Euskal idazlerik ia-ia ez zegoelako, eta beharbada beren hasierako ahalegina gogorarazten genielako, laguntza handia eman ziguten

Donostiako EUTGn euskal filologiako ikasketak egiten eman zenituen urteak, 1977tik 1982ra artekoak, «bereziak» izan zirela diozu liburuan. Haiek markatu zuten, neurri handi batean, zure geroko ibilbidea.

Ni orduan Elgoibartik Donostiara etorri nintzen ikastera, jende asko ezagutu nuen, garai politikoa ere berezia zen. Urteak pasata, normalean, bizitza monotonia batean sartzen da, baina aurretik, urte haietan, dena berria iruditzen zitzaidan: maitemintzea, lagunak ezagutzea, literatura, politika Liluragarria zen guztia. Lehengusu batek animatu ninduen Euskal Filologia ikastera, Donostian; gero tertulia bat egitea bilatu nuen, inor ezagutzen ez nuen hiri batean bizi nintzelako; Josu Landa ezagutu nuen, oso pertsona ausarta, adore emailea, ni ez bezalakoa eta, horregatik, gauzak egiteko falta zitzaidan eta behar nuen pare-pareko osagarria.

Susa aldizkariaren sorreran parte hartu zenuen. Gero argitaletxea ere sortu zuen talde hark. Zure oraingo ikuspegitik begiratuta, zer ekarpen egin dio Susak euskal literaturari?

Nik Susaren lehen zenbakietan hartu nuen parte, eta orduan uste nuen hiru, lau edo bost bat zenbakietako kontua baino ez zela izango. Bigarren zenbakia atera eta gero, erdi-desagertu egin zen, eta Oh! Euzkadikoek —Koldo Izagirrek, Ramon Etxezarretak eta Ramon Saizarbitoriak— deitu zidatenean, haiekin elkartzea erabaki nuen. Horregatik, alde batetik gertuegi sentitzen naiz, eta bestetik urrunegi, galderari erantzuteko. Baina, dudarik gabe, euskal literatura berriaren plataforma izan da Susa. Gazteentzat beti da zaila bidea. Adibidez, Saizarbitoriak, Izagirrek eta horiek, hasi zirenean, beren lanak argitaratu ahal izateko beren plataforma sortu behar izan zuten, Lur argitaletxea, beren diruarekin. Susa gure belaunaldikoentzat ez ezik gero etorri ziren belaunaldientzat ere oso plataforma garrantzitsua izan da.

Aurreko belaunaldietako idazle batzuei (Luis Haranburu Altuna, Joxe Mari Aranalde, Mikel Atxaga…) asko kostatu zitzaien idazle berrien lana onartzea, liburuan kontatzen duzunaren arabera.

Baina izan ziren gu baino idazle zaharragoak, gu oso ondo hartu gintuztenak: Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Ramon Etxezarreta, Joxe Azurmendi, Joan Mari Torrealdai. Euskara eta euskal literatura asko maite zutelako, garai hartan euskal idazlerik ia-ia ez zegoelako, eta beharbada beren hasierako ahalegina gogorarazten genielako, laguntza handia eman ziguten. Esperantza bat ginen haientzat, jarraipen bat ziurtatzen genuen.

Egungo idazleentzat «mass mediak maneiatzen jakiteak» garrantzi handia duela diozu. «Bernardo Atxaga aitzindaria izan zen horretan ere eta azken belaunaldiko idazle gazte askok oso ongi ikasia dute haren lezio mediatikoa».

Nik uste dut oso jarrera posmodernoa dela nork bere obra saltzearena hain modu lotsagabean, eta lotsagabean diodanean ez diot zentzu peioratiboz. Gure artean nahiko berria zen jarrera hori. Atxagak garbi ikusi zuen literaturatik biziko bazen ez zuela beste biderik, Etiopia bezalako liburuekin —berak behin esan zuen bezala— ez zihoala inora. Guk ez genuen inora joan nahi, eta gaizki iruditzen zitzaigun gure liburuak promozionatzea, sinatzera joatea eta abar. Atxagak guk baino lehenago ikusi zuen merkatua garrantzitsua zela idazle izateko. Hala ere, ez nago ados Atxagarekin dioenean salmentetan kopuru jakin batera iristen ez dena ez dela idazle gisa jaio. Idazle asko izan dira liburu gutxi saldu dutenak.

Euskal idazleen artean, eta batez ere euskal idazle gazteen artean, lehenengoetakoa izan zinen ETAren aurka agertzen. Arazorik izan zenuen horren ondorioz?

Nik gaizki gogoratzen ez badut, Susakook ez geunden beste batzuk bezain politizatuta, eta, beharbada, horrek bazuen zerikusia literatura asko gustatzearekin. Gure mundua literatura zen. Denok ginen abertzaleak, independentistak eta ezkertiarrak, baina ez genion aparteko garrantzirik ematen horri. Josu Landa, Iñaki Uria, Eneko Olasagasti, Xabier Montoia, Mikel Antza. Gure bileretan ez genuen sekula politikaz hitz egin, eta gure artean ere… gutxi edo batere ez. Mikel Antzaren kasuari begiratuz gero, nire irudipena da Joseba Sarrionandiari kartzelatik ihes egiten lagundu zionean ez zuela erakundearen alde jokatu, miresten zuen idazlearen alde baizik, eta gerora sartu zela erakundean.

Mikel Hernandez Abaitua

Juan Luis Zabalaren elkarrizketa, Berrian, 2010eko abenduaren 28an

Irudia: Ezkerretik eskuinera Andres Alberdi, Hasier Etxeberria, Esteban Antxustegi, Mikel Hernandez Abaitua eta Gotzon Garate