Liburu txarrek, edozeinek, irakurleak uxatzen ditu eta, modu berean, liburu onek irakurleak sortzen

Literaturan hasiberriak ginela, euskal literaturarako zer izan zitekeen hobe eztabaidatzen genuen, Nobel saridun bat izatea edo erdipurdiko idazle-talde joria. Zer nolakoa da euskal literaturaren sistema 30 urte geroago?

Nolabaiteko sistema literario bat dugu, lehen ez bezala, aje ugarikoa noski, baina gure inguruko sistema literarioekin alderagarria. Nobel saridunik izateak ez dit batere axola. Okzitanierakoek izan zuten, aspaldi, eta horrek ez zien mesede handirik egin. Nork nahiko luke Camilo Jose Celak irabazitako sari bat, gainera?

Euskal literaturak ez du inoiz dirurik emanen?

Idazleei ez behintzat, edo, hobeto esateko, idazle gehienei ez behintzat.

Duela urte batzuk Euskadi Sariaren aurkako ekimen bat egon zen euskal idazleen artean, Utikan! deiturikoa. Oker ez banago, ez zenuen parte hartu, eta gainera saria eskuratu zenuen Euskal Hiria Sutan liburuarekin. Azalduko al didazu zein den zure iritzia Euskadi Sariez eta oro har literatura sariketez?

Hala da. Puntu gehientsuekin ados nengoen arren, ez sinatzea erabaki nuen, eta ondoren ikusiak ikusita, gero eta kontentago nago sinatu ez izanaz. Euskadi Sariez dudan iritzia azaldu baino lehen, utz egidazu sariez, oro har, dudana azaltzen. Saria ematen duenak, edozein sari, ez soilik literatur sariak, bere buruari eman ohi dio. Publizitatea lortzen du bere enpresa edo erakunderako, sos batzuen truke, eta, gainera, kulturaren bultzatzaile agertzen da. Horixe gertatzen da Euskadi Sarian ere. Gainera, orain, niri eman zidatenean ez bezala, idazleak berak aurkeztu behar du bere liburua sariketara.

Zenbat gara? 1.700, 10.000, 40.000, 150.000, 800.000? Kezkatzen al zaitu euskarazko literatura irensten duen irakurle kopuruak? Eta zure irakurleen kopuruak? Ba al duzu harremanik irakurleekin?

Gauza horietako batzuek kezkatzen naute, baina ez oso, egia esan. Benetan axola didana testuaren egokitasuna da, haren kalitatea. Horrek ematen dizkit buruhausterik handienak. Nire irakurle batzuk ezagutzen ditut, noski, eta esan behar dut begirune osoz jokatu dutela beti nirekin, ni haiekin jokatzen saiatu naizen gisan.

Argitaratzea merezi ez duen literatur liburu askotxo argitaratzen al da euskaraz? Hala bada, ez al zaizu iruditzen horrek jadanik urriak diren euskal irakurle saiatuak uxatzen dituela?

Argitaratzea merezi ez duten liburuak literatura eta kultura guztietan argitaratzen dira. Gurean ere bai, bistan da. Liburu txarrek, edozeinek, irakurleak uxatzen ditu eta, modu berean, liburu onek irakurleak sortzen. Baina, noski, liburu on bat argitaratzeko, txar asko idatzi beharra dago. Kalitatea kantitatetik dator. Edonon.

Euskal Idazleen Elkarteko bazkide al zara? Zergatik?

Ez naiz bazkide. Zergatik? Ezin esan. Antolatzeari beharrezko irizten badiot ere, sindikatuez eta horien antzeko erakundeez dudan iritzia ez da oso ona eta, segur aski, horregatik ez dut inoiz sindikatzeko beharrik sentitu. (…) 

Nonbait irakurri dut euskaraz literatura ona irakurtzeko itzulpenetara jo behar dela.

Ez bakarrik itzulpenetara, bada-eta euskaraz sortutako makina bat liburu eder. Hala ere, euskaraz ez duguna da Gauaren azken muturrerainoko bidaia, Istoriorik goibelena edo Adimenaren mugetan mailako nobelarik, itzulita ez bada, behinik behin. Probestu dezagun.

Xabier Montoia

Mikel Antzaren elkarrizketa, Argian, 2014ko maiatzaren 25ean

Irudia: Louis-Ferdinand Célineren erretratua Meudonen 1955. urte inguruan