Etorri altzea?

2022-04-06

Martin Ugalderen Hablando con los vascos liburuan bada pasarte bat beti hunkitu nauena. Koldori bere amak, gerra, heriotze-zigor eta espetxealdiaren ondoren, azken aldiz ikusi zuenetik sei urte pasa zirenean, egin zion harrera: etorri altzea? Bizpahiru hitz soil horiez adierazi zituen amak urte luze eta larri haietako bere bihotzeko gorabeherak. Eta pasarte berean suma daitekeenez, ez zuen semeak arazorik izan hitz-soiltasun horren azpian ezkutatzen zen guztiaz jabetzeko.

Ildo beretik, badakit Koldoren oroitzapenari iruzur egingo niokela bere pertsona eta obrari buruz aipamen luzeetan abiatuko banintz. Bego beraz gogoeta bakar bat nere biziko maisu eta Euskaltzaindian aurreko izan nuenari buruz. Koldo Mitxelena zela izan, inor izan bada, euskaltzaina; bera izan zela, inor izan bada, bere izate eta egiteetan, euskaltzainaren eredu konplitua.

Ibon Sarasola

«Euskal hitzez», Euskaltzaindian sarrera-hitzaldia, Donostian, 1989ko urtarrilaren 27an

Irudia: Koldo Mitxelena eta Javier de Aramburu kazetaria 1961. urtean. Argazkia Paco Mari, Marin Funtsa. Kutxa Fototeka