Guk gure askatasuna hartu genuen idazteko, ez ginen kezkatzen besteek zer pentsatuko zuten

Noiz hasi zinen Zeruko Argian idazten?

Magisteritza ikasten ari nintzen garaian, gaztetxotan. Ordurako hasita nengoen neure kasa poematxoak-eta idazten, baina Zeruko Argian bazen «Gazte naiz» izeneko atal bat, eta atal hartan idazten hasi ginen Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Lurdes Iriondo ere bai, agian… Kaputxinoen astekaria zen, haiek ez dakit zer pentsatuko zuten, Jangoikoari buruz idatziko genuela, agian, baina guk gogoak ematen ziguna idazten genuen. Gure kabuz hartu genuen orri bat, bi alderekin, alde batean «Gazte naiz» atala zegoen eta beste aldean «Herriak eta gizonak». Bigarren atal hori Rikardo Arregik koordinatzen zuen eta bertan politikaz aritzen ginen. Eta hala txandatzen nituen poesia eta artikuluak, ikasketa guztiak ahaztuta.

Eta handik Friburgora.

Garai hartan mundu guztia Parisa joaten zen, eta nik ere banuen Pariserako gogoa, baina anaia Mikel Friburgon bizi zen eta hark Parisen oso bakarrik sentituko nintzela eta Friburgora joateko esan zidan, han bazela literatura irakasle on-on bat, historia garaikidea hartu eta idazle bakoitza kontestu hartan irakasten zuena… Zoritxarrez, Friburgora iritsi nintzenerako irakasle hura joana zen, baina esperientzia aberasgarria izan zen.

80. Hamarkada hasieran izan zen feminismoaren lehertzea, eta orduan hartu nuen nik ere kontzientzia, eta konturatu nintzen baietz, idazlea nintzela, baina… Baina asko zeudela. Hala ere, ni pertsona bezala baino, esango nuke gure mundua, emakumeen mundua izan dela orokorrean baztertua.

Literatura non, Amaia Lasa han?

Etxean liburu asko irakurtzen genituen, batez ere, anai zaharrenak eta biok. Gogoan dut Boris Pasternaken poema batzuk irakurtzen hasi nintzela 15 urterekin. Baina, jakina, garai hartan «Indice» izeneko zerrenda zegoen, elizak atererea, eta han agertzen ziren irakurri ezin genituen liburu guztiak, eta on guztiak ziren!: Dostoyevski, Pio Baroja… Eta egun batean erabaki egin nuen: indizea kanpora, eta gogoak ematen zidana irakurtzen hasi nintzen. Orduan deskubritu nituen XIX. mendeko nobela, Tolstoi, Chejov, ikaragarri gustatu zitzaidan Dostoyevski… Frantsesak ere bai, Stendhalen Rojo y negro, adibidez… Haiek irakurri eta une berean idatzi egiten nuen, baina egun batean gurasoek esan zidaten hura dena oso ondo zegoela, baina neure kabuz bizitzen hasi beharko nintzela, eta orduan gogoratu nuen magisteritza bukatu beharra neukala. Beraz, ikasketak bukatu eta ikastoletan hasi nintzen lanean, hala eman nituen 9 urte, hainbat herritan. Helburua hori zen: irakasle izatea eta une berean idaztea, bi lanak txandakatzea.

Mikel Lasa eta Amaia Lasaren Poema bilduma (Irakur Sail 1971)

Lehen emakumetako bat izan zinen orduko literatura erabat maskulinoan. Nola bizi izan zenuen? Aintzat hartua izan zinen?

Maskulinoa bakarrik ez, gehienak, gainera, frailekumeak ziren, eta gizartea askoz ere itxiagoa, erligiosoagoa: oso erraz eskandalizatzen ziren. Guk gure askatasuna hartu genuen idazteko, ez ginen kezkatzen besteek zer pentsatuko zuten, baina anaiak eta biok 1971n argitaratu genituen poemak nahiko eskandalagarriak izan ziren. Hasieran emakume bakarra nintzen, baina ez nintzen baztertua sentitu. Juan San Martinek nire poemak hartu eta argitaratu egin zituen, Martin Ugalde ere oso errespetuzko pertsona zen eta hala tratatzen ninduen… Nik uste dut bitxikeria nintzela haientzat, zerbait arraroa. Ez nintzen baztertua sentitu, eta horrekin ez dut esan nahi talde bezala bazterturik ez gaudenik, baina pertsonalki une hartan ez nintzen hala sentitu. Oso gaztea nintzen, eta oraindik ez nuen emakumeen bazterketaren kontzientziarik. 80. Hamarkada hasieran izan zen feminismoaren lehertzea, eta orduan hartu nuen nik ere kontzientzia, eta konturatu nintzen baietz, idazlea nintzela, baina… Baina asko zeudela. Hala ere, ni pertsona bezala baino, esango nuke gure mundua, emakumeen mundua izan dela orokorrean baztertua.

Argitaratu zenituen Nire gelako lau hormak, Hitz nahastuak eta Nire paradisuetan, eta ondoren New Yorkera alde egin zenuen, eta Nikaraguara segidan. Zeren bila edo nondik ihesi abiatu zinen itsasoaren beste aldera?

Garai hartan gure herria nahiko itxia zen, eta itomena sentitzen nuen; Arestik esaten zuen bezala euskal herri maitea ezin zaitut maite baina nun biziko naiz zugandik aparte, eta ni erabat identifikatzen nintzen bertso haiekin. Arnasa hartzera atzerrira joan beharra sentitzen nuen. Baina gero itzuli nahia ere izaten nuen. 

Amaia Lasa

elkarrizketa Argian, 2011ko otsailaren 12an

Irudia: Joxe Austin Arrieta, Pako Aristi, Amaia Lasa, Joxean Muñoz, Felipe Juaristi, Pello Zabala eta Jose Angel Irigaray Miramon Parke Teknologikoan, 2001eko ekainean. Gari Garaialderen argazkia.