Txapelaundien proiektua ez zeukan zerikusirik ETArekin, proiektu kultural barojatar bat zen

Jose Antonio Ayestaranek, Luis Pedro Peñak, Jabier Urkolak, Evaristo Urrestarazuk eta Unanue Beltzak «Txapelaundis del Bidasoa» taldea sortu genuen, Barojaren La leyenda de Jaun de Alzaten agertzen den izen bereko taldearen omenez edo. Esango nuke gero «Academia Errante» izango zenaren aitzindari izan zela. Ni ez nintzen bultzagile nagusia, baizik eta Luis Pedro Peña, mendizalea eta Grafos dendaren jabea. Luis Pedro eta Jose Antonio ni baino bi urte zaharragoak ziren, eta Zaragozan ikasiak ginen denok. Evaristo Urrestarazu, gainera, ETAkoa izan zen, baina «txapelaundi»en proiektuak ez zuen zerikusirik ETArekin, proiektu kultural barojatar bat zen. «Txapelaundis del Bidasoa, hombres de corazón grande y de boina grande» esaldia erabiltzen genuen, Jaun de Alzateren istoriotik hartuta. Urtero, gau oso bat pasatzen genuen Urdazubiko etxean. Aitona-amonak hilak ziren ordurako, eta etxea hutsik zegoen. Gaupasa intelektualak antolatzen genituen. Gure leloa «Hutsa naiz, ez huts» zen; kriptiko samarra iruditu zait beti. Uste dut zerbait nihilista dela esaldia, Luis Pedro-eta nihilista samarrak baitziren.

Eneko Irigaray

Joxean Agirreren elkarrizketa,

Eneko Irigaray: Aljeriar konexioa. ETAren sortzaile baten ibilerak, Txalaparta, 2018

Pio Baroja liburutegi batean 1941ean. Madrilgo Erkidegoko Lurralde Artxibategia, Santos Yubero funtsa