Kainonazoek hondorako bidea zabaldu zieten gure Bouei. Heroeak izateko nahikoa da lehorretik so ditugun begiak

Argonauta itoek ez dute oroigarririk ez bada gura begiradari egonezina ekartzen dioten ur-gorataldi eta beherataldi etengabeak. Nork landu du harria, harea bilakarazi arte, iruntzitarako errota horrexek baino. Norbera hil eta batera amaitzen da norberaren denbora. Kainonazoek hondorako bidea zabaldu zieten gure Bouei. Heroeak izateko nahikoa da lehorretik so ditugun begiak.

Jerarkiarik gabe, heroeak den denak. Letra haundiz idazten diren izenak ofizialenak badira ere. Ez gaitu bat egiten heriotzak. Barranderoa kalean hil da. Bat denik aberatsekin horko burubuila kosmikoaren barruan, ezin sinestu dut. Haren semeek ez dute zaina zulatzen. Garunaldean dute zuloa. Oroigailuko ate guztietan jotzen du, aita hilaren aurpegia berrikusi gura duen umearen minak. Zulo itzel bana dute ate guztiek beste aldean.

Bou Nabarra borrokan David Cobben olio-pinturan

Zuloa dut neuk ere orogailuan. Ezekielen irudia azalaratzen zait, zuloan gora. Hor nonbait egon behar du ehortzita. Itsaso guztiak ibilitako gizona, lehengusuari txikitan dirua ematen ziona. Ez tabakorik erosi gero! bota zigun behin. Artean, ez genuen zortzi edo bederatzi une baino. Hirurogei urtean egunero egunero pakete bi erre izan dot nik —jarraitu nuen esaten—, rubioa gainera; eta, hara! orain utzi egin behar.

Ezekielen hitzek itsaso eta mentura guztietako oihartzuna ekarri zidaten, lipar nimiño batez. Lehorretik inora aldatu gabe, hitzek ekarri digute mundua. Bada, hor nonbait egon behar du ehortzita bai. Robert Louis Stevensonen harako liburu estrainoa hartuta ibili izaten zen. Ingelesez bide zegoen ez bait nuen azalekoa ulertzen «Underwoods» izeneko poema bilduma izan zela sinestu gura izaten dut. «Behebasoa». Stevenson.

Ezekielen hilobia aurkitu eta Stevenson bere pean gordetzen duen harlausako hilartitza jarri niezaioke. Kanposantuko guztiei jarriko nieke, likenek utzitako tarteetan; Stevensonek berak hurrengo bertsoetan eskatu zuena:

Egin ene hobia eta utz ni zazue bertan
Zeru zabal eta izartuaren pean.
Pozik bizi izan naiz eta pozik noa.
Mesede bat, ordea, erortean.
Jarri bertso hau ene hobian:
Berton datza, luzez gurata bezala.
Menditik etxera dator ehiztaria,
Itsasotik etxera marinela.

Edorta Jimenez

«Epilogoa», Atoiuntzia. Susa, 1990

Irudia: Nabarra boua Portugaleten ainguratuta. Popan bandera errepublikarra dauka “torrotitoan” ikurriña