Sinbolista izatez gainera, intimista naiz berez

Gure formazio-garaia —1940-55— eta ondorengo urteak ere euskaraz idazteari eta literatura eder bat sortzeari ekiteko ez ziren bat ere lagungarri. Idatzi gutxi egiten bazen, irakurri ere ez zen asko egiten, eta euskararenak egina zuelakoan geunden. Honek beronek moteltzen eta adoregabetzen ditu literaturgintzan iharduteko gogo eta erabaki guztiak. Honek ez luke gerrak eta gerra ondoak inarrosi gintuenon aldeko aitzakia bat izan nahi. Giro txar hura gainditzeko ez ginela gauza izan adierazi nahi du bakarrik. Artean ere, bada kinka hartan biziki miresten dudanik. Lehenik gerrak erbesteratu zituenak: Orixe, Zaitegi, Monzon; gero, berton mazpildurik utzi zituenak: Manuel Lekuona, Xanti Onaindia, Luis Jauregi; eta azkenik, Mitxelena, Yon Etxaide, eta mugaz handiko Iratzeder. Gure literatura eta bereziki gure poesia eraso txar guztien kontrako bizinahiaren ageri zigortua da. Harritea jaso duen lurraldeko landare murriztuen irribarrea.

Sinbolista izatez gainera, intimista naiz berez; badirudi ni, neure garaiko arazo politiko eta sozialei aurpegirik eman gabe aritu nintzela lahar artean sasitxori, gizarteak orokorki eta euskal gizarteak bereziki bizi zituen estualdiz eta lorrez arduratu gabe. Badirudi, baina hori ez da horrela: politikarena gai ukiezina eta debekatua zen gure artean eta giza eskubideez aritzea politika egitea zen eta erosta jotzea politika zen eta horrela, eta orduko gauzak, orduko jokaerak, orduko giroan kokaturik ikusi eta aztertu behar dira.

Bitoriano Gandiaga

«Nere obraz», Hegats, 4. zenbakian, 1990ko  azaroaren 13an

Irudia: Drawing Hands, M.C. Escherren marrazkia