Ideologia edo ikuspegia ez da pertsonaia bakar batekin ematen, pertsonaia denen bidez baizik

Camembert helburu nobelan agertu zen lehenengoz Enekoitz Ramirez Lanbas, eta berriro jarri duzu martxan Zintzoen saldoanen. Nobela beltzetan detektibeak dira idazleek nobelatik nobelara eramaten dituzten pertsonaiak, baina Lanbas ez da detektibea.

Euskal Herrian detektibe bat, garai batean behintzat, nahiko kontu arrotz gisa ikusten genuen, sinesteko zaila. Orain akaso errazagoa da Euskal Herrian detektibe bat imajinatzea. Detektibe izan gabe parekoa izan zitekeen beste pertsonaia bat sortzeko garaian egokia iruditu zitzaidan hau. Zertarako sortu beste bat hura aprobetxatu banezakeen?

Lanbasen hainbat ezaugarri eta ideia ezagututa, pentsa daiteke baduela alter egotik pixka bat, nahiz eta autofikziotik urrun egon.

Bai, badu alter egotik, eta baita han eta hemen ikusi eta ezagututakotik ere. Horrelako pertsonaia bat beti aprobetxatzen duzu zure ideia eta kezka batzuk islatzeko. Dena den, nik uste dut nobela baten barruan inoren ideologia edo ikuspegia ez dela, azken batean, pertsonaia bakar batekin ematen, pertsonaia denen bidez baizik. Eta pertsonaia guztiek dute zerbait norberarengandik, baina baita ikusi edo ezagututako kontuetatik ere, asmatutakoetatik…

Hurrengo nobelan ere Lanbas izango da pertsonaia nagusi eta kontalari?

Ikusiko dugu. Pentsatzen dut baietz, niri iruditzen zait aukerak badaudela horretarako. Baina lehenik ikusi beharko da liburu honek zer erantzun jasotzen duen. Ikusten badut inori ez zaiola interesatzen, orduan… Baina ikusten badut funtzionatzen duela, seguru asko beste bat etorriko da. (…)

Lanbas ez da, ordea, kultur kezkarik gabeko gizona, eta kulturari buruzko gogoetak egiten ditu nobelan. Kulturari «bizitzaren ankerkeriaren aurkako leungarri guztiz dezepzionagarria» deritzo, adibidez.

Klasiko bat da hori. Denetariko gauzak asmatzen ditugu gizakiok bizialdian zehar beldurretatik eta abarretatik libratzeko, eta horietako bat kultura da. Beste bat futbola izan daiteke, adibidez. Une batetik aurrera horiek denek dezepzionatu egiten gaituzte, ikusten dugulako azken finean leungarriak baino ez direla. Hori da Lanbasek duen ideia, kultura leungarri txatxu bat baino ez dela. Leundu egiten du, baina ezer konpondu gabe. Felix de Azuaren El aprendizaje de la decepción datorkit orain burura, baina beste obra askotan ere harrapa daiteke ideia honen arrastoa.

Liburuen berezko lekua komuna delakoan dago Lanbas, eta apalategia jarri nahi du bere etxekoan. Jon Alonsok, berriz, honako hau dio Idazleei galdezka liburu kolektiboan (EHU, 2012): «Benetan inporta duena da liburuak dagokien tokian edukitzea: komuneko apalategian». Zergatik?

Batetik, kulturaren dezepzionagarritasunagatik da hori. Bestetik, gaur egungo bizimoduarengatik. Tira, bakoitzak bere bizimodua dauka, baina nik jende asko ikusten dut, neu bezala, lanetik bueltan erosketak egiten, gero bazkaria prestatzen, gero umearen bila, gero ez-dakit-zer… Nahiz eta irakurri nahi, askotan ezin duzu tarterik hartu horretarako. Orduan, noiz irakurtzen duzu? Ohean, komunean, prestatzen ari zaren makarroiei bueltak ematean… Gustatuko litzaidake jakitea gaur egun irakurketarako zer-nolako ohiturak ari diren zabaltzen. Nik uste dut bi alderdi horiei begira erabakitzen duela Lanbasek liburuei komunean egitea lekua.

Jon Alonso

Juan Luis Zabalaren elkarrizketa, Berrian, 2013ko urtarrilaren 9an

Irudia: Gunsmith eta poliziaren komisaria New Yorken, 1937. urtean. Berenice Abboten irudia