Dei nazazu lolito, lolita izateari sekula utziko ez diozun horrek

Neskutsa ikusi aurretik nuen haren aditzera. Sarriren artikulu eder bat irakurriko nuen. Ezagutu aurretik ezagun izan nuen andrea, umea. Gizonezko lagun batek hartu zuen bere izena. Violet. Urteak eta urteak geroago ikusi nuen filma. New Orleans, 1917. Fantasia bat ematen zuen gero: putetarik baten alaba, txikiena eta handiena: Lolita berri bat aurkezten zigun Louis Mallek.

Garai berean irakurriko nituen Vladimir Nabokov errusiar zuriaren nobela malenkoniatsuena, Lolita, Stanley Kubrickek pantailara eramango zuena eta Jon Miranderen Haur besoetakoa. Lolita, ene biziaren argia, ene barruetako sua, ene pekatua, ene anima. Txikitxoak, ninfula eta lolita hitzak internazionalak dira dagoeneko.

Humbertek bazekien lapitzak zupatzeari utziko ziola Lolitak noizbait. Lore arraro eta iragankorrak direla neska politok. Gero ume-bixajedun gaugaltzaileak bihurtzen direna. Miranderen pertsonaiak ere bazekien, gazte bagina beti!, baina ez, Theresa eta biak bereztu beharko zirela noizbait, batera ito arren.

Hiruren desesperantza eta etsipen berbera seinalatzea, besterik ez zen Sarriren guraria. Ezinezko amodioak ezinezko, ametsak baitira. Platonikoa egi bihur daitekeen arren, bereiztea edo hiltzea ezinbestekoa da. Nahiz erotu beharrean jarri bat. Violet, Theresa, Lolita, Violet, Theresa, Lolita, kastiguan ehun aldiz kopiatu. Mari eta eder, izendaezin horrek, gizon itsusia ez naiz eta dei nazazu lolito, lolita izateari sekula utziko ez diozun horrek.

Jon Arano

«Pretty baby», Euskaldunon Egunkarian, 1992ko urriaren 16an

Pretty Baby filmaren kartela, 1978