Idaztea oso gauza serioa da: ez da soilik denbora eta jakintza behar; indarra ere behar da

Ideologikoki, Aresti nahiko ezagutu nuen eta eragin handia egin zidan. Esango nuke azken aldi honetan Euskal Herriak eman duen pertsonarik humanoena izan dela, zentzurik zabalenean. Berak ez du modu batean edo bestean jokatzen katolikoa delako edo abertzalea delako edo sozialista delako… lehenengo eta behin gizona da.

66an ezagutu zenuen, Eibarren.
Egia esan, Derion geundenean ere ezagutzen genuen, bere artikuluengatik. Itxaroten egoten ginen, ea Arestik zer idatziko zuen eta norekin sartuko zen. Sinpatia handia genion. Baina, bai, pertsonalki Eibarren ezagutu nuen, Juanito San Martinen etxean. Juanito bisitatzera joan nintzen, eta zoriak nahi izan zuen han egotea Gabriel ere. Hirurok batera afaldu genuen; eurak biak gorbatadunak ziren, eta, afaltzen geundela, diskutitzen hasi ziren, oso bero: «la ostia», «cojones» eta horrela. Sekula horrelakorik entzun gabe nengoen gorbatadun bati! Gero harreman handia izan genuen. Gertatu zen emazteak lagun egin zirela, eta horrek asko eragin zuen gure adiskidetasuna indartzeko.

Patxi Bilbao Gernikako epaitegira deitzean 1967an euskal apaizen elkartasun ekintza: Pedro Berrioategortua, Txomin Artetxe, Martin Orbe, Alberto Gabika, Ander Manterola, Jon Onaindia, Agustin Idoiaga, Jose Luis Jauregi eta Emilio Kortabarria besteak beste.

Gaur konpromisoaren ispilutzat hartzen da Aresti. Uste duzu berak zeukan konpromisoa gaurko idazleen artean ere existitzen dela?
Ez dut uste. Badago zintzotasuna edo egiatasuna, hori bai. Horretan, Arestiren pareko egiten da egungo idazle bat ere. Arestik «beti paratuko naiz gizonaren alde» dioenean, egia ari da esaten, baina seguruenik hori baino sakonago doa: ez da soilik klase sozialen borrokan geratzen. Arestik egiazko gizona aipatzen zuenean, baserritar batek ondo ulertuko luke zer esan nahi zuen: zintzoa den gizona, momentua ailegatutakoan portatzen dakiena; uste dut hori zela Arestiren gizona. Ez langilea, langile gisa: langileak, langile izate hutsagatik, ez zeukan aparteko arrazoirik berarentzat. Zentzu horretan, uste dut gaurko idazleak arestiarragoak direla, neurri batean.

Zuri buruz berba egiten denean, beti agertzen zara Arestiren itzalpean. Zelan eramaten da norberak izena izan eta beti inoren izenaren azpian agertze hori?
Ezagutzen dut hori, eta nolabaiteko txirotasuna sentitzen da. Gainera, irakasle lanean ibili naizenez, horrek ordu asko kendu dizkit, eta ez dut izan indar nahikorik beste gauza batzuetan aritzeko. Kontzientzia hori badaukat: txirotasun sentsazio hori; hortxe gelditu izana, behar beste ez hegan egitea. Ez dit aparteko lotsarik ematen, baina hortxe gelditu naiz, eta tira.

1969tik 1972ra bitartean, Anaitasuna aldizkariko zuzendaria izan zinen.
Anaitasunak krisi ekonomikoa zeukan eta, gainera, ez zen gazteengana heltzen. Josu Arenazak deitu zigun, esateko indar berria eman behar zitzaiola, eta nire izena eman zuten zuzendari izateko. Imanol Berriatua zegoen, urteak zeramatzan hor. Hasi ginen bada, eta Imanolek euskara batuaren auzian sartu gintuen. Nik idazten nuen «ekarri dabe», eta argitaratzen zen «ekarri dute»… eta esaten nuen: zer da «ekarri dute»? Imanolek den-dena zuzentzen zuen. Idazteko makinarekin artikulu guztiak pasatzen zituen berriro, dena euskara batuan jartzeko. Letek zioen moduan, «euskara berritua», jokoa eginez Berriatua abizenarekin. Gero joaten zen inprentara eta berriro zuzentzen zuen dena: akatsik gabe eta batasunarekin atera nahi zuen aldizkaria. Aresti eta Mitxelenaren artikuluak ere zuzentzen zituen!

Arestik egiazko gizona aipatzen zuenean, baserritar batek ondo ulertuko luke zer esan nahi zuen: zintzoa den gizona, momentua ailegatutakoan portatzen dakiena; uste dut hori zela Arestiren gizona. Ez langilea, langile gisa: langileak, langile izate hutsagatik, ez zeukan aparteko arrazoirik berarentzat. Zentzu horretan, uste dut gaurko idazleak arestiarragoak direla, neurri batean.

Ilusioz beteriko garaia…
Ikuspegi berria zen, portaera berria: laizismoa, feminismoa, obreroen gauzak, zinema… Buru-belarri sartu ginen, pasio handiarekin. Eztanda izan zen: jende gaztea gure alde jarri zen, bilerak egiten ziren herrietan dirua biltzeko… Inprentatik ateratzen nintzenean, 2.000 ale-edo eramaten nituen gainean, eta iruditzen zitzaidan Le Monde zela hura. Jendeak maná berria balitz bezala hartu zuen, sinesmen handiarekin.

Etsaiak ere izango zenituzten, baina.
Kontrakoek Agur aldizkaria atera zuten, oso modu bortitzean. Iruditzen zitzaien batuaren atzean beste mundu bat zegoela, mundu laikoagoa, obreristagoa, gazteagoa… Bestetik, jende askok uste zuen ETA VI.ekoak ginela, baina ospe hori izan bagenuen ere, ahalegindu ginen harremanak izaten mundu guztiarekin, hau da, euskaltzale, abertzale eta horiekin. Atxiloketa, istilu eta abarrei buruzko albiste gutxi ateratzen genuen aldizkarian, baina ez zen zentsuragatik, baizik eta zuhurtziagatik, besteak ere gainean genituen eta.

Zelan amaitu zen 1972an, desagertu berri den Verdes liburu-dendan hasi zinen lanean.
Urtebete baino ez nuen egin…

Baina urtebete inportantea: Atxaga zugana joan zen Borobila eta puntua antzerki-lana erakustera. Literaturaren munduan sartzeko Atxagak jo zuen lehenengo atea zu izan zinen.
Bai… zuk eta beste batzuek halako inportantzia bat ematen diozue horri, baina ni bitarteko hutsa izan nintzen, besterik ez. Hantxe nengoen, eta eman egin zidan. Gero nik lan horri buruzko informazioa publikatu nuen aldizkarian eta Gabrieli eman nion Atxagaren lana, besterik gabe. (…)

Oraintsu jubilatu zara. Zer eman dizu irakaskuntzak?
Unamuno eskolara zihoanean, maisuak esaten omen zien: «Me vais a matar!», eta Unamunok zioen: «No se daba cuenta de que nosotros le dábamos la vida». Nire kasuan ere horrela da. Ematen dizkizute burukominak ere, baina esperientzia atseginak asko. Banakaren batek baino ez du egiten euskaraz bere borondatez, baina nik ez dut aparteko kezkarik horrekin: ez badute egiten, ez naiz euren atzetik ibiliko. Eurentzat oso gogorra da euskaraz egitea eskolan, beste leku guztietan gaztelaniaz egiten badute; ez da bakarrik hizkuntza bat, sentimendu guztiak baizik.

Kontatzeko duzun guztiarekin, ez zara animatuko zerbait idaztera?
Nik zuek miresten zaituztet, narratzaileak eta poetak; niretzat oso zaila da idaztea, Arestik zioen moduan, «eskritore» moduan. Artikuluxka batzuk egiten ditut noizean behin, baina hori ez da eskritore lana… Inbitazioa eskertzen dizut, baina zaila egiten zait. Indar handia behar da. Une honetan, idaztea oso gauza serioa da: ez da soilik denbora eta jakintza behar; indarra ere behar da.

Anjel Zelaieta

Julen Gabiriaren elkarrizketa Argian, 2006ko urtarrilaren 8an

1918ko Remington idazmakinaren planoa