Hasi gara geurea ere baden espazioa geureganatzen

Alaine, Maribel, Uxue, Anuntxi, Nora, Aintzane, Yolanda, Begoña, Leire, Itxaro, Junes, Isabel, Rosa, Katixa, Arrate, Ekhiñe, Amaia, Onintza, Inma, Karmele, Iratxe, Ixabel, Oihane, Maite, Mari Karmen, Enkarni, Idoia, Aizpea, Garazi, Udane, Sonia, Maria, Ione, Amagoia, Arantxa, Tere, Ainhoa, Ana, Irati, Goiatz, Mariasun, Goizalde, Lupe, Aitziber, Eukene, Ainara, Itxaso, Laida, Elena, Miren Agur, Antxiñe, Laura, Alaitz, Marijose, Lourdes, Eider, Danele, Castillo, Marikita, Yurre, Maribi, Dorleta, Carmen.

Jasone Osoro 2015ean Alhondegian Wendy Guerrarekin emandako hitzaldian

Euskal idazleen izenak dira goikoak. Horietako bakoitzak denbora hartu du idazteko eta ausardia izan du argitaratzeko. Ausardia izan duela diot ze, literaturan ere, emakumeak kanpora begira bizi nahi badu, berehala hasiko zaizkio ahotsak burrunban; kanpoko zein barruko ahotsak. Bere buruan sortzen diren zaratak, txikitan ondo baino hobeto ikasi zuena errepikatuz, alegia, lasaiago biziko dela plazara atera gabe. Bere buruan sortzen diren zurrumurru horiek etengabe gogoraraziko diote espazio publikoa maskulinoa dela, plazandreak ikusezintasun batera kondenatuak daudela. Izan ere, emakume baten ahotsa aldarri bihurtzen denean, gizarteak bere buruan erein zuen hazi horrek fruituak ematen ditu, eta berehala hasten da damua, isilik egotea akaso hobe lukeela sinestaraziko dion landare haragijalea.

Barne ahots horien parean sortuko dira kanpoko eraso isilak, esanaz emakume izateagatik argitaratu diotela; emakume izateagatik agertzen dela prentsan; emakume izateagatik emakumeei zuzendutako literatura idazten duela, arina; emakume izateagatik emakumea eta literatura bezalako mahai-inguruetan egon behar dela, edo, hau bezalako monografikoetan, berriz ere, eta beti bezala, emakumeaz eta literaturaz.

Edonola, hasi gara ikusezintasun horretatik aldentzen. Hasi gara geurea ere baden espazioa geureganatzen. Hasi gara geure beldurrak uxatzen edo, gutxienez, beldur horiekin bizitzen eta idazten. Mercé Rodoredak zioen: «Idaztea gustatzen zaidalako idazten dut. Exageratua izango ez balitz, nire burua maitatzeko idazten dudala esango nuke. Bide batez, idazten dudan hori beste norbaiti ere gustatzen bazaio, bikain. Agian sakonagoa da. Akaso nire izaera finkatzeko idazten dut. Banaizela sentitzeko». Horra, gustatzen zaigulako idazten baitugu. Eta hasi dira emaitzak. Poliki, iraultzak horrela egin behar baitira, poliki; baina emakumea eta literatura koloretako irudiekin jantzita ikusiko dugun garaia bertan da. Geu hasi gara sinesten. Eta irakurlea ere bai.

Arestian zerrendatutako izen gehienak abizen eta aurpegi batekin lotzen ditugu. Hori zerbaiten seinale da, horregatik, seinale hori bistaratu egin behar da, normalkuntza lortzeko biderik zuzenena baita. Ikusten bada, existitzen da. Eta ikusten ez bada ere, existitzen da. Geu ere, izan, bagarelako.

Jasone Osoro

EIEko lehendakariaren aitzin solasa «Genero ñabardurak lerro artean» Hegats berezia, 52. zenbakia, 2014ko abenduan

 

Irudia: Izenbururik gabe, 1954, Pierre Jahanen argazkia