat. Euskal literaturan burututakoen artean bat datorkit burura: Patxi Zabaletaren Ukorekak, Badena dena dak eta Arian arik osatzen dutena. Denboran hurbilago, Aingeru Epaltzak Mailuaren odolaren argitalpenarekin batera trilogia agindu digu. Eskertzen diodan bezainbeste erruki diot. Idazleak bakarrik daki bere sormenaren ze parte utzi dion aurrez erabakitako mapa literario horri.

Edortak loa, dirua, erosotasuna, oporrak… denetarik utzi dio Piztien itsasoari. Baita espazioa ere. Gogoan dut haren Mundakako etxera joan nintzen aurreneko aldian liburuz mukuru aurkitu nuen apalategia. Bertan, luzera, zabalera, hizkuntza, garai, gai… ezberdinetako liburu eta liburuxkak zeuden. Petruccio Ubaldinik Florentzian 1588an idatzitako La disfatta della flota spagnola; Joe J. Simmons-en Those Vulgar Tubes: External Sanitary Accomodations aboard European Ships of the Fifteenth through Seventeenth Centuries; Jose Luis Azpiazuk idatziriko Un mercader en el reino de Felipe II: El eibarrés Martín López de Isasi; Tycho Brahe astronomoaren neurketak biltzen dituen A meteorological Study of July to Octuber 1588: The Spanish Armada Storms eta abar eta abar. Guztiek komunean zutena ebidentea zen. Sebastian Zubiletakoa zen liburu guzti horien lokailua. Irakurlearentzat –Edortaren etxea museoa bilakatzen ez zaigun artean behintzat- igartzen zailagoa izango dena zera da: liburu guzti horietatik ateratzen diren hariak. Umberto Ecok esana da eleberri historiko bat egiteko ikerketa lana osoa izan behar duela, baina ikerketa horren isla eleberrian arina. Ezin arinagoa da trilogian zehar ikerketaren isla, baina ezin osoagoa da ikerketa bera. Edortaren liburutegia testigu. 

Hala, bada, Mundakako talaieruaren esfortzuek gure Kantauri itsaso ttipia jantzi dute. Inori axola ez dion arren, inguruko piztien itsasoko Alatriste, Guillermo de Baskerville eta enparauei harro begiratu ahal diegu gure talaiatik. Txotxolotzat, erotzat hartuko gaituzte, ohi bezala, baina bada garaia jabetzeko zorteko garela, hala ez baitigute «gure etxeko itsaso ttipitik bihotzik gabeko piztien itsaso handira joateko dei egingo».

Mikel Soto

«Gure itsaso ttipia», Nabarra, 2007

Espainiako Espainiako eta Ingalaterrako ontziak 1588ko abuztuan. XVI. mendeko margo ingelesa, egile ezezaguna