Beharbada, hemendik ehun urtera, esaten zuen Virginia Woolfek, beharbada orduan Shakespeare emakumezko bat izango da

Zergatik da etxea aitarena eta hizkuntza amarena?

Patriarkatuaren estankoak dira baina ez hain estankoak ere. Arestik «aitaren etxea» esan zuenean gauza konkretu bat zeukan buruan: Bilboko Sabin Etxeari buruz ari zen, alderdiaren sortzaileaz ari da, gizona dago ariketa poetikoaren atzean. Baina euskaldunok askotan esaten dugu «amaren etxera» goazela eta ez «aitaren etxera» edo «gurasoen etxera», «padres» esaten den moduan gaztelaniaz.

Euskara ama hizkuntza izateari dagokionez… hor daukagu euskararen magia propioaren adibide zoragarria. Hizkuntza esnea bezala datorkigula adierazten digu, edoskitzean hartzen dugula, nolabait. Ezagutzen ditudan beste hizkuntzetan ez da horrela. Abantaila handia da guretzat, erraztu egiten digu Virginia Wolfek esan zuena egitea.

Euskara ama hizkuntza izateari dagokionez… hor daukagu euskararen magia propioaren adibide zoragarria. Hizkuntza esnea bezala datorkigula adierazten digu, edoskitzean hartzen dugula, nolabait.

Gela bat norberarena idatzi zuenean, Wolfek emakumeen literaturaz hitz egin nahi zuen eta horretarako modu literario apasionantea sortu zuen: saiakera akademizisten mugak hautsi zituen, fikzioaren bidez eta alegoria literarioen bidez. Saiakeraren oinarrian zegoen gauzetariko bat zera zen, behin esan ziola norbaitek emakumeok ez dugula inoiz izan Shakespeare izan zenaren parekorik. Ez dela Shakespeare emakumezko bat egon. Bere erantzuna izan zen Shakespeare bera ere bakarra izan zela munduan, eta garai hartan ez zela posible emakumezko Shakespeare bat egotea. Horretarako, Shakespeareren arreba posible batek ze bizitza eramango zuen aztertzen du eta zenbat oztopo izango zituen, bere ustezko nebak ez zituenak. Esan nahi zuen emakumeon sormena gaur dagoen lekuraino iristeko baldintza ekonomiko eta sozial jakin batzuk izan behar izan ditugula. «Beharbada, hemendik ehun urtera —esaten zuen Virginia Woolfek—, beharbada orduan Shakespeare emakumezko bat izango da». Denborarekin, baldintza egokiekin batek daki ze loraldi sor litekeen emakumeon literaturan. Horretarako bere ustez emakumeok geure idazteko modu propioa landu behar dugu, geure lengoaia izan, gizonena imitatu gabe. Amaren hizkuntzan/lengoaian idazteko aholkatu zigun, besteak beste, Jean Austenek egin zuen moduan.

Esaten zuen emakumezko idazleok amarekin egon garela, emakumeen artean egon garela, hor gertatu direla gauza asko kontatu gabe daudenak, emakumeei interesatuko zaizkienak eta gizon askori ere bai, seguru. Idazle handi batek buru androginoa behar zela uste zuen, baina abiapuntua, guretzat, emakumeontzat, amaren hizkuntza literaturara ekartzea zela.

Irati Jimenez

Ana Urkizaren elkarrizketa Garen hori: Tradizioaren eta etorkizunaren artean libururako (Elkar, 2021)

Virginia Woolf, Vanessa Bellen margoa, 1912 urte ingurukoa.
Henrietta Garnett, National Trust Charles Thomas