Mikel Lasaren lehen poema bilduma, arrebarekin batera egin zuena, agorturik zegoen ni euskal poesia irakurtzen hasi nintzenerako. Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zerbitzuei esker, fotokopietan eta nolabaiteko enkuadernazio eta guzti eskuratu nuen. Maite izan nuen liburu hura.
Bertan banengo moduan dut gogoan, Mundakako Talan —Talaya esaten dute beste herri batzutan— larunbatero irakurri izaten nuen liburua, Izaro aurrean. Poema bat eta, aseturik, ardao batzuk portuko tabernetan. Ez dut uste marko hoberik lukeenik liburu horrek, Zarautz neguan edo Paris eurijasaz ezik.
Tamalez, galdu egin nuen fotokopia kuttun hori. Berriro jo nuen Euskaltzaindiara. Nire bigarren edizio pertsonala izan zen. Idaztoharrak egiten nituen, hain zen atsegina papera. Nire arkatza txikitxoa zen, zorrotza, eta Mikelen liburua nire egin nuen, zirriborroen zirriborroz. Tamalez, galdu egin nuen bigarren hau ere. Eta harrezgero ez dut fotokopien premiarik izan. Nik Mikelenganako dudan atxekimenduan ez dakit zer ote den inportanteena. Idazkariarena egokera, hartzen zuen astia, egiten zituen agiriak ala, bestela, bera zen gizon atsegina, literatura hutsezkoa diren zioez gain, esan nahi dut. Zeren literaturaren aldetik bada, bere poemak aurkitzean jakin nuen ahal zela euskaraz poesia hori egin, Arestirena baino poesiago. Hain nuen hurreko ze! Hurrekotasun hori areagotu egiten zitzaidan, egia, Mikelen Mund… ua irakurtzen hasi eta lehenengo lau letretan Mund… aka etortzen zitzai-dalako, ta!, burura.
Mikel Lasaren lehen poema bilduma, arrebarenekin batera egin zuena, agorturik zegoen ni euskal poesia irakurtzen hasi nintzenerako (…), fotokopietan eta nolabaiteko enkuadernazio eta guzti eskuratu nuen. Maite izan nuen liburu hura
Mundua zegoen niretzat Mikelen poemetan. Oraindik ere hortxe dago.
Orain ordea, hitzok idaztean, mun… dua eta mu… tua datozkit. Mikelen olerki gehiagoren bila hasi eta argitaraturik behintzat ez zegoela besterik halaxe jakin nuen. Orduz gero gure Parnaso txiki eta lausenguzko honetan dagoen errazkeriaren aurkako eredu ikusten dut Mikel Lasa. Horrek du garrantzia. Isilik egoteko eskubidea ere badugulako. Bego, horregatio, dagoeneko idatzirikoa. Gehiago egin dezan eska dezakegu, ziur. Baina hobe otoitza isilez egin.
Mundaka, 1992ko azaroaren 3an.
Omar Nabarro
Mikel Lasa: Memory Dump (1960-1990), EHUko Argitalpen Zerbitzua, 1993