Nola jo larrua euskal idazle gazte batekin

2020-09-18

Jo egiozu larrua euskal idazle gazte bati. Fermin Calbeton kaleko edozein tabernatan topa dezakezu, edo Larrabetzuko edozein salmahaitan, edo Kafe Antzokiko edozein kontzertu ezin saihestuzkoren barraren ondoan. Hogeita hamar urte inguruan dituztenen artean aukera ezazu bat. Gazteagoek ezingo dizute edatekorik atera, hain dabiltza diruz larri. Baina berrogeita pikotik gorakoak saihets itzazu: alkohol gehiegi, pilula gehiegi. Hauei ez zaie hain erraz tentetzen. Seme-alabarik dutenak (eta asko dira) bazter itzazu. Zure idazlea ez dadila izan zikinegia ez garbiegia. Errepara iezaiozu orraztu gabearen look-a behar bezala zaindu duela, errepara iezaiezu pastazko betaurrekoei eta belarrietarako zuloa guztiz itxi ote zaion. Horrek asko esango dizu. Pobrea bada, ez dezala cool eman nahi, esaterako, ingelesezko eta batez ere frantsesezko izenak akatsgabe arrotz ahoskatuta. Aberaskumea bada, ez diezazula suminduen gaia atera. Klase ertainekoek hobekien jotzen dute larrua. Ez dadila izan festazaleegia ezta serioegia ere. Ez dezala Artelekun beka bat izan. Ez dadila doktoregaia izan. Ez dadila izan egungo euskal literatura guztia –berak ekoiztutakoa izan ezik– arbuiatzen duenetarikoa, ezta Euskal Literaturaren Urrezko Aroan bizi garela aldarrikatzen duen Pangloss zortzi-abizendun bat ere. Futbola gusta bekio, baina ez gehiegi; pilota ere, baina ez gehiegi. Bere azkeneko bizpahiru argitalpenak ez daitezela haur eta gazte literaturakoak izan. Gazte zirela, Xabier Lete, Ibon Sarasola edo Joxe Azurmendiren antza izan dezala. Baina inola ere ez Bernardo Atxagarena, Koldo Izagirrerena edo nihaurena, gazte ginela. Itsusia bada, onar ezazu noizbehinka irri eginarazten badizu. Baina, hori bai, ez diezazkiola idazle garaikideei buruzko zurrumurruak falta, batez ere sexu alorrekoak. Zure idazlea ederra bada, zorionekotzat jo ezazu zeure burua. Gutxiengo esplikaezin baten eskuetan zaude. Gehienek itsusiak direlako idazten dute. Batez ere saiogileak, baina horiek ez dira kalera apenas ateratzen. Koldo Mitxelenaren zakilaren kopia den dildo batekin gelditzen dira etxean. Poetez ere hobe deus ez esan. Ez zaitez zure idazleaz fida, hala ere, hirugarren edo laugarren tragoarekin batera apaltasun faltsua agertzen duenean. Esango dizu aspaldian ez duela ezer berririk atera, oraindik ez delako garaia. Idaztea bera baino nahiago duela irakurri, Borges edo Sarrionandia aipatuz. Bizitza bizi. Sentsazio berriak pilatu. Ez dela literatur modez arduratzen. Irakurleez ere ez dela arduratzen, haiek inportanteena izanik ere. La Butler aipatuko dizu. Zizek. Literaturak langileekin duen konpromisoaz mintzatuko zaizu. Sukar hura pasatua badu, literatura txikiek aurrejuzkuak gainetik kentzeko nekeaz. Euskal idazlea, gazte badarik ere, erraz nekatzen da guztiaz, hala esateaz ez bada. Niaren orohartzailetasunaz hitz egingo dizu, atseden hartzeko. Sebaldez eta ipuingintza amerikarraz. Buruan edo zirriborroan daukan eleberria, berez, ez dela eleberri bat, baina eleberrigintza hankaz goratuko duela. Ez, hobe, irauliko duela. Darabilen fikzioa eta errealitatea uztartzeko moduaz hasten denean, aukera duzu komunera joateko edo kalera zigarreta bat eskatu eta erretzera. Bizkaiko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, mapa batean Segura non dagoen seinalatu ezingo balizu ere. Iparraldeko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, egon den iparrena Hendaia bada ere. Ondoko mahaiko idazleei destaina egingo die, eta barran daudenei ere. Eta komunera joan berri direnei. Beka edo literatur sariren bat eskuratu dutenez edo erdarara itzuliak izan direnez gaizki esaka ibiliko da. Beraz, mesedez, gaueko une hori iristen denean, inoiz ez, inola ere ez, ezazu ahaztu hor larrua jotzeko zaudela. Ez da hainbesterako. Burua hustu ezazu. Milatik zeroraino zenbatu ezazu. Nire herriko neskatxa maite ahopean ibili ezazu. Ataka txar hori behin pasatuta, zeinean zure idazleak literaturaz baina batez ere bere buruaz hitz egingo dizun, zorionak, bestaldera igaro zara. Gogora ezazu edariak berak ordaintzeko esaten badizu ere, sosik ez duela. Hala ere, zure edaria baino ez ezazu ordaindu. Ez zara Caritas. Idazleak mantentzeaz Elkar Fundazioa eta Etxepare Institutua arduratzen dira.    

Anjel Erro

«Nola jo larrua euskal idazle gazte batekin», Volgako Batelariaken, 2011ko ekainaren 16an

Irudia: James Dean irakurtzen