Deabruaren Eskolan Mikel Taberna Irazoki idazle nafarraren ipuina argitaratu dugu, Sakelako harria izenekoa. Narrazio miresgarri honetan, objektu arrunt baten aurkikuntzak transformazio magiko bat abiarazten du protagonistaren baitan eta Iruñeko kaleetan egiten duen ibilaldia bizitza aldatuko dion bidaia homeriko bilakatzen da. Sobrenaturalismoaren oihartzuna, errealismoaren mugen baitan. Gida honetan narrazioaren elementu sinbolikoak aztertu ditugu, irakurketa aberasten lagundu dezaketelakoan.
Saritutako ipuina, sari asko irabazitako idazle batena
Mikel Taberna Irazoki Lesakan jaio zen, 1957an. Biologia ikasketak egin zituen baina 1990az geroztik itzultzaile gisa egin du lan, Nafarroako Gobernuan. 1999an, Bota xoxa! izeneko narrazioarekin Tene Mujika saria irabazi zuen eta 1996an, berriz, Arabako Foru Aldundiaren Ernestina de Champourcin saria, Mendearen ilunabarrean bere lehen poemategiarekin. Bigarrena, Arkanbele kantak 2021ean argitaratu zuen. Hogeitabost urteko tarte horretan, Alkasoroko benta eleberria eta Txokolatezko dinamita ipuin liburua idatzi zituen eta aipatutakoez gain, Donostia Hiria eta Pedro Atarrabikoa sariketak irabazi zituzten bi narrazio, Errege Eguneko panpina eta aztergai dugun Sakelako harria.
2012an argitaratu zuen lehen aldiz Pamiela argitaletxeak, Hitza bide, bizia xede liburuan, Joseba Sarrionandia, Miren Agur Meabe, Aingeru Epaltza, Bernardo Atxaga eta beste hainbat autoreren lanekin batera, Txantreako Euskaldunon Biltokiaren 10. urtemuga ospatzeko.
Ipuin batentzat ez da erraza bide egitea, ez bada egilearen beraren bildumaren baitan eta konbentzituta gaude egin duena baino bide luzeagoa eta oparoagoa merezi duela Sakelako harriak. Ohorea da guretzat Deabruaren Eskolan hain ipuin ederra argitaratzea eta eskerrak eman nahi dizkiogu Mikel Taberna Irazokiri bere eskuzabaltasunagatik.
Julian Larralde, gure protagonista
Edozein izan zitekeen egun batean, Julian Larralderekin batera esnatuko gara, ipuinaren hasieran. Gutariko edonork ezagutzeko moduko gizon bat, edade batekoa, konkortzen hasia, kexatia, marmartia, honen edo bestearen kontra berehala ernegatzen dena. Lehen lerrotik irudituko zaigu Julian oskoldutako gizon bat dela. Eta beste zerbait ere: Julian benetako gizon bat dela sentituko dugu, bizirik dagoen benetako gizon bat. Aspalditik ezagutzen dugun norbait dirudi, ezagutzen dugun gizon askoren oihartzuna dakarrelako.
Gizon honek baditu bere minak, baina ohituta dago min horiekin bizitzera, denok ohitzen garen moduan eta ia nabaritu ere ez ditu egiten. Ohikoa ez den objektu bat topatuko du, ostera, ipuinaren hasieran. Eguneroko mugimenduen katea hautsi eta jantziko duen arropa aukeratzen duenean. Betiko buzoa hartu beharrean –pertxatik eskegita dagoenean bere burua urkatzen ari dela dirudien buzoa hartu beharrean– aspaldiko txaketa bat hartuko du eta han, txaketa horren sakelako poltsikoan, harri bat aurkituko du. Oztopoa esan nahi du harriak normalean, baina kasu honetan ez gaude hain ziur oztopoa den edo beste mundu batetik datorren seinale magiko bat ote den. Izan ere, harri hori berezia da, harri leun bat, itsasotik, ibai edo errekaren batetik datorren harri bat. Uharria.
Harria, itsasoa, ibaiak, ura
Objektu arrunta izan zitekeen. Harria. Edonoren txaketan ager daitekeen objektu bat, baina Julianen bizitzan izango duen eragina ez da edonolakoa izango eta bere txaketan agertzen den harri hori ez da hain arrunta ere. Uharria da, errekako, ibaietako edo itsasoko harria. Harri horrek ura dakar. Eta ez dira edonolako sinboloak ez harria, ez itsasoa, ez errekak edo ibaiak ezta ura ere. Harriak gizonaren zailtasuna adierazten du eta bere sufrimenduaz hitz egiteko erabili ohi da (Sisiforen harria horren adibide). Transmititu ditzake gogortasuna eta betierekotasuna eta, euskaldunon kasuan, Arestiz geroztik, harria izan da Euskal Herriaz hitz egiteko gehien errepikatu dugun sinbolo literarioa.
Galduta zegoen gizonak topatu du sakelako harriak esan nahi ziona, badaki zeren egarri duen. Herria da bilatzen duena, Troiako gerra luzearen ostean, Ulisesek laneko buzoa erantzi eta deskubritu du Itakara itzuli nahi duela. Etxera eta etxekoengana.
Harrizko herri hori Kantaurira begira bizi izan denez, itsasoak ere garrantzi handia izan du gure literaturan, baita gure mitologian lamien bizileku izan diren ibai eta errekek ere. Aresti bera kapitain pilotu izan zen, «Latin itsasora atera gabe…» egin zuen bere poesia, Zorrotzako portuan ikusi zuen aleman barku bat atrakatzen eta bere ontzi zaharra mendi artean ainguratu zuela idatzi zuen, itsasoko urak eta barnealdeko erreketakoak modu ezin poetikoagoan lotuz. Ildo horretatik, bere lehen liburuari Aingurak erreketan deitu zion Jon Benitok (Susa, 2001), Itsastxorien bindikapena Omar Nabarrok (Susa, 1985) eta Ezkatak Leire Bilbaok (Susa, 2006). Itsasoa eszenatoki literario apasionantea da gure literaturan eta gure poesian eta, normalean, mugimendua adierazi ohi du –ibai eta errekek bezala– eta naturaren indarren boterea transmititzen du, ezezaguna den guztiak eragiten digun bertigoa, bizitzaren izugarritasuna eta heriotzaren misterioa.
Harria herria da beraz; itsasoa eta ibaiak, askatasuna eta mugimendua; eta ura, salbazioa. Ur gabe ezin dugulako gizakiok luzaroan bizi izango den ez dakigu, baina urak erredentzioa adierazi ohi du Mendebaldeko kulturan. Camelot erori ondoren, hori da Arthur erregearen zaldunek bilatzen dutena Grialaren bila abiatzen direnean: ura, erreinu galduaren zauriak osatuko dituen ur magikoa.
Heroiaren bidaia
Objektu magiko horrek emango dio hasiera Julianen bidaia fisiko eta metafisikoari. Fisikoki, autobusean egingo du bidaia horren lehen zatia, Belosoko aldapan hasi eta maldan gora, Seminariotik Merindadeen plazaraino. Bigarren zatia oinez egingo du, Alde Zaharrean barna. Bidaia arrunta, edonork egiteko modukoa eta, era berean, heroiaren bidaia da Julianek egiten duena. Joseph Campbell mitologian adituaren ustez, sasoi eta bazter guztietako herrietan kontatzen dira oso antzeko elementuak dituzten kontakizunak, berak, «heroiaren bidaia» izenarekin identifikatzen dituenak. Kontakizun horietan, protagonista nola transformatzen den kontatzen zaigu, gutariko edonor transformatu daitekeen bezala. Hasieran, heroi adingabe bat aurkezten zaigu –sarritan umezurtza, askotan mindua edo zauriren bat duena– eta heroi horrek –demagun Ulises, demagun Julian Larralde– bere etxea utzi behar izaten du, abentura bat bizitzeko eta berriz etxera adinez nagusituta itzultzeko. Normalean, objektu magikoren bat izaten du eskura (Harry Potterren ikusezintasunezko kapa edo Luke Skywalkerren laser-ezpata, adibidez) eta laguntzaile magikoak agertzen zaizkio bidean, mundu arrotzean modu batera edo bestera laguntza ematen diotenak (Frodo Zorrozabalek Galadriel topatzen du eta, Clarice Starlingek, Hannibal Lecter). Agure zahar bat dirudien mago bat izan daiteke laguntzaile hori, basoan bizi den izaki txikiren bat edo atso zaharraren itxura hartu duen sorgin bat. Kasu honetan gizon txiki bat izango da, itsasoaren bestaldetik datorrena –uharria bezala?– eta autobusean agertuko zaio, bidaia hasi eta berehala.
Katilu batean ekaitza kabitzen da
Hori baino lehen, ostera, badago detaile bat, kontutan hartzea merezi duena eta gure heroiaren bidaiaren interpretazio apur bat homerikoa berrestera datorrena. Gosaria hartzerakoan, kafesnearen katiluan ekaitza ikusi du gure protagonistak, bere laneko azken eguna ze gogorra egiten zaion adierazten digun ekaitza eta bere bidaia benetan homerikoa izango dela iragartzen diguna. «Ogi zopek kafesnez mozkor xalantak ematen dute, jirabiraka ibaiko ur uherrean. Ahoak irentsi du putzu osoa. Tximistak eta trumoiak hertzeen laminazuloan». Benetan da homerikoa Julianen bidaia, tormenta horretan Poseidonen furia sentitu dugu eta ez dira falta izan ezta lamiak ere! Detaile zoragarri bat, ipuin are zoragarriagoan. Ekaitz mitologiko bat, kafearen katilutxoan, gizonaren baitan libratzen ari den ekaitzaren adierazle.
Itsasoaz bestaldeko laguntzaile magikoa eta ura, berriz, negarraren ur katartikoa
Ekaitza bere baitan eta uharria sakelean duela hasten du Julianek bere bidaia, maldan gora, betiko autobusean eta autobus horretan agertzen zaio aipatu dugun laguntzaile magikoa. Ekuadorretik –munduaren erdialdetik bertatik– datorren etorkina. Gizona apur bat mozkor dago eta oso triste, bere familia atzerrian utzi duelako. Euskal Herrira lanera etorri behar izan duela kontatzen dio Juliani, negarrez, eta geltoki berean jaisten direnean, Merindadeen plazan, besarkada bat eskatzen dio, mesedez. Ezetz esateko adorerik ez duenez, gure protagonistak besarkatu egiten du, une batez, deseroso, eta berehala alde egiten du Alde Zaharrera, mugituta, erdi-lotsatuta eta… aspaldi inor ukitu ez duela ohartuta. Hori da inportanteena, beharbada, narrazioaren momentu horretan protagonista jabetu egin dela bere humanitateaz, bere bakardadeaz eta bere laguntasun egarriaz. Bidaiaren beste fase bat hasten da orduan. Oinez doa oraingoan, erromesen gisara.
Gizonaren baitan aldaketa bat gertatzeko ezinbestekoa da gizon hori aldaketaren beharraz konturatzea eta hori da beste gizon baten, beste gizon zaurgarri eta zauritu baten negarrak ukitu duenean gertatu zaiona. Goizean bere sakelatik –bere txaketatik, bere baitatik– atera zaion harria profetikoa izan da; gizonaren minaz ohartarazi gaitu. Gure gizona ez dela harrizko gizon bat adierazi digu, baina gizon horrek baduela bere baitan min bat. Eta min horretan badagoela transformaziorako aukera bat. Guzti hori bete egin da Julianen eta Ekuadorreko gizonaren arteko besarkadarekin, protagonista bere minaz ohartu da eta negarraren urak ukituta, aldatzen hasi da. Autobusa utzi eta oinez sartu da, erromesen gisara, ordurarte kristalaz bestalde ikusi duen hiriaren parterik zaharrenera, eta modu horretan sartu da baita bere barrura ere.
Heroiak bidean aurkitu duena: haurra, lagunak, humanitatea
Umetako oroitzapenak etorri zaizkio, herritik –harritik– hirira etorri zeneko autobus bidaian bota zituen negarrak oroitu ditu eta aspaldiko lagunekin akordatu da. Hirira etorri zenean, iraganeko beste autobus batean, kristalaren beste aldera begiratzen zuen bere baitara ez begiratzearren, baina orain, aspaldiko lagun batena zen dendaren kristalaren kontra aurpegia jartzen duenean, bere baitara begiratzeko ahalegina egiten ari da, kontrako norabidean. Harritik herrira, negarrak lagunduta, aspaldi izan zen umearekin akordatzeko lehenik eta aspaldiko lagunekin gero. Bere oroitzapenetan agertzen zaio Joxemari herrikidea, negozio senik gabeko negozio-jabea, Julianen bidean agertzen hasten diren pertsonaia magikoetan lehena. Joxemariren ostean Josefinarekin egiten du topo Julianek, Leitzako Erreginarekin! Mundua hasi da magiaz betetzen eta Julianek oroitu du jendetasuna zer den eta jendearekin egoteak ze on egiten dion. Orduan topatzen da Pako Kojuarekin, beti norbaiten kontra esaka ibiltzen den gizon minduarekin edo, beste modu batera esanda, bere posibilitaterik ilunena adierazten duen gizon elbarrituarekin. Gizon horrekin ez duela egon nahi erabakitzen du, gizon hori ez duela izan nahi erabakitzen du, alde egiten dio eta babesa bilatzen du, bere barnean dagoen lekurik sakratuenean, hiriaren murruen artean, katedralean, beste inor ez dagoen lekuan.
Katedrala, erromesaren azken pausalekua, errebelazioen tenplu sakratua
Sakelako harriarekin hasitako bidaian iritsi da harriak nahi zuen tokira, «harrizko babes zaharraren» gainaldira, «ziudadearen goitieneko lekuan» dago Julian eta leku horretatik begiratu dio munduari, «etxeko balkoian balitz bezala»; bere etxean, bere katedralean dagoelako, beste inor ez dagoen lekuan. Katedrale hori ez dela kristauen tenplua argi uzten digu ipuinak, Julianek aldarri egiten baitu Elizaren kontra, beti herriaren kontra egoteagatik. Katedrale hori bera da, bere baitako territorio sakratua, eta horregatik ez da kristaua baina bada espirituala Julianek leku horretan egiten duena: ukondoak harri hotzean finkatu, eskuak lotu, kokotsa haien gainean pausatu eta zerura begiratzen du. Erromesa dela esan dugu hasieran eta erromesen gisara otoiaren parekoa den zeremonia sakratua burutzen du, bere iluntasunetik aterako duen argitasun apur baten bila.
Argitasun hori ez datorkio, ostera, beste mundu batetik, edo munduaz harago dagoen dibinitate baten esku-hartzetik. Argitasun hori begi aurrean daukanak ematen dio, munduak berak. Auzoak eta herriak ikusten ditu, ikusten ditu mendiak eta errebelatzen zaio benetan ikusi nahi duena mendi horiek estaltzen duten herria dela, «hango inor oroitzen ote da berataz?».
Han goitik Itaka ikusten da
Galduta zegoen gizonak topatu du sakelako harriak esan nahi ziona, badaki zeren egarri duen. Herria da bilatzen duena, Troiako gerra luzearen ostean, Ulisesek laneko buzoa erantzi eta deskubritu du Itakara itzuli nahi duela. Etxera eta etxekoengana. Hori da katedralean sartu denean, bere baitara joan denean deskubritu duena. Maldan gora joan behar izan du harriarekin, Sisifok bezala, baina ez da izan debaldeko ahalegina, aldatu egin delako, Gabriel Aresti aldatzen zen bezala maldan behera egiten zuenean izen bereko bere lehen poemategian, katedraletik bueltan bera ere, liburuaren hasieran dagoen T.S. Elioten aipuak adierazten digun bezala: «there is no safety and there is no danger in the cathedral» dio Arestiren bihotzeko poetaren aipu ederrak, «ez dago segurtasunik eta ez dago arriskurik katedralean».
Etxera itzultzeko, herrira joateko maldan behera egingo du Julianek, eta oroitzapen ederrak izango ditu bidelagun. Akordatuko da sanferminekin, horditasunarekin, maitasunarekin, ondo eta ez hain ondo egindako gauzekin, eta bihotzeko lagunarekin, hildako lagun bihotzekoarekin.
Heroiak erabaki bat hartzen du: Ulises etxera doa
Bere grialaren bilaketaren bukaeran probintziako autobus zaharren geltokira iritsiko da. Herritik zetorren autobusa hartzen zuen han eta bidaiaren hasieran oroitu badu autobus horretan etorri zenean egin zuen negarra, orain akordatuko da jenio biziko andre bat egoten zela bertan, txoferrari laguntzen. Emakume hori zen autobuseko bidaiariei makurtzeko esaten ziena, guardia zibilak ikusten zituenean, eta berari esker joan ahal izaten ziren neska-mutilak zutik autobusean, behin guardia zibilak pasatuta. Emakume horrek bazekien zutik bizitzeko makurtu behar duela norberak noizbehinka, arriskutik babesteko, eta lezio hori gogoratzeak, emakume hori txoferraren ondoan doala jakiteak, indarra ematen dio Juliani autobusa hartu eta bere sakelako harriari obedituz, bere bihotzeko herrira itzultzeko.
Errealismoaren baitan, esperientzia magiko bat eskaini zaigu, sentitu dugu Virginia Woolfek horrenbeste maite zuen ulu edo oihartzun sobrenaturala. Eguneroko kontu bat irakurri dugu, Leopold Bloom bat izan zitekeen gizon batena, baina abentura homerikoa izan da, Ulisesena bezalakoa.
Irati Jimenez
2022ko apirilaren 10ean
Mikel Tabernaren «Sakelako harria» (Atarrabiako Pedro saria, 2008) Deabruaren Eskolan irakurgai