Euskal Parnasoak bat-bateko vaudevillean hartzen du bere loria

Jinko guztietan, amodioa da munduko poetek oro gehien kantatu dutena; baditu kantariak hala Groenlandiatarretan nola Kafreetan. Ipar Poloko eremu goietan soberaniazko hotzari horren laburra den uda darraikio, hegaztiak datozelarik eta zonbait egunen buru, zonbait orenen buru lili distirantenak sortzen direlarik lurrean, ber gisan sortzen dira sentimendurik eztienak gizakiaren bihotzean. Iduri luke ezen, eremu urrun horietan, hegoaldekoon begietan elur eta izotz eternalekoa den lurralde horretan, Saharako basamortuan bezain bero egiten duela noiztenka.

Miarritzeko marinel zahar bati zor diogu geografikoa baino poetikoagoa den oharmen hau; zeren maitasuna —zioen gizon honek zentzu itxura poxi batez— Jinkoak sortu naturaren lege handietarik bat baitugu. Maitasunik ez bagenu, ez ginateke nehoiz ezkonduko, eta mundua manerarik deitoragarrienean eta tristeenean litzateke finituko.

Hain segur; baina amodioak beste deusi alderatzen ahal ez zaion zoriontasuna ematen badu ere, badauka damu-atsekaberik: bere Philis-ek atertu gabe eskatzen zizkion belarritako, lepoko urrezko eta gona ederrak erosi ahal izateko diruaren eskuratzearren aitaren ardiak saldu zituen artzain zuberotarra dugu lekuko. Sakrifizio honen saritzat, artzaintsa burumehea desleialtasunik beltzenaren ogendun zen bihurtu. Ez ote zuen erran zaharrak aitzindu? Hartzen duen emaztea, saldua da; eskatzen duen emaztea, galdua da.

Artzaina dolu zen ardi galdu honetaz, gizakiaren bihotza ahula da; baina ez zen gutiago dolutzen saldu ardiez. Ataka gaitza! Nola esplikatu aita koleratuari artaldearen laburtzea? Horrela egiten dio galde bere buruari, aholkuak ematen dizkioten mendiko hiru ikazkinekin eleka. Hire ardiak? Otsoak klikatu ditik! Badator mandazain bat: laugarren jakilea. Nolaz ez du aitak sinetsiko halako kaltea heldu zaiola artaldeari, horren lekukotza errespetagarriak ukatuz! Mandazaina hasten da koplaka: otsoak ikusi ditu, baita zenbatu ere, bost ziren! bere mandoaren hedeen eta buruaren gainean zin egiten duela. —Ah urkakumeok! egiten du oihu aitak, Molière-ren Géronte bat bilakaturik: ikusten dut ados jarriak zaretela gezur beraren esateko. Morala:

Primaberan sortzen da
Lili eijerrik
  Arrosa gorri eta
Briolina freskorik:
Ehun andere
Banutu ere
Hurak bezain xarmantik,
Sekula ez nezake
Nik eman dirurik! (…)

Bizkaiko Foruak debekatu egiten zien apezei gelaririk edo barragana-rik ukaitea. Frantziako Nafarroaren antzinako garai ederretan, alabaren bat zeukanak aski agerian zuen hazten eta etxe oneko premu batekin ezkontzen, dotea emanik. Katoliko izatearen zurruntasun eta penitentzietan ere gizakiaren betebehar eta duintasunaren sentimendua errespetatzea esaten zioten honi gure arbasoek, gizaki basati baina deabrua bezain positibo haiek.

Itzul gaitezen gure kantuetara.

Ni balin banintz koplari
Naizen bezala dantzari! 
(…)

Beltxarana naizela zuk omen diozu,
Ez naiz xuri-gorria egia diozu.
Xuriak xuri dira, ni naiz beltxarana
Ongi kontentik dago ni behar nuiana.

Muthil bat nuzu propia,
Eta harekin so eztia,
Eztakururik gabia,
Mintzazale pollita,
Khortegiten usatia,
Neskatila ederrek,
giten daute karesa,
Eta gero onduan
Gibeletikan trufa
Hori da ene malurra.

Xarmangarriak dira bertsook. Euskal Parnasoak bat-bateko vaudeville-an hartzen du bere loria. Amodioa jainko hilezkorra da, beti berri, beti bera, ber gisan inarrosten ditu bihotzak oro, mintzaje bardina du herri guztien poesian. Baina, Europan, poetak oro letradunak ditugu, ikasiak; eredu handiak irakurtu dituzte, lanaren poderioz perfekzionatu dira koplagintzan; herriak, zinezko herriak, ez du nehoiz erakusten ahalmen literariorik ez poesiarako talentu mendrenik; edo, kantuak egiten baldin baditu, arruntak izaten dira, ahalkegarriak, ihikistagarriak zozokeriaz eta zabarkeriaz.

Euskaldunaren zibilizazioa bere mintzairan dago osorik, nazioaren espirituan berean dauka bere genio poetikoa

Trubadurrak letradunak ziren, musika ikasiak ziren eta anitz hizkuntzatan zekiten izkiriatzen. Frantziako Midi osoan, irakurtzen eta izkiriatzen ez dakienak ez du nehoiz kanturik egiten. Ken iezazkiezue Biarnotarrei Despourrins-en eta Xavier Navarrot-en kantuak, ez da batto ere geratuko hamazazpigarren mendeko burgesen batek sortua ez denik. Nafarrek bi errege kantugile dituzte, Thibaut de Champagne et François Phébus; baina errege hauen rimek baino haboro balio dute ibarretako basa-koplakarien inprobisazioneek.

Euskaldunaren zibilizazioa bere mintzairan dago osorik, nazioaren espirituan berean dauka bere genio poetikoa: mendiko koplakariak ez du inprobisatzen ez bada poeta aitonseme gisa, gostu, espiritu eta dotorezia handiz zonbaitetan, baina beti ere tribialtasunik gabe, nobleziaz, bere burua ezinago errespetatzen duen eta errespetatua, mirestua izateko eskubidea duen basa-poeta bezala.

Euskaldunen herrian, amodiozko deklarazio eta aitorpenak, poesian, munduko beste herrietan bezala dira egiten:

Eri nuzu bihotzez erraiten dauzut bi hitzez,
Sukhar malinak harturik nago zu gal detzadan beldurrez,
Othoi, othoi, kuntsola nezazu hil ez nadin dolorez.

Mihian dutzun elhe ederrak bihotzian bazintu,
Menturaz zure maithatzia erresoli niokezu,
Bainan gero desplazerrik eman gogo baduzu,
Othoizten zaitut hemen berian lurrez estal nezazu!

Fidel izatia,
Gaiza nekia
Orai dela duzu berria!…

Eta tra la la!

Maithatu zaitut eta ez naiz ganbiatuko,
Bihotzian sarthu zerazkit eternitate guziko.

Eternitate guziko!

Eternitate guztiko: besterik ez. Berma hor.

Amuriorik badudala
Etzaizia uduri?
Zure gatik igaran niro
  Itsasua igeri!

Amudioa zer dan jakin nai dubenak
Emen paratzen diot pintura bat ona:
Lenago joko dute zeru goia, lurra,
Eta eroriko da norteko izarra,
Itzaldu deneko daukadan sugarra! (…)

Munduko poesiek oro eta pastoralek oro dituzte beren tortoilo xangrinatuak eta beren oihanak; euskal Parnasoak ere baditu bereak.

Uso tortoila samurra
presta dak hire negarra,
ikus dadin ene pena
bihotzean zein den barna. 

Badugu oraino amurusa galdu duen neska gaztearen balada, eta koplakariak urzo-tortoilo zinkurintiarekin alderatzen duena, lau bertsotan. Euskaldunen nortasunaren izate positiboa ageri da harzara inprobisazio hunkigarri honetan. Bigarren bertsotik aitzina, eta, gizon zuhur eta buruduna, alaba alargundu berriari bigarren senarra bilduko ziola hitz ematen zion La Fontaine-ren aita iduri, koplakari zirikazaleak kontsolatzaile bat aipatzen dio etsimenduaren ezkongaiari. Baina horrelakorik esaten badu, hain segur, borogatzeko eta bere arrapostuaren ukaiteko besterik ez da: badaki galdu berri duen amurusa inoiz senartu ez zuenez, kontsolaezina izanen dela. Halakoetan ez du bere buruaz beste egiten, hiltzera uzten du. L’Itinéraire sinetsia da anitz Euskal emazte hil dela maite zuten senargaia galdu izanaren xangrinaz; plazer du hori sinestez, nahiz eta euskal lurraldeetan suizidio bakar bat ere ikusi ez den amodio doluz, sei mila urtez geroztik.

Herri honetako neska-mutil gazteei egiten ahal zaien goresmenik ederrena da.

Agosti Chaho

«Amodioa», Biarritz entre les Pyrénées et l’Ocean liburuko XLIX kapitulua, Kantutegia, Patri Urkizuren edizioa, Susa, 2006

Irudia: Galder Perez eta Ane Zabala artistak 2009. urte hasieran Edorta Jimenez idazlearekin eta Txuma Murugarren eta Rafa Acebes musikariekin egindako Mirande Kabareta ikuskizunean. Joseba Barrenetxearen argazkia