Gure literatura bere historikotasun konplexuan ulertuko badugu, ezin ditugu espektro beraren bi muturrak, idatzizkotasuna eta ahozkotasuna, kontrajarri eta sakabanatu. Aitzitik, biek espektro bakarra osatzen dutenez, bi ideologiaren talka edota antagonismo bezala irakurri behar ditugu. Izan ere batak ideologia fuerista-liberal ofizialak adierazten ditu eta besteak aitzitik «ideologia» subalterno heterogeneoago eta zatikatuago bat. Hala, biak elkarren ondoan, elkarren talkan, irakurtzen baditugu, XIX. mendeko literaturaren benetako historia izango dugu, historia bera, bere konplexutasunean azalduko diguna. Izan ere Lore Jokoek, bertsolaritza txapelketek, bertso-paperek eta aldian aldiko bertsoek osatzen duten ingurune aberats horretan, hilketa serialekin batera, gero abertzaletasun ofizialistak bereganatuko duen «zazpiak bat»eko ideologia sortzen baita hala nola Gernikako Arbola himnoa. Kontutan hartu behar dugu era berean bertso-paper ugari liberalak direla (antza Manterolak eta Barojak egindako bilketen ondorioz; Zavala eta beraz lan hauek nekazaritza=Karlismo ekuazioa askoz ere zehazkiago historizatzen eta konplikatzen lagunduko liguketela.
Errealitate konplexu hau, idatzizkotasunaren izenean bereiztea eta konpartamentutzea, historiari uko egitea da. Are gehiago, eta gai honetara berriro itzuliko banaiz ere aurrerago, kontutan hartu behar da, XIX. mendeko literatura honetatik, poesia hedatu-performatu honetatik (poema-bertsopapera-bertsoa), egun oraindik badugula gure memoria kulturalean arrasto nabarmena, memoria sedimentazio garrantzitsua, eta bera ere beste indize bat bihurtzen zaigula literatura hori historikoki nola irakurri eta aztertu erabakitzeko orduan.
Joseba Gabilondo