Itxaropena

Gerra eta gerraosteko ekaitzik gogorrenetan ere Patxi Unzurrunzagak lortu zuen Itxaropenaren kandela hori pizturik mantentzea. Jose Artetxerekin batera, berak lortu zuen Pedro Rocamoraren baimena. Xabier semeak kontatu izan dit inoiz aitak berak Zarauzko uretan goizaldean bildutako txibiarik hoberenak Rocamorari eramaten zizkiola, gero baimenak eskuratzeko. Ez dago gaizki: txibiak baimenen ordainetan. Ez da tratu txarra, euskaltzale batentzat. Rocamorarentzat ere ez, seguraski.

1954an Zarauzko Itxaropenak egindako Txomin Agirreren Kresalaren berrargitalpena

Urte gordin hauetan, 20 urtetan, (1936-1956) 150 bat liburu bakarrik publikatzen da zentsurapeko Euskal Herrian, Hegoaldean alegia. Eta ia beste hainbeste Iparraldean, Frantzian eta Latinoamerikan.

Barrukoen artean, Elizaren babesean daude batzuk, Arantzazu, El Carmen, Jaungoiko-Zale, Montepío Diocesano, Mensajero eta abar. Hauetatik mailarik altuena Arantzazuk dauka. Donostian, Gasteizen eta Bilbon ere badira, baina obra txikiak, nahiz erlijiosoak nahiz folklorikoak ateratzen dituzte, oro har. Bermeoko Gaubeka dabil nahikoa puntan.

Ez genuke zalantza handirik urte hauetako argitaletxe bat izendatu beharko bagenu: Itxaropena da hori. Eta ez bakarrik obrarik gehien berak atera duelako, baizik eta lanik hoberentxoenak ere Zarautzen argia ikusi dutelako. Nire fitxategian 1946ko Francisco Balzolaren Argi Donea da euskarazko lanetan aurrena. Garai hartako lan enblematikoen artean daude Gregorio Mujikaren Pernando Amezketarra, Bera-Mendizabalen Euskal-erdel iztegia. Basarriren Atano eta Bertso-sorta izeneko liburuak, Jon Etxaideren Alostorrea eta Joanak-Joan, Jautarkolen Ipuiak, Txomin Agirreren Kresala, Umandiren Gramatika, eta Manuel Lekuonak prestaturiko Gero-ren edizioa. Banaka bat salbu, barneko idazle hoberenetarik asko ere bertan dira, hala nola Gregorio Mujika, Nemesio Etxaniz, Basarri, Orixe, Jon Etxaide, Emeterio Arrese, Manuel Lekuona, Txomin Agirre, Jokin Zaitegi, Jautarkol.

Urte hauetan ekoizten den gutxi hura bideratzeko ez zuen ahalmenik Itxaropenak, hala ere. Liburu potoloak ez ziren ekonomikoki bideragarri, behin eta berriz Jon Etxaideri gertatu izan zitzaion bezala. Etxaide bezalako idazle emankor bat autore-editore gisa lan egitera behartua zegoen. Liburuen argitalpena zati batean bere poltsikotik ordaindu izan zuen behin eta birritan. Berak dioenez, zentsuraren arazoez gainera argitaratzearena zegoen. Ikusia nago Etxaide etxez etxe bere liburuak saltzen.

Joan Mari Torrealdai

Artaziak: Euskal liburuak eta Francoren zentsura, Susa, 2000

Irudia: Liburu erreketa frankista Madrilen 1939ko apirilaren 30ean