Ahozkotasunera hurbiltzea

Arestik berpizkundearen zentzu historikoa ulertu bazuen eta, berari esker, berak lehenengo aldiz ahozko eta idatzizko literaturen arteko erlazioa kontzienteki eta historikoki birpentsatu bazuen, era berean, 60eko hamarkadan eta Ez dok amairu taldeari esker, eta bereziki Xabier Leteri eta Antton Valverderi, Lizardiren eta Lauaxetaren poesiak idatzi hutsa izatean uzten dio eta poesia performatua, kantatua, bihurtzen da, ordura arte ez zuen entzulego eta tradizio bat eskuratuz eta azkenik, 30 urte beranduago, bere egiazko zentzu historikoa lortuz. Hibridazio honi esker, 1930eko hamarkadako poesiari zentzu eman zion belaunaldi gazteago batek, izan ere 60ko hamarkadaz gero poesia tradizio bezala ulertzen da, Idatzizkoa zein ahoz­koa, eta biak bateratzen dira, tradizio bakar batean, tradizio performa­tu batean: kantaldiek, diskoek eta liburuek osatzen duten espektro performatibo banaezina.

Are gehiago, Orixez gero, idatzizko poesiak ahozkorantz egiten duen bira honi esker, eta Aresti eta Miranderekin abiatuta, objektu ez-erlijioso bat topatzen du gerraondoan; herria, proletalgoa, tradizioa, mitologia, paganismoa, eta abar. Beraz Arestik zein Mirandek beren objektu berria ez dute bakarrik ideologikoki topatzen, ariketa intelektual-politiko baten ondorioz, baizik eta ahozkotasunera hurbiltzearen ondorioz. Bestela esanda poesiaren errepresentazio objektua (proletalgoa, euskal mitologia errurala) euskal subjektu histori­ko subalternoetara hurbiltzen da (langileak, baserritarrak, bertsolariak), komunikazioa eta performantzea ahalbidetuz. 

Joseba Gabilondo

«Euskal poesiaren historia postmoderno baterantz: ahozkotasunaz eta performantzeaz», Egan, 3-4 zenbakia, 2009


Ez dok amairu taldearen Baga, biga, higa sentikariaren kartela