Ezlekuko leihoak unibertsora zabaltzen

Gizatxarrak baino gehiago gizapobreak, pobreak esan nahi duenarekin, kontraesan artean eta pobre bizi gara, hori izaten da askotan gure espiritu nekatuaren inpresioa, bere burua ikusteko euskal kulturak daukan modua. Zergatik izan nahi dugu garen baino pobreagoak?, egiten digu poetak aldarri mende berriaren ataritik. Kultura ez al da unibertsala? Egin dezagun mundua gure etxe eta hiri. Izan bedi gure poza Petrarca, poeta erbeste luzeak mindua –«erbestean ernea naiz ni»–, munstro abertzalea bera ere, eta aitzindaria. Gure pena Césaire, bere arrazaren mendetako exilio antillarra kantatzen. Gure poza eta pena Senghor («Masques! O masques!»), Aresti, Lizardi, Atxaga, Sarrionandia. Poesiak ez digu puskailetan dagoen etxea birreraikiko. Eramangarriagoa eginen digu, hala ere, gure patua. Zertxo garen gu geu irakatsiko digu (denak bezala); zenbat edertasun eta libertate daukagun, ordea, eskura. Etxea eta mundua, mundua eta hiria, dena bat. Gure txikitasunean ere, Petrarca, Hölderlin, Wittgenstein, gure sutondoan daudela sentituko dugu, Lizardi, Aresti, Atxaga, Sarrirekin batera. Berrizbeitia edo Arregi Diaz-Herediako bat, Otamendi/Aranbarri, Cano/Uribe, Euskal Herri gaztea munduarekin solas etengabean eta mundua gurekin. Militantzia guztien aurka orain Aranzadi milenaristak alegatzen digun Anakreonte hori bera. Gure hiri txikian mundua egonen da gurekin dialogoan. Gu kuestionatzeko, bai. Eta indartzeko ere gure kontraesanetan, gure barne hausturan. Egia baita kaos bat garela, kaos batean bizi garela. Ez garela izan nahi duguna (baina ez garen horrek ere egiten gaitu –gure porrotek adina gure ametsek!). Egia baita globalizazio eta unibertsaltasun diskurtso gehienak espainolismoaren tranpak baizik ez direla, onenean ere anbiguoak. Baina gutxienez anbiguoak badirela, zer demonio, eta hori ez dela beti txarra, mozorro eta ilusio batzuk erantzi eta ispiluan geure burua biluzik ikusteko. Zeren eta ez baita gezurra beti zertxobait antigualduak gabiltzala, modernoak izan nahita; mito txotxolo asko daukagula buruan eta aurreiritzi txaldan askok jaten digula burua; gure eskolak ez direla onak, hizkuntzak ez direla behar adina estudiatzen Euskal Herrian; inoiz ez garela iristen behar genukeen bezain unibertsalki eta globalki Wittgenstein, Hölderlin, Petrarca pentsatzera eta sentitzera; Césaire, Senghor, geureganatzera. Askotan erortzen garela probintziakerian eta auzokerian (auzoaren auzokerian ere bai, haren unibertsaltasunean baino maizago). Inoiz ez dugula diferentzia eta identitatearen nahi genukeen oreka lortzen. Eta zer? Borrokan ez jarraitzeko arrazoiak ote dira horiek, ala are gehiago jarraitzekoak?

Dena da problema. Soluzioa poetak ez daki. Bakarrik, ispiluak irakurtzen ditu. Ispiluak idazten ditu. Bere ezlekuko leihoak unibertsora zabaltzen ditu. Kanpora adina, barnera. Geu garentxora, gure mila kontraesanetan. Geu izan nahian. Eta ezaguna da herri txikietan, kanpoko leihoak zabalduz gero, «unibertsaltasun» haize bortitzek airean paperezko nortasun asko eraman izan dutela, zilarrezko mana eta urrezko eztia erruz omen darien urrutiko erregearen jardinetarantz. Baina poetak ez du horregatik etxeko leihoak unibertsora zabaltzea utziko, ezordu eta ezleku mortuotan arnasa berria sar dadin, itsaso eta mendiko herri honetan, etxean geratu diren munstro abertzale eta ber denboran unibertsal guztientzat. Kontraesan artean, baina tinko.

Bere burua normal deklaratua daukan mundu anormal honetan, izan gaitezen, bada, munstro. 

Joxe Azurmendi

«Mestizajea, multikulturalismoa», Ignazio Aiestaranen Munstro abertzalea liburuari sarrera, Elkar, 2003

Irudia: Euskal kioskoa 1980ko hamarkadan. Jose Luis Callejaren argazkia.