Itzulpena ez da komunikazio hutsa, mezuaren aldatze hutsa, itzulpena jenero bat da

Zertan da itzulpengintza? Paper asko beterazi ditu gai honek lengoaiaren filosofoen artean zein euskaldunen artean. Pott 3 aldizkarian «Itzulpena eta traizioaren praktika» deituriko idazlan bat argitaratu zen literatura nazionalaren mitoa salatzen eta euskal literaturaren apologismo berria kritikatzen. Hantxe gogoratzen zen bezala, arras harrigarria da itzulpena literarioen eskasia, izan ere, hamar urte hauetakoak ez dira dozena erdiren bat baino gehiago.

Gainera, itzulpenetaz zer ardura guti izaten den frogatzea oso erraza da. Adibidez, Hordago editorialeak argitaraturiko Tximista sailean (Mark Twain, Lewis Carroll, H.G. Wells, Jack London idazleen obrak omen dira?) ez da itzultzailearen izena aipatu ere egiten. Bestalde, orijinalarekiko begiramena eta abar zer denik ero ez seguru asko.

Baina, arrazoi hautatik at, komeniko litzateke itzulpenaren kontzeptua eta baliotasuna kontuan izatea. Hontaz, Walter Benjaminen azterketetan galdera interesgarri bat aurki daiteke: Hizkuntza orijinalez entelegatzen ez dutenek irakurri ahal dezaten bakarrik egiten al da itzulpena?

Ez, itzulpena ez da komunikazio hutsa, mezuaren aldatze hutsa, itzulpena jenero bat da, hizkuntza biak elkarrengana hurbildu eta itzultzen deneko hizkuntzaren posibilitateak zabaldu egiten ditu.

Eta hau kontuan izanik, zer esan daiteke, bada, Gabriel Arestiren Dekamerone Tipi Bat delako itzulpenaz? Dekameronetik hautaturiko hamabost ipuinen bilduma, lapurtera klasikoa. Ezin daiteke esan fidelegia izan denik orijinalarekiko, hots, irakurle euskaldun posiblearentzako beste zentzu bat du irakurketak. Hemen bai esan dakiokeela ezetz Walter Benjaminen arestiko galderari.

Baina Dekamerone Tipia ere atsegina da, lapurtera klasikoaren kultismo eta xarma dario ipuin guzietan zehar, baina ez du kultismo honek edertasuna deuseztatzen, aitzitik, zentzu berri bat eta irakurketa berri bat posibilitatzen baitu.

Bestalde, Gabriel Arestiren itzulpenari dagokionez, ortografiaren arazoa aipatu behar da, ezen ortografia normalez edo normatiboz argitaratu baita eta ez G. Arestik lehendabizikoz idatzi zuen bezala. Bere beste itzulpen oraindik ineditoa, Lau Quartetto (T.S. Eliot), egina den gisara argitaraturen dela espero dugu. Zeren aski ingratak izan baitziren euskaldunak G. Arestirekiko, Asterixen itzulpena eta bere liburuen salneurriak oroiteraz daitezke, halako aldaketa (traizio) postumoak egiten irauteko.

Joseba Sarrionandia

«Dekamerone ttipi bat», Anaitasunan, 398. zenbakian, 1980ko otsailaren bigarren hamabostaldian

Irudia: Giovanni Boccaccio Raffaello Sanzio Morghenek marraztua