Zenbat arrazoi, zenbat indar irriaren aurka

Bertsolari onak asko izan dira. Oso onak, ez hainbeste. Jenialak, bakanak. Bat, Xalbador. Maiz irakurri dut gizon «apala» zela. Ez dakit! Maite zaituztet orainik? Txistuen ondoren, hark ezin zuen hori benetan sentitu. Haren urguilu minduak irteera jeniala eman zion egoerari, eta ondorengo saioari.

Batzuek diote Xalbador «poeta» zela, haren bertso-maila goratu guran. Beste batzuek, haren maila beheratu guran. Hobe da bera entzun dezagun, final jada mitiko hartako ale harrigarri askotariko batzuetan. Txistuen aurretik: «Biok senar-emaztegai gazteak zarete, baina pobreak izaki, ezin zarete ezkondu». Xalbador neskak honela bukatzen du saioa:

Halere elgar ikus zakegu
guk goxoki bekoz beko
ez izan arren jateko zerbait
eta nahikoa soineko
Diruaren zai gelditzen gera
bera etortzen deneko.
Artean biak arkitzen gera
maitasunaren meneko.

Elegantzia, indarra, edertasuna. Bakarka:

«Bi bertso irriari». Hona bigarrena, txistuen aurreko azkena:

Irria beti ez ditaikela
bihotz barnetikan egin
gogorik balin ez bada ere 
hori egin daike berdin.
Nahiz irria gezurra izan
eta berari eman min
bederen beti eginen dautzu
bere inguruan atsegin. 

Zenbat arrazoi, zenbat indar irriaren aurka. Hala ere, «beti inguruan atsegin». Mirakulu bat! Txistuen ondoren, puntu bat:

Zerraldoan dijoanak “gero arte” dio:
Zure esanak, Alfontso, jarri nau serio.
Jendea tristatzen da hau dela medio
sortzeak hiltzea du beti ondorio.

Bakarka: «Zergatik negar egiten dute haurrek, jaiotzean?».

Hirugarren bertsoa:

Haurtxoa sortu den ordurako
heltzen dio negarrari.
Bera pozetan balin bada’re lanbide horri da ari.
Zeren Jainkoak bere jaiotzan
errana dion haurrari gure mundu hau tristea dela
benetako negargarri.

Nolako indarra dagoen hor, seguruenik, txistuen eraginez. Eta zenbat halako ale egun hartan, eta bizitza osoan!

Xabier Amuriza

«Xalbador 100 urte», Elkar aldizkarian 61. zenbakian, 2019ko udazkenean

Fernando Aire Xalbador 1967ko uztailaren 11n Anoetako Frontoian egindako
Bertsolari Txapelketan. Paco Maríren argazkia, Marin Funtsa. Kutxa Fototeka