Len amar lagun giñan etxian ta orain hiru bakarrak

Txapelgorriz beterik zegoen eraikina, eskailera, atondo, areto eta bulego guztiak hartuak zituzten militarrek. Eskailera eta korridoreetan barrena, zibil bakan batzuk, eta haiek, Joxe bezala, handik eta hemendik zebiltzan atxilotu eta desagertutako senitartekoei buruzko informazio bila. Udaletxean ezagunik ez zuen topatu, inork ez zion jaramonik egin, inork ez zion galderarik egin eta Joxek, etsita, etxerako bidea hartu zuen. Joxeren buru zaharraren baitan gero eta kezka handiagoa zebilen, sabelean piztu zitzaion zurrunbiloa ezin zuen maneiatu, seme atxilotuen zorigaitza zama itzela zen, eta nekez eraman zezakeen.

Erreketeen garaiko propaganda.

Itzulerako bidea inoiz baino neketsuagoa iruditu zitzaion. Baserrian mokadu bat jan zuen, eta etxeko beharrei ekin zien. Arratsalde erdian, etxe aurreko bidean ahots batzuk entzun zituen, ezagunak omen ziren, zakurrek ez baitzuten zaunkarik egin. «Aita!, aita!» esaten zutela iruditu zitzaion, eta atarira irten zen; hiru seme gazteenak ziren, Bordaxarren zeuden berriro ere.

«Bazkalondoan, sega pikatzen ari nintzela, etorri itun iru seme gazteenak, oso triste gaiñera. San Markos’tik Errenderia’ra eraman eta eguartea an igaro ondoren, lau Donostia’ra ta beste irurak etxera biali zituztela». (Ataño 1979: 223)

Begi nekatuek negar malkoei eutsi ezinik, besarkatu zuten elkar. Semeek kontatu zioten oso latzak izan zirela San Marko gotorlekuko ziegetan pasatutako bi egunak, anaien artean ez zutela harremanik izan, ezin ziotela elkarri ezer esan, ez eta animo izpirik eman ere. Joxeri, berriz, hitz solte batzuk zerizkion: «nire semiak, nire semiak…». Berriro ere, zentzurik gabeko abagunea bizi behar izan zuen, ez zuen ulertzen zergatik hiru seme askatu zituzten eta beste laurak, besteak bezain seme errugabeak, frankisten ziegetan zeuden.

Etxera itzuli ziren semeek atxiloturik jarraitzen zuten anaien patuari buruz zituzten berriak ez omen ziren batere onak: entzun omen zuten Jose Ramon, Antonio, Salbador eta Juan Jose Donostiako Ondarreta izeneko espetxera eraman behar zituztela, eta beharbada han zeuden ordurako. Bazirudien etxean atzemandako perdigoi-poltsa eta hiru eskopeta zaharrengatik gerra kontseilu guztiz sumarioan epaituko zituztela. Honela entzun omen zuen semeetako batek.

«… Lau zarrenak eskatu omen zizkin, baña izenez deitu eta laugarrenaren lekuan bosgarrena aurrera biali. Ori zeñen lana zan jakiteko, buruauste andirik ez nin ibili. Oso oker ez banago, nere illoba maitearen lana uan ori». (Ataño 1979: 224).

 Laurak, aita eta hiru seme, mahaiaren inguruan eseri ziren zerbait afaltzeko. Joxe, gauero afalostean egin ohi zuen bezala, gau hartan ere, bertsotan aritu zen. Gau hartako bertsoa ez zitzaion jario besteetan bezala. Joxek, tristuraz beterik, burua erabat nahastuta zuen eta eztarria, berriz, urratuta. Sei seme etxetik falta izanak eragiten zizkion larritasuna eta egonezina ezin zituen gogotik kendu. Sukaldearen inguruan eta bihotz barruan sumatzen zuen hutsunea oso bortitza zen, eta zuloa gero eta handiago egiten ari zitzaion.

Une hartan, barnean zituen kezka eta buruhauste desatseginak exortzizatu nahi zituen Joxek. Hobekien zekien moduan egin zuen, bertso batzuk inprobisatuz:

Sentimendu asko dauzkat
nerekin orain kontatu biarrak
Ez dakit nola zuzenduko’iran
Egin dituzten okerrak;
Pazientzitik ez naiz atera
Jaungoikoari eskerrak,
Leku askotan jarri dituzte
Tristura eta negarrak,
Len amar lagun giñan etxian
Ta orain iru bakarrak.

Pio Perez Aldasoro

Joxe Zapirainen bertso-malkoak: Edo nola arindu arimaren sufrimenduak bertsoen bidez, Labayru Ikastegia, 2013

Irudia: Ezkerretik hasita Joxe Zapirain, Pello Errota, Pedro Mari Otaño Arrasaten 1896an