Elkarrengandik aldenduak dirudigunak biar ikusiko dugu, bear bada, ez goazela ain bide desberdiñetatik

Donostian, 1963-X-28 

[Jon Mirande] Adiskide maitea, 

1956an Arantzazun eginiko bileran, ezkerretik hasita, Jean Diharce Iratzeder, Koldo Mitxelena eta Jon Mirande

Barkatuko aal dizkidazu zure kontra egin ditudan ezin konta adina uts eta oker. Eztakit noiz ezkero nagoen zuri erantzun gabe. Ezta erraz azaltzea zer gertatzen zaidan, neronek ere ezpaitakit ongi, baiña guztiekin atzeratua nabil, eztut emanikako itzik betetzen eta abar. Azken-aldi onetan, gaiñera, urdailla asi zait lanak ematen berriz.

Azkenetik asiko natzaizu, beraz. Aurrean dut zure joan den illaren 9koa. Ura dela bide jakin dut, eta poztu naiz, artu zenduela Añibarro’ren iztegia. Zu emen ziñanean eskatu nuen, baiña eztakit zergatik, banatzailleak nagi dabiltzalako edo (Caja de Ahorros Vizcaína-ri gutxi ajola baitzaio saldu naiz ez saldu), berandu eskuratu zidaten. 

Gero, krimi-sail ederra ere artu nuen, eta milla esker, ongi etorri baitzait egonean aalik luzaroen egon bear izan dudan egun oetan. Nai zenduke emendik orrelakorik? 

Beste mezu bat ere badut zuretzako, eta ez astegiña batere. Uztaillean jaso nuen zure Judaica, baiña ezta Egan-en sartzerik izan. Batek baiño geiagok esan digu eztutela eztabaida orren berririk geiago nai eta eskatu digute dagoen dagoenean eten dezagun. Orretara makurtu gera, ongi ala gaizki. 

Egan ia inprimatua dago eta bereala asiko naiz urrengo zenbakiarekin, ea aldi galdua berriz irabazten dugun. 

Biotz-biotzez. 

***********************************

Parisera 

Donostian, 1963-XI-15 

Banekien ene azken eskutitza mingarri izango zitzaizula: ala izan da, eta damu dut. Gero, Peillenena ere artu dut, eta zurearen ondoren arena idaztera noa. 

Orrexegatik beragatik, esker geiago zor dizut igorri dizkidazun itz atsegiñengatik. Badakizu emen, beti bezala, esanera naukazula. Bestalde ere, munduak jira eta itzulinguru geiegi darabilzki eta egun elkarrengandik aldenduak dirudigunak, puntu onetan naiz aretan, biar ikusiko dugu, bear bada, ez goazela ain bide desberdiñetatik. 

Krimi batzu zenbait egunen buruan bidaliko dizkizut. Obeki nago, zearo bizkortu ezpanaiz ere, eta aalegiñak egiten ari naiz galdu dudan astiaren atzetik. 

Beti bezala, biotz-biotzez. 

Koldo Mitxelena

Jon Miranderi gutunak, Koldo Mitxelenaren euskal gutunak (1951-1984), Patri Urkizuren edizioa

Irudia: Louis XII eta Anne de Bretagne Saint-Denis Basilikan. Pierre Jahanen argazkia 1949. urtean

Beste eduki hauek ere zure gustukoak izan daitezke…