Txinparta bat sentitu nuen

2020-08-31

La hojarasca-eta lehenagokoak dira, baina nik Cien años de soledadekin ezagutu nuen, 1969ko udan. 22 urte bete berriak nituen. Ez dut gogoratzen nork gomendatu zidan, baina bai zein baldintzatan irakurri nuen: aita hilberria zen, ahizpa ezkonberria, ama kanpoan zegoen… Gurasoenean bakarrik nengoen aurreneko aldiz.

Kontatzeko modu berri bat deskubritu nuen, oso desberdina zena nik irakurtzen nituen autoreenekin konparatuta; hori nabarmenduko nuke. Kontinente bat deskubritzearen modukoa izan zen, txinparta bat, baina berehala erabaki nuen kontinente hori bisitarako oso atsegina zela, baina ez, ordea, bertan bizitzeko. Hurrengo urteetan, haritik tiraka, Cabrera Infante eta Vargas Llosa irakurri nituen. Baina halako batean sentitu nuen, nolabait, betekada bat: baneukan nahikoa kontamolde horrekin. Hainbeste gauza daudenez irakurtzeko eta hain denbora gutxi daukagunez, beste hari batzuetatik tiraka jardun nuen, eta urtetan ez nuen hegoamerikar esparruko ezer irakurri.

Halako batean, ordea, Anjel Lertxundik Crónica de una muerte anunciada gomendatu zidan, eta esan nion aspertuta nengoela kontatzeko modu horrekin. Baina tematu zen, irakurri nuen, eta gustatu zitzaidan, gainera. Ez naiz aditua, baina esango nuke urte horietan Garcia Marquezek ibilbide bat egin zuela eta berriro topo egin genezakeela nola edo hala. 

Arantxa Urretabizkaia

Igor Susaetaren «Lurrari lotua bezain askea» artikulua, Cien años de soledaden 50. urtemugan, Berrian, 2014ko apirilaren 23an

 

Irudia: Landa irudi aereoa, Joassuha Theopileren argazkia