1981. urtean Irun saria irabazitako ipuina eskuratu genuenean —literatura koadrila-kontua bihurtu baitzitzaigun orduko— titulu luze eta barroko haren atzean Camilo Lizardi erretore… ezkutatzen zen ipuinaren bigarren orrialdean, literaturzaleak ipuinik onenetan espero ohi duen truko jeniala topatu genuen: gipuzkerazko narrazio bat euskara batuzko narrazio nagusian txertaturik, honetako autorea eskutiz-transkribatzailearen konbentzio egiazaleaz baliatzen zelarik. Alegia, literaturzaleak ipuina bera adina eskertzen duen truko ia epistemologiko literarioaz ari naiz.
Hura letu bezain pronto, patente basiko berria aztertzen duen abokatuaren azkartasun beraz, han ipuin bat baino literatur modu bat zegoela konturatu ginen. Horiek horrela, aurrera jo aurretik, koadrilaren ginen plurala alde batera utzi beharko dut hemendik aurrera gogorakizun honetan, hurrengo datozenak nire burutazio eta gogorakizun propioak baitira.
Beraz, hiru urte lehenago autore berak Etiopia plazaratu zuela kontutan harturik, han idazle serio bat zegoela egiaztatu nuen. Alegia, ez bakarrik istorio berriak asmatzen dituztenetakoa baizik eta istorio bakoitzarekin literatur hizkuntza edota modu berri bat sortzen saiatzen direnetakoa, beti ere tradizioari irmoki atxekirik. Gipuzkera txertatuaren trukoa bigarren orrialdean irakurri bezain pronto, gainera, bigarren plazera bat jabetu zitzaidan, izan ere truko on gehienak bezala, hau ere zaharra zen azken batean. Han zegoen ipuin hartan, nolabait hot nonbait izana zen beti, baina Poek tximeneta gainean utzitako eskutitz haren antzera, edota agian hobeto, Bataillek II. Mundu Gerran Bibliotheque Nationalen ezkutatutako Benjaminen eskuizkribuen antzera, inork ere ez zuen lehenago erabili abantaila eta balio literario berak lortuz euskal literaturan.
Idazle guti dira, literatura zabalean, literatur entsegu bakoitzeko truko berri bat prometatzen dutenak; Poe, Borges, Chejov… Gutxi batzuk bakarrik datozkit burura. Izan ere, grina hau grina modernista dugu dudarik gabe. Eta erretrospektiboki edonork onar dezake modernismoa dela esperimenturik menturagarrien, atrebituen eta jenialenen arragoa —baina era berean aspergarrien, lotsagabeen eta inozoenen habi eta gordeleku. Beno modernismoarena eta probintzietako edozein idazle gazterena. Izan ere idazle «probintzialak», marginala izateagatik, edota hizkuntza marginal batean idazteagatik, beste edonor baino azkarragoa izan daitekeela frogatu behar baitu. Atxagak frogatu du. Are gehiago, Atxagaren irakurlegoa ere ipuineroko non plus ultra honetara ohitu da, Indurainen publikoa ere beste maila batean antzeko mekanika batera tour non ultra ohitzen hasi den bezala. Azkenik, Atxaga ere guzti honen kontziente dela ausartuko nintzateke esatera, bere ziklista obabarra lekuko.
Camilo Lizardi plazaratu zen garai haietan, Sarrionandiaren inkurtsio estilistiko, aristokratiko, klasiko, nostalgikoak aparte —bere literatur hizkuntzaz ari naiz— Saizarbitoriaren modernitateak ziren literatur hizkuntzaren kezka nagusi euskal literaturan. Modernitatearen gakoa, aldiz, honetan zetzan: euskara nola modernotu eta, berataz baliaturik, nola jaso hiriaren nuantza modernorik zolienak. Garaian letzen genituen beste idazle gehienak estandar moderno honen arabera letzen eta neurtzen genituen (estandar hau ere Parisen dago, besteekin batera museo berean barneratzerik ez badago ere). Alabaina, modernitatea eta hiria beti ere beste nonbait zeutzan antza (Parisen nouveau romanarekin), eta literatur euskara beti ere modernitatearen azanarioaren atzetik leiatzen zen asto erratua suertatu zitzaigun. Baita Atxagaren Etiopian ere.
Hala, Atxaga beste konponbide ezmoderno bat proposatzen hasi zenean 80ko hamarkadaren hasieran, Camilo Lizardi suertatu zen seguruenik proposamen berri haren lehen mezulari ozen. Euskara berriro ere bere jatorrizko ingurune historikora berrekartzea proposatu zuen Atxagak, bertatik ahal zena eginez abiatzeko, bortxadurarik gabe. Harrez gero Atxagak idatzi duen literatur euskara ez da besterik izan: Obaba deritzon herrixka euskaldun arketipikoan hitzegiten den hizkera. Edota tituluan iradokitzen saiatzen izan naizen bezala, Atxagak euskalki berri bat eraiki du: bere literatura bizi den herrixka utopikoan hitzegiten den euskalkia, obabera.
Norbaitek argudiatuko du Hamburgon edota Amazonasen gertatzen diren ekintzak euskaraz eman dizkigula Atxagak eta, beraz, bere literatur euskara ez dela hain lokala (Obaba, obabera) unibertsala baizik. Alabaina Hollywoodeko filmeetan afrikar eta indioei gazteleraz hitzegiten entzun diegunok, gaztelerazko konbentzio honetan hazi garenok hain zuzen, badakigu hizkuntzak izugarri bortxatu behar direla unibertsal bihurtu aurretik. Atxagaren kasuan obabarrek, hamburgarrek eta amazoniarrek euskara beta hitzegiten digute oraindik: obabera.
Atxagak modernitatearen kamino nagusia alde batera utzi du eta herrixka tipietako euskararen bidezidor pragmatikoa hartu du ordez, euskal literatur hizkuntzaren helmugara zuzenean iritsiz.
Camilo Lizardik frogatzen duen bezala, obaberaren sorrera Gipuzkoan dago: Atxagaren etxean eta Asteasuko Agirreren tratatuen artean hedatzen den euskara lokal horretan. Bi anai bezalako titulu anti-a-organikoak honen froga sinboliko baina ez dira. Atxagaren euskara batua eta euskara literarioaren artean aukeratu behar duenean literatur euskara hobesten du beti dudarik gabe, bait baitaki bere lanen irakurlea literatur irakurle dela, ez ohizko euskal filologo-detektibea.
Gainera, euskara honek demaseko abantailak dituela frogatu digu Atxagak. Obabera ez da koinerik —euskara batu modernoa bezala—. Obaberaren erro gipuzkoar garbiak honen lekuko dira. Erro hauetatik abiaturik, Atxagak errekurtsu literariotan aberats den literatur hizkuntza bat sortu digu: arkaismoak bereganatuz, anglisizmoak ezarriz, animaliei hitza emanez, Mintzoa sortuz, diskurtsu mota baten barnean beste mota bateko diskurtsu eta narrazioak txertatuz eta abar. Alegia Atxagak buruaskia den literatur euskara aberatsa, konplexua, dimentsio ugarikoa eta sinesgarria —literatur bezala— sortarazi du.
Alabaina Camilo Lizardirekin hasi zen hizkuntza obabar hau —izan ere euskal hizkuntza idatzi guztiak erretore, apaiz edota abaderen batekin hasi baitira— ez da bakarrik euskalki berri bat, baizik eta lehen euskal literatur hizkuntza autonomo eta buruaskia.
Horretako, Atxagak euskararen batasuna eta normalizazioa aurresuposatzen dituen literatur hizkuntza modernoaren ideiala alde batera utzi du. Modernitateak gora-behera, Atxagak lehentasuna eman dio literatur hizkuntza bat sortaraztearen beharrari. Herrixka tipi bateko euskalkia bilakaraziz, Atxagak lortu du literatur hizkuntza bat euskal tradizioan lehenengo aldiz. Berriro diot: Atxagak modernitatearen kamino nagusia alde batera utzi du eta herrixka tipietako euskararen bidezidor pragmatikoa hartu du ordez, euskal literatur hizkuntzaren helmugara zuzenean iritsiz.
Atxagak, hala, fruitu umo bat eta, era berean, arazo latz bat utzi dizkigu: euskal hizkuntz literario baten sorkuntza eta bere kutsu erruralista.
Kutsu erruralista diodanean, baina, nik-neuk neorruralismoaz mintzatzea nahiago nuke, izendapena zilegi badakit. Zeren neorruralismoarena ez da Atxagaren hizkuntzaren ezaugarri hutsa; 80ko hamarkadaren ezaugarri nagusienetako bat genuke. Bertsolaritzaren gorakada berria (Negu Gorrien bertsio rapak barne), PNV/EAJen indarketa eta ezker ilustratuaren gainbehera, trikitiaren gorakada, herri kirolena, komedia tradizionalaren itzulpena Ama begira zazu…, Orixeren birreskurapena eta abar luze bat, ez litzateke zaila izango esplikatzea neorruralismoaren izendapenean bateraturik.
Apostulari porrokatu garen aldetik zera apostu egingo nuke nik neuk: neorruralismoaren mugatasunak gainditzearen entseguek izango dutela literatur garrantzirik handiena 90eko hamarkadan.
Atxagak irakatsi digu literatur hizkuntza bat —euskal literaturan lehena— eraikitzeko metodoa eta aplikazioa. Jakina, literatur hizkuntzarik aberatsen eta ekonomikoena sortu digu Atxagak: euskal herri tipi batekoa, obabera. Hala, berriro ere lehengo arazoarekin geratu gara, oraingoan arazoari modernitatearen uztarria ezartzen komenigarri ez baderitzot ere —izan ere uztarria azanario bihurtzen baita—. Alegia, galdera probokagarri gisa ezarri nahiko nuke arazo hau: esate baterako, obababarrek/obabarrok zein hizkuntza hitzegingo lukete/genuke Bilbora bizitzera joango balira/bagina? Izan ere Bilboko yuppien eta junkien bizitzaz ez dago obaberaz idazterik.
Zatopek Obaban eta Iraultza Obaban bezalako izenburuak ikusi izan ditut iragarririk Pamielako eta beste argitaletxe bateko Datozen liburu berriak zerrendatan. Ez dira inoiz atera baina nik esango nuke zerbaiten zeinu direla: Atxaga ere arazo edo mugatasun honen jabe da. Apostulari porrokatu garen aldetik zera apostu egingo nuke nik neuk: neorruralismoaren mugatasunak gainditzearen entseguek izango dutela literatur garrantzirik handiena 90eko hamarkadan.
Dena den, mugatasun hauek gainditzeko neorruralismotik bertatik abiatu beharko dugu, izan ere 80ko hamarkadak hauxe eman digu eta ez dugu besterik. Obabera da euskal literaturaren euskalkia. Tradizio berriena gaitzetsi eta bordatik behera botatzeko luxu kultura hegemoniko handiek bakarrik dute. Guri-geuri dugun guztia ez zaigu aski.
Bakoitzari berea: Atxagak markatu du 80ko hamarkadaren literatur pultsua; literatur irakurketarik gozagarrien eta azkarrenak berak eman dizkigu, Camilo Lizardirekin hasi zen literatur abentura paregabe harrez gero.
Joseba Gabilondo
«Obabakoak», Hegats, 8. zenbakia, 1994ko urtarrila