Bigarren mailako hiru euskaldun gentozen Mauletik Bilbaora, automobil izeneko katxarro zahar batean. Leihatilletako kristal zikinetatik zehar, euskal zazpi probintzietako ikuspegiak iragaten ziren agudo; gaua zen, eta gau iluna (izarreztatua, baina batere ilargirik gabekoa). Lambroa noizean behin, portuetan zarrazoia, eta ene bihotzean mingostasun bortitz bat. Gartzelaxka mehar hartan sarturik, ez genituen geure buruak bular-barreneko gartzela meharragoan hertsi nahi, eta nor bere buruaz mintzatzen hasi zen. Gainerako guztiak kanpora atera eta ederki aireztatu ondoren, geure euskal esperientziez mintzatzen hasi ginen.
Ez dakit egiazko bigarren mailakoak garen; guri behintzat ez zaiku horrela iruditzen. Euskaldun berriak primerako euskaldunak izateko gara; zeren amaren ditietatik esnearekin batera (esne on nahiz esne xarrarekin batera) euskera edoski eta hartu (heredatu) dutenek, zer meritu dute? Euskaldun jaiotzea kasualidade bat da, berdin jaio bailiteke erdaldun, eskimal, satero edo sagu-xar. Baina guk euskalduntasuna hautatu dugu; eta irabazi dugu. Euskera gurea da, geure bekokiko izerdiarekin irabazi dugu. Gu euskaldunak gara, eta ez kasualidade bategatik, gure borondatearen hautaera libre eta neketsu bategatik baizik.
Hain itxuroso eta korrontoso euskeraz mintzatzen bakarrik urte-betean ikasi zuela esan zeukunean, bioi atera zitzaikun, arimaren zolatik aldarri sentitu hau: «Baina, hi munstro bat haiz!».
Baina, dena den bezainbatean, eta zein-nahi izan dadin gure maila, duda batere ez dago maila berezi batekoak garela masoneri-antzeko gorputz bat osatzen dugula; bi edo hiru euskaldun berri elkarrekin juntatzen garenean, berehala hasten gatzaizkio elkarri kontatzen zein izan diren gure gaiztasunak, zerekin egin dugun ostopo, zeren kontra behaztopatu garen, zein bide izan diren eroso eta zein nekoso, eta abar, eta abar. Batzutan gerra luze bateko gudurik amorratuenean soldadu-kide egon zirenen, edo eskola gogorregi batean hainbeste urtetan ikas-kide egon zirenen antza ematen dugu.
Bertan genbiltzanok, hirurak ginen adin diferentetakoak, nor bere mendearen hamarren desberdinean zegoen. Ni, zaharren hau, jadanik Kristoren eta Danteren edadearen ukondoa doblaturik, neure laugarren hamarrenean nengoen. Bigarrena, ezkon-berria, bere hirugarrenean. Eta hirugarrena, mutil oso gaztea, oraindik biloaren itzala nekez agertzen zitzaiola musuaren larruan, bere bigarren hamarrena ardibitu-berri zegoen. Nik neure neke guztiak kontatu nizkien, denbora bateko maisu-falta, euskal liburuen eskastea eta eskastasuna, euskal intolerantziaren izugarriaren izugarria (intolerantzia horrek bere azken arnasak ematen ditu orain); eta beste mila zehaztasun nekagarri, zeinbat ikasi behar ukan nuen gero desikasi eta ahazteko… Neugandik bigarrenari hamar urte zihoazkion; bera hasi zeneko, hamar urteko eboluzioa gertatu zen euskal jendartean, baina ez hain funtsezkoa, ez hain sakona, eta haren gaiztasunak apurragoak izan baziren ere, gaitz-xamarrak izan ziren haek ere. Eta hirugarrena bere bideak kontatzen hasi zeneko, ez genuen kontuan hartu zer eboluzio behin-eta-betikoa gertatu den Euskalerrian, gure mende honetan 60-tik 70-era iragan den hamarrenean; eta orduan, hain itxuroso eta korrontoso euskeraz mintzatzen bakarrik urte-betean ikasi zuela esan zeukunean, bioi atera zitzaikun, arimaren zolatik aldarri sentitu hau:
«Baina, hi munstro bat haiz!».
Urte-betean! Eta gurekin barra-barra mintzatzen egon zen bi egunetan; dialekto guztietako mintzatzaileekin egon zen gure aurrean mintzatzen batere gaiztasunik gabe. Esate baterako, zuberotar baserritarrekin hobeki entenitu eta konpondu zen Gipuzkoako euskaldun zahar (eta xit zahar!) guztiak baino.

Eta oro, gaurko euskaldun berriok asmatu dugun euskera «berri» honi eskerrak. Euskera «batu» honi eskerrak, antzinateko iturburuetatik eta herriaren ahotik edan dugun hizkera noble, trebe eta aberats honi eskerrak.
Eta orduan, gorputzeko begiak hertsi eta arimakoak zabaldu nituen, eta neure barrenean amets gozoak kulunkatu nituen. Eta hainbestetan profetizatu dudan etorkizuneko Euskal Herri zoriontsu harek gorputz bat hartzen zuen. Laredotik Ejeara eta Oloroetik Beloradora gure euskera orokar eta bateratu hau urte-betean ikasitako mutil galant eta neska ponpoxez populatulako lur bat ikusi nuen.
Hasi nintzen kontatzen; Munstro bat, bi munstro… bi milloi munstro, denak ene lagun Andolin Eguskitza mutil gaztearen fedearekin eta nobleziarekin.
Eta behingotz, zoriontsu sentitu nintzen ni ere.
Gabriel Aresti
«Munstro bat, bi munstro!», Anaitasunan, 190. zenbakian, 1970eko azaroan
