«Susara» ebidenteegia iruditu zitzaigun, eta orduan nik «Susa» proposatu nien

Hirugarren ikasturtean geundela, 1979ko urrian, gure biilera haietako batean benetako aldizkari bat egin behar genuela esan zuen Josuk. Erotuta zegoela esan nion enegarren aldiz. Nondik aterako genuen dirua? Bilatuko genuela moduren bat. Urte hartan atera zen Oh! Euzkadi aldizkariaren «0» zenbakia, orri handi bat, triptiko moduan tolestua eta orri txikiago bat barruan zuena (1980ko maiatzean aterako zen benetako lehen alea aldizkari formatu estandarrean). Diseinua ederra zen. Ustela aldizkaria ere ezagutzen genuen, Ustela argitaletxean harpidetzerakoan erregalatu baitzizkiguten bi ale (Ramon Etxezarreta eta Josetxo Lizartza gelaz gela ibili ziren EUTGn harpidetzak lortu nahian; ondo gogoratzen ditut gure ikasmahaien gainean eserita aurrez aurre guri hitz egiten). Gero Josu Pott izeneko beste aldizkari batzuk hasi zen ekartzen. Haiek guztiak ikusi eta esan nion guk ez genuela horrelakorik egiteko dirurik ezta kalitate literariorik ere. Baina alferrik. Nola edo hala lortuko zuen gu denak abentura hartan sartzea.

Joxe Azurmendiren laguntzaz errektorearengana jo genuen, José Antonio Obieta Chalbaud garai hartan, baina ezer lortu gabe. Joxe Azurmendi oso haserretu zen errektorearekin. Joxe oso gizon flematikoa da eta bi aldiz baino ez dut ikusi hain haserre. Orduan lehenengoz, eta Mikel Azurmendik telebistako programa batean «arrazista» deitu zionean bigarrenez.

Ez genuen batere dirurik, baina Josuk kalkulu guztiak egin zituen, eta esan zuen «fantzine» moduan offsetez ateraz gero, fotokopiak baino merkeagoa zelako (fotokopiak garai hartan nahiko garestiak ziren), hamar mila pezeta aski izango zirela eta unibertsitateari eskatuko genizkiola. Joxe Azurmendiren laguntzaz errektorearengana jo genuen, José Antonio Obieta Chalbaud garai hartan, baina ezer lortu gabe. Joxe Azurmendi oso haserretu zen errektorearekin. Joxe oso gizon flematikoa da eta bi aldiz baino ez dut ikusi hain haserre. Orduan lehenengoz, eta Mikel Azurmendik telebistako programa batean «arrazista» deitu zionean bigarrenez. Euskal kulturaren egoera kaskarrean literatur aldizkaritxo bat atera nahi zuen gazte talde bat sasoi hartan aurkitzea mirakulua iruditu zitzaion Joxe Azurmendiri (ziur aski ]akin aldizkariaren hasieran bera eta bere lagunak izan ziren idazle-taldea gogoratu genion, hortik konplizitatea), eta Obieta erdaldun hark hura ez ulertzeak sutan jarri zuen. Oso tipo desatsegina zen Obieta, eta oso atzerakoia, aurrekoa ez bezalakoa (Juan Plazaola historialaria, Juanolo ikasleontzat). Pello Zubiriaren haserre bizia ere gogoratzen dut (Historia ikasten ari zen bertan) errektorearen bulegora joan ginenean asanblada bat egiteko baimena eskatzeko asmoz, Obietak paraninfoa ez zigulako ireki nahi izan. Aurreko errektorearekin ez zitzaigun inoiz gertatu. Irakasle batzuk gure asanbladetara etorri ohi ziren, eta ikasleek bezala parte hartzen zuten (Txuma Lasagabaster, José Ramón Zubiaur, Txillardegi, Falcón Ormazabal eta abar gogoratzen ditut). Giroa, orokorrean, oso aurrerakoia zen jesuiten unibertsitatea izan arren. Geroago (luze gabe dirudienez) nabarmen aldatu zen.

Nemesio Etxanizen «Susa», 1978ko maiatzaren 9ko Jakinen

Ez dakit nondik atera genuen dirua azkenean. Denon artean jarriko genuen agian, edo jesuitek emango ziguten zer edo zer azkenean (eta horregatik jarriko zuen Josu Landak gure unibertsitatearen helbidea atzeko aldean: E.U.T.G. Paseo de Mundaiz S/N DONOSTIA). Josu Landa zen benetako zuzendaria inork izendatu gabe (inork baino lan gehiago egiten zuelako), eta jende mordoxka bat inplikatzea lortu zuen. Lehenengoetakoa Iñaki Uria, aurreko kurtsoan zegoena. Mikel Albisu ere kaptatu genuen (Mikel Antza, «Anza» sinatzen zuena oraino, bere hirugarren edo laugarren abizena), Itziar Gillenearen ahizparen mutila zelako, eta Kike Amonarriz, Tere lrastortza (oraino Teresita Irastorza sinatzen zuen neskatxa bat), Pablo Sastre («Erbi» goitizenez sinatu zuena), Xabier Aizpurua («Haitzak»), Ana Oiarbide eta beste batzuk. Hala ere izen gutxi iruditu zitzaizkigulako, Josuk eta biok zenbait testu, itzulpenen bat eta Krutwigi egindako elkarrizketa ezizen ugariz sinatu genituen (Mikel Goxoki, Egunsenti eta horrela; lehen zenbaki hartan erabili nuen lehen aldiz Hz. Abaitua deitura laburtua, zeinarengatik Hatxezeta deitzen hasi baitzitzaizkidan denak, eta oraindik ere horrela deitzen didate orduko lagun askok) edo sinatu gabe utzi (sarrera gisa lehen orrialderako idatzi nuen poema adibidez), talde handiago baten itxura emateko. Elkarrizketa izan zen dibertigarriena. Iñaki Uriaren ideia izan zela uste dut. lñaki Zarautzekoa da eta Krutwig han bizi zen orduan. Nik ez nuen joan nahi, Josuk eta Iñakik goizez joateko esan zutelako eta eskola-orduak galduko nituelako horrela. Nahiko ikasle zintzoa hasia nintzen izaten, lehen aldiz ene bizitzan, azkenean aurkitu nuelako benetan atsegin zitzaidan zerbait. Ikusten denez, segapoto samarra ere banintzen. Euskal idazle historiko bat ezagutzeko aukera ukan eta profitatu nahi ez izatea ere. Baina Josuk eta lñakik behartu egin ninduten, aldizkariaren alde oso gutxi egiten nuela aurpegiratuz. Bere «roman» luzea erakutsi zigun Krutwigek, bederatzi bat tomo lapurtera klasikoz idazmakinaz izkiriatuak eta ongi koadernatuta. Haranburu Altunak batzuk argitaratu zizkion, baina ez guztiak, oker ez banago. Pasarte batzuk irakurri zizkigun eta oraindik entzun dezaket ene belarrietan haren ahots hieratikoa, hala nola arnasa hartzean ateratzen zuen soinua. Gauza asko esan zizkigun, euskaldunok orokorrean oso jeboak ginela esaterako, edo kalean zehar jogging egiten ikusten ziren pertsonak (garai hartan moda berria) zein ergelak ziren, ziur baitzegoen gorputza bai baina burua ez zutela batere lantzen.

Susa aldizkariaren lehen alearen azala

Aldizkaria bataiatzeko bilera «jendetsu bat» (hamabi bat lagun) antolatu genuen Jin Garridoren aitaren tabeman (poema-liburuaren marrazkiak Josu Landari egin zizkiona; berak egin zituen gure aldizkariaren lehen aleko marrazkiak ere), Donostiako Egia auzoan. Ez dakit bar horrek irekita irauten duen. Berrogeita hamarretik gora izen mahairatu ziren baina bat ere ez zitzaigun gustatu. Orduan nik behin galdetu nion hitz batez gogoratu zen Xabier Aizpurua. Nemesio Etxanizen poema erotiko baten izenburua zen: «Susara». Gaur ez dirudi oso izen egokia literatur aldizkari baterako, baina punk tankerako fantzineen eraginpean bizi ginela oroitu behar da. Hala ere, «Susara» ebidenteegia iruditu zitzaigun, eta orduan nik «Susa» proposatu nien. Jende guztiak baietz esan zuen segituan, baina Josu ez zegoen batere konbentzituta, euskaraz «susa» ezer ez zelako. Aldizkaria aterata ere kezkaturik ibili zen bolada batez izen dontsuarekin. Egun hatean lasaiago etorri zitzaidan, Juan Mari Lekuonarekin hitz egin zuelako eta honek esan ziolako leku askotan «susaa» esaten zutela, eta azken «a» hori ere ez zela oso luzea euskalki batzuetan. Gainera, laster idoro zuen lrango hiri exotiko baten izena ere bazela (Frantziako mugatik gertu dagoen ipar Italiako herrixka baten izena da halaber). Harrezkero zeharo lasaitu zen izenari zegokionez. Oso detailezalea zen Josu argitalpen kontuetarako. Adibidez, lehen zenbakia atera genuenean (Amara Berriko Imen inprimategian), ni gertu bizi nintzela-eta, azken momentuan makinaz bandatxo bat idazteko eskatu zidan Josuk lehen zenbakiaren azalean jartzeko, barruan Krutwigen elkarrizketa zegoela iragartzeko, hori baitzen aldizkarian zegoen interesgarriena. Ez zitzaizkidan oso letra txukunak atera (gaizki tekleatu, trakets ezabatu, eta berriro gainean baldar idatzi bainituen) eta sutan jarri zen hura argitaratuta ikusi zuenean. Berak maitasun handia jarri zuen emaitza txiro hartan eta niri ez zitzaidala gehiegi axola konturatu zen bat-batean.

Artikulu eta liburu batzuetan lehen zenbakia 1980an agertu zela irakurri izan dut, baina ez da egia. Nik oraindik gordetzen dudan alean «79, Abenduak 18» daukat jarrita, inprimategitik egun horretan atera genuelako eta egun horretatik aurrera Gabonetako oporrak baino lehen saldu genituelako lehen aleak unibertsitateko lagunen artean, baina ez dendetan. Hala ere Herri lrratiraino iritsi bide zen ale bat auskalo nork bidalia, zeren halako batean, irratia halabeharrez entzuten ari nintzela, ohean etzanda, nire ipuin bat irakurri zutela entzun bainuen zeharo txundituta. 

Mikel Hernandez Abaitua

Azukre xehea gatz larria, Alberdania, 2010

Irudia: Mikel Hernandez Abaitua mendian haurrei Victor Jararen kanta bat jotzen. Mikel Hernandez Abaituaren funtsa

Aipatutako aldizkari eta lanak sarean:

Ustela aldizkariaren hiru aleak Literatur Aldizkarien Gordailuan

Oh! Euzkadi aldizkariaren 0 edo lehen alea Literatur Aldizkarien Gordailuan

Susa aldizkariaren 0 edo lehen alea Literatur Aldizkarien Gordailuan

Nemesio Etxanizen «Susa» artikulua eta poema 1978ko maiatzaren 9ko Jakin aldizkarian Jakinen webgunean