Nor da Walter Benjamin? Alemaniako idazle bat. Guti ezagutua gure artean eta Europako herri askotan ere bai.
1892.eko uztailaren 15ean jaio zen Berlinen, judu familia baten barrenean. Bere haurtzaroko giro hitsaren ondorio bezala, tenperamentu triste baten jabe egin zen. Honen berri, «Berlingo haurtzaroa XIX. mendean» deritzan lan batean ematen du.
Harren entseiu eta itzulketa lanak oso ezagunak dira Alemanian. Orain dela guti, lan hoik frantsesera itzuliak izan dira; eta ba dirudi, herri horretan oihartzun haundia izan dutela.
Walter Benjaminek, oso gazte zenez geroztik, Alemaniako mugimendu antiburges estremistetan parte hartu zuen. Komunismo ortodoxoaren kontra altxatu izan zen beti, eta pertsonalki haren postura politikoa anarkiko bezala agertu da gehienbat.
Berlinen eta Friburgon hasi zituen bere ikasketak. Gero, ikasketa nagusiak egitera, Frankfurt-era abiatu zen, eta, Unibertsitatean sartzeko, lan bat presentatu zuen: «Alemaniako tragediaren hastapenak». Lan honek betiko hitxi zizkion Unibertsitateko ateak. Gaur, ordea, lan bitxi horri inportantzia handia ematen zaio. Ba dirudi, gaur egunean ere ez direla gauzak aldatu, Unibertsitatean sartzeko, pertsonalitatea eta imaginazioa sarri askotan kualitate kaltegarriak izan ohi dira eta.
1914. urtean, Unibertsitateari buruz lan izugarri interesante bat egin zuen. Lan horretan esaten zuen, Unibertsitateko irakaslea muuu! egiten duen behi bat dela; eta kritika gisan salatzen zituen ikasketa eta bizitzaren arteko banaketa, filosofia eta mundu konkretuaren separazioa eta, azkenik, irakasle eta ikaslearen arteko komunikaziorik eza.
Unibertsitateko ateak erabat hitxita ikusi ondoren, entseiu eta itzulketa lanetara jo zuen behin betikoz. Bere izkribuetan, giro ilun, irreal, ameslari eta sorginkeriaz betetako mundua eskaintzen dauku. Gizon bitxi hau Brecht-en adiskide haundia izan zen, eta oso lan garrantzitsua egin zuen antzerkilari honi buruz.
Alemaniako eboluzio politikoak erabat desengainatu zuen Walter Benjamin. Judu baitzen, herri honetan ez zen ondo ikusia, ez eta haren izkribuak ere. Horregatik, igesi joan behar izan zuen Parisera. Gero, Frantziatik Espainiarantz abiatu zen, eta Pirinioetako mugan, minez beteta, bere burua hil zuen.
Walter Benjamini buruz hitz egiten denean, beste gauza batzuen artean, beti aipatzen da gizon honen bizi ezina, hots, errealitatea aurrez aurre hartzeko indarrik ez zuela. Ene ustez, ba zuen indar hori; baina ez zen kapaz izan, bere errealitate bitxi hura onartzeko. Ametsa, mundu irreala, inkonkrezioa, sorginkeria eta iluntasuna ziren bere baitan bizitzen zituen errealitateak, burruka bizian erabaki bat ezin aurkiturik.
Walter Benjaminen gaitza, zera izan zen: sorginkeria, irrealitatea eta mundu iluna errealitatearen zatiak direla ez ulertzea, eta, bere mundu bitxi haren eta beragandik kanpo zegoen munduaren artean, muga eta lotura batzuk ez sortzea.
Amaia Lasa
«Ideia batzuk W. Benjamin idazleari buruz», Anaitasuna, 224. zenbakian,1971eko abenduaren 15ean